astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

ekonomia

Barazkien uzta, izoztuta

Joxerra Senar

Barazkien uzta, izoztuta

Azken egunetan tenperaturek gora egin badute ere, ez da hain azkar desagertu aurreko asteetako hotzak Nafarroa hegoaldeko lur sailetan eragindako kaltea. Hotzak eta izotzak ezohikotik gutxi dute neguan, baina, abenduko zein urtarril hasierako giroarekin alderatuta, tenperatura bat-batean jaitsi izanak hainbat barazki biltzea eragotzi du. Orburuak, azaloreak, brokoliak eta, neurri apalagoan, beste labore batzuk hondatu ditu hotzak. Uzta izoztuta gelditu da, hurrengo bilketaren zain.

Izotzak baino gehiago, bat-bateko tenperatura aldaketak egin du min, Joaquin Garnikak azaldu duenez. Agronekazaritzako Teknologiaren eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko (Intia) teknikaria da Garnika. «Negua negu denean, landareak tenperatura hotzetara egokitzen dira, eta, aurreko asteetan bezala, zero azpitik sei graduko tenperaturak datozenean, prestatuago daude», azaldu du. Haatik, oraingoan udazkena zein negu hasiera epela izan dira, eta, neguan izotza izateko aukera handia denez, etorri denean «min handiagoa» egin du, «landareak ez baitira hotzaren aurrean prestatu».

Garnikaren hitzetan, kaltea txikia izan da udazken amaieran ereiten diren laboreen artean: garia, garagarra, koltza edo ilarrak. «Baldintza epelen eraginez, landareak irteten ari ziren, eta hotzak atzekoz aurrera harrapatu ditu, baina ez dago zertan kezkatu».

Beste kontu bat dira neguko barazkiak. Adibidez, orburuak. «Egoera nahiko drastikoa da», laburbildu du Guillermo Agorreta Fontellaseko ekoizle eta Tuterako Orburuak jatorri izeneko kontseiluko lehendakariak. Begirada tristea zuzendu dio bere lur sailari. Egunotan, orburuak biltzen egon behar luke, baina izotzak barruko egitura hondatu du, eta kanpoko hostoak belztu ditu. «Orburuak erabilezin geratu dira».

Ez da kasu bakarra. Haren esanetan, makina bat lur sailek kalte handia dute: «Esango nuke lur sailen %80 kaltetuak daudela, eta horien artean eragin maila desberdinak daudela. Beste %20ei ere eragin die, baina horiek azkarrago berreskuratu ahalko dute».

920 hektarea Nafarroan

Arrakasta handiko barazkia da orburua. Guztira, ia 3.000 tona bildu ziren Nafarroan, iazko uztan: 1.907 tona elikagai freskoen merkaturako izan ziren, eta gainerakoa industriari saldu zieten kontserbarako. Labore horrek ez du malgutasunik, eta behartzen du lur sailean hainbat urtez produktu bera lantzera. Hala ere, kontsumitzaileen erantzun onak nekazari ugari animatu ditu. Aurreko kanpainan, landatutako hektareak %33 handitu ziren Erriberan, eta aurtengo kanpainarako are perspektiba hobea zegoen: 920 hektarea daude, aurreko urtean baino %23 gehiago.

Orburua udan erein ohi da, eta, udazkena iritsitakoan, produkzioaren zati batek hazten jarraitzen duen bitartean, beste baten hazkundea gerarazi egiten du laborariak, bilketa atzeratzeko asmoz. Hala, Agorretaren esanetan, uzta mailakatu egiten da, eta udazken amaieratik udaberri erdialdera iraun dezake.

Kanpainaren unerik gorenetako batean etorri da kaltea, eta bete-betean eragin dio. Orburuek tenperatura hotzak behar dituzte hazteko, baina arriskutsua da hain segidan izotza egitea. «Orburu batzuk kalte handia dute, eta ezin dira erabili. Beste batzuk kanpotik belztuta daude, baina ez dio zaporeari eragiten, eta ez dute kalitate arazorik. Beste tokietakoa baino bigunagoa da oraindik ere».

Hala ere, kanpaina oraindik ez da amaitu, eta ekoizleek egoerari buelta ematea espero dute. Intiako Joaquin Garnikaren arabera, otsailaren amaiera aldera edo martxoaren hasieran espero dute hurrengo bilketa hastea. «Aurretik hazkundea geldotua zuen landarea hilabete barru hasiko da fruitua ematen». Azken asteetan kaltea jasan duten orburu landareak, berriz, «bi hilabete edo bi hilabete eta erdi barru» has daitezke fruitua ematen.

Aseguruak izan daitezke eguraldiak eragindako gorabeheretatik babesteko leku bat emateko berme ekonomikoa. «Izotzak ez dira ezohiko ezer, baina ezohikoa dena da lehenago arrisku hori bere gain hartzen zuen asegurua genuela, eta orain ez», kexu da Agorreta. Aseguruok izenpetzeko diru laguntza publikoak egon ohi dira. Hala ere, haren esanetan, garestiak dira oraindik, eta «duela bizpahiru urtetik» konpainiak abendu eta otsail arteko izotzak ez ditu bere gain hartzen. «Ilogikoa da, baina ez dugu beste alternatibarik enpresa bakarra baitago. Nahi badugu, kontratatzen dugu, eta, bestela, ez». Haren esanetan, Nafarroako Gobernua eta aseguru konpainia biltzera deitu dituzte, baina egoera «geldirik» dago oraingoz.

Brokoliek ere kalte larriak

Orburuek ez ezik, brokoliek ere «kalte larriak» jasan dituzte. Garnikaren arabera, hotz egin duen aste horietan bildu edo biltzear ziren fruituari eragin dio: «Merkatuari begira, produktuak erabat garbi egon behar du, eta izotzak batzuetan ez du ezer egiten, baina besteetan markatzen du, eta merkatuak ez du halakorik onartzen», azaldu du.

Halere, Nafarroako ekoizle gehienek industriari saltzen diote brokolia, eta kaltea arintzeko modua badute laborariek. Batetik, brokolia zatitu daitekeelako: «Balio ez duena kendu egiten da, eta industriari kalitateko produktua aurkezten zaio. Elikagai freskoen merkatuan, ezin duzu halakorik egin», zehaztu du Garnikak.

Bestetik, ekoizleek kanpaina osorako kontratuak hitzartzen dituzte elikagai enpresekin. Horietako bat da UAGN nekazari sindikatuko Alvaro Zirauki: «Kontratu finkoak dira, eta egonkortasuna ematen digute. Oraingoa bezalako egoeretan, merkatuan prezioak igo direnean eskuak lotuak ditugu. Aitzitik, prezioak erortzen direnean, produktua ziurtatuta duzu, kontratua duzulako». Hori da paradoxa. Izotzak kalte egin arren, onik atera den produktua garestiago sal dezake laborariak, Espainia hego-ekialdean gertatutakoak prezioak igoarazi dituelako.

Ziraukiren arabera, hotzak Erriberako produkzioaren %25 inguru hondatu du. «Honek geldialdi bat eragin du, baina kanpaina urriaren 15 aldera hasten da, eta otsailaren erdialdera amai daiteke». Aurreko kanpainan, Nafarroan 72. 240 tona brokoli bildu ziren, baina helmuga nagusia industria izan ohi da.«Dena den, nekazari batzuk bere kabuz doaz, eta elikagai freskoen merkaturako ekoizten dute».

Garnikaren arabera, izotzak azalorea ere malurtu du. «Hotzak hostoak hondatu ditu, eta hosto horiek azalorea loditzen amaitzen lagundu ohi dute. Orain, loditzea kostatuko zaienez, laborariek hobe dute biltzea, txikiago bada ere. Azalore bat eginda dagoenean, lur sailean hondatu besterik ez daiteke egin». Garnikak gaineratu duenez, kanpainak apirila amaiera arte irauten du, eta orain hosto horiek berrosatzea izango dute helburu nekazariek

Dena den, EHNE sindikatuko Juan Carlos Espinosak nabarmendu du azalorea «nahiko ondo» saldu dela, Calahorra (Errioxa) inguruan izandako izurrite baten ondorioz. «Eskari baino eskaintza gehiago zegoen, eta ez dugu nabaritu aldaketa handirik. Prezioek ondo eutsi diote». Egoera orokorra ikusirik, haren ustez, ohiz kanpokoa batik bat Espainiako hego-ekialdeko elurte eta izotzak izan dira. «Han izan duten egoera klimatologikoa ez da batere normala, eta horrek eskaintza eta eskaria desorekatu ditu».

Karduen kasuan, goi Erriberan eta Nafarroa erdialdean ekoitzi ohi dira, eta hotzak min txikiagoa egin die: «Jipoi apur bat hartu dute. Garai honetan, lotuak izan ohi dituzte zuritzeko asmoz, baina babestuago dago. Ez du hainbat kalte jasan», azaldu du Garnikak.

Barazkiak zatitu daitezkeen heinean, industriak ez du eraginik nabaritu. Consebro Nafarroa, Aragoi eta Errioxako elikagai industriaren elkartearen arabera, ez dago alarma egoerarik: «Gaur egun, brokoli, kardu, apio, porru, zerba, orburuekin egiten dugu lan. Batzuk, orburuak esaterako, izotzaren aurrean hauskorragoak dira, baina izotzaren eragina ez da nabarmentzekoa».

BERRIAn argitaratua (2017/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA