astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

bizigiro

Bioeraikuntza etxean da

Gorka Berasategi Otamendi

Bioeraikuntza etxean da

Nork irudikatuko zituen eleberri edo pelikula futuristetan XXI. mendeko etxeak lastoz, buztinez eta egurrez eginak? Bada, aurrerapen teknologikoek frogatu dute zein onura dituen etxebizitzak material natural eta ez-toxikoekin eraikitzeak, bai erabiltzaileen bizi kalitatean eta bai ingurumenaren zaintzan. Bioeraikuntzak material naturalen erabileran oinarritzen du bere jarduna, eta haren helburua da eraikinetan barne giro osasuntsua lortzea, eraginkortasun energetikoa handitzea eta aztarna ekologiko ahalik eta murritzena uztea.

«Elikaduran bezala, eraikuntzan ere tokiko materialak eta material naturala erabiltzea da egokiena», azaldu du Nagore Tolosak, Oreka estudioko arkitektoak. «Lastoa eta lurra erabiltzen dugu asko».

Material toxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak saihestea da material naturalen aldeko hautuaren arrazoietako bat, baina ez bakarra. «Lastoak fardeletan dimentsio handia du, eta oso ondo isolatzen du. Isolatzeaz gain, inertzia termikoa ere behar da. Hau da, beroa ondo gordetzea. Etxea berotzen duzunean, paretek bero hori hartzen dute eta giroa hozten denean, bero hori bueltatu egien dute». Paretak bero izateak airearen tenperaturan eta hezetasun mailan eragin zuzena duela azaldu du Tolosak, eta, ondorioz, baita osasunean ere.

Unai Grijalba etxea egiten ari da, Igorren (Bizkaia), Oreka estudioko kideen laguntzarekin. Etxearen egitura egurrezkoa da, kanpoko paretak lastozko fardelez eginak daude, eta zimenduak hormigoi armatuz egin ditu. «Lastoak onartzen ditu beste material batzuk. Paretak lurrez eta karez estali ditut isolamendua hobetzeko». Berotze sistema biomasa bidezkoa izango da, eta argindarra eguzki plaketatik lortuko du. Euri ura bilduko du ureztatze lanetarako.

«Isolamenduaren abantailak konbentzitu ninduen. Era berean, asko gustatzen zait naturatik zuzenean ateratako materialak erabiltzea», adierazi du Grijalbak. Pozik dago diseinuan irizpide bioklimatikoak ere txertatu dituelako.

Euskal Herrian hainbat dira, Grijalbak egin bezala, etxeak edo bestelako eraikinak altxatu dituztenak material naturalak erabiliz eta bioeraikuntzaren oinarriak kontuan hartuta. Etxebizitza arruntez gain, Elorrion (Bizkaia) lastoa eta egurra erabili zuten haur eskola eraikitzeko, Oreka estudioaren laguntzarekin. Estudio berak gidatu zuen Gamiz-Fikan (Bizkaia) lastoz eginiko nekazaritza pabiloi baten eraikuntza. Barañaingo Udalak (Nafarroa) ere lastoa erabili zuen Gaztelekua altxatzeko.

Euskal Herrian bioeraikuntzaren adibide garbienetako bat izan daiteke Soraluzeko (Gipuzkoa) Azaliatxo etxea. Baserri berritua da, eta gazte talde batek egin ditu berritze lan guztiak. «Lasto fardelekin berritu genuen. Saiatu gara ahalik eta material garbienak erabiltzen: artilea barrualdea isolatzeko, lastoa hormetan, egurra egitura eta lurretan, buztina eta karea hormak estaltzeko... Gainerakoan, leihoak eta hodiak birziklatu ditugu», argitu du Irati Trebiño, Azaliatxoko bizilagun eta eraikitzaileetako batek. «Etxe osasuntsu bat eraikitzen ahalegindu gara, bai han bizi garenontzako eta bai inguruarentzako».

Oier Zubizarreta ere Azaliatxon bizi da, eta proiektuaren asmoak azaldu ditu. «Gure ideia eta bizimoduarekin bat zetorren proiektu bat gauzatu nahi genuen. Horrek taldean bizitzera eraman gaitu, mendirantz jotzera eta etxea berriztatzeko aukera izan genuenean bioeraikuntza izan zen guretzat aukera posible bakarra. Etxea talde proiektu baten parte da, baina proiektuak askoz zabalagoa izan nahi du».

Azaliatxoko baserriaren egitura bereziaz gain, ura arazteko sistema ekologikoa garatu dute, zizare eta landareen bidez.

Lanaren emaitzarekin oso gustura daude Zubizarreta eta Trebiño. «Oso etxe atsegina da eta, batez ere, epela». Eraikuntza lanak haien gain hartu izanari esker, asko ikasi dutela ziurtatu dute. «Eraikuntzaz, harremanez, taldeaz, gatazkez... Proiektua egingarria da, noski. Guk egin badugu besteek ere egin dezakete. Gauza batzuk kontuan hartu behar dira. Proiektuari eta lanei neurria hartzen jakin, asko hitz egin eta pazientzia landu. Aurretik gauzak ondo pentsatzeak asko errazten du ondorengo lana. Gogo eta borondate handia behar dira, baina txarto egiteari beldurra kendu behar zaio. Ekin eta joango dira gauzak ateratzen!».

Errotzeko, araudia behar

Bioeraikuntzaren printzipioetan oinarrituta etxeak eraikitzen dituztenen kopurua gorakada doa, nahiz eta Euskal Herrian ere aspaldiko kontua den. «Baserriak eraikitzen ziren garaikoa baino bioeraikuntza handiagorik ez dago. Bertako materialekin egiten zuten lan», adierazi du Hodei Zenikaonandia Urak Bide tokiko arkitektura taldeko kide eta udal aholkulariak.

Hala ere, jabe eta arkitekto profesional konprometituetatik harago, bioeraikuntzak zailtasun handiak dituela deritzo, esperientzia interesgarri bakanetatik ohiko eraikuntzetara jauzi egiteko. Legedia nabarmendu du. «[Bioeraikuntza] arautegian txertatu behar da. Eraikitzaileak egingo du araudiak ezartzen diona. Hori ikusi da energia eraginkortasunaren kontuarekin. 2006tik aurrera, Eraikuntza Kode Teknikoak asko gogortu zituen baldintzak eta horiek bete egiten dira eraikin guztietan».

Bioeraikuntza ehuneko ehunean aplikatzea posible ez dela ohartarazi du Zenikaonandiak. Irizpideen betetzea trantsizio moduan ulertu beharra dago, haren esanetan, eta, beraz, edozein egoeratan aplikatu daiteke, neurri batean. «Orain dugun erronka eraikin zaharren eta hiriguneetako alde zaharren eraberritzea da».

BERRIAn argitaratua (2017/02/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA