astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

gizartea

Genero identitatearen kolore guztiak, arbelera

Ion Orzaiz

Genero identitatearen kolore guztiak, arbelera

June 10 urteko neskatoa da. Gustuko ditu Matematikak eta Literatura. Eta zakila du. Haritzek 8 urte ditu. Nota onak ateratzen ditu Ingelesa eta Euskara ikasgaietan. Bulba duen mutila da. Transexualitate egoeran dira biak ala biak. Prozesu mingarria izan daiteke hori neska eta mutil askorentzat, eta, duela gutxira arte, babesleku baino gehiago, oztopo bihurtzen ziren ikastetxeak eta erakunde publikoak, transexualitatea patologia bihurtuta.

Egoera, baina, aldatzen hasia da, pixkanaka, kalean nahiz instituzioetan. Hain zuzen, genero nortasunaren pluraltasunari erantzuteko, adingabe guztien eskubideak bermatzeko eta jazarpen kasuak eragozteko xedez, Transexualitate Kasuetarako Hezkuntzako Protokoloa aurkeztu zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Atala hasia da jada egitasmoa aplikatzen hainbat ikastetxetan.

Lau ataletan banatu dute protokoloa: transexualitate egoerak identifikatzea eta komunikatzea, ikastetxean hartu beharreko antolaketa neurriak, prestakuntzako plan integrala, eta balizko diskriminazio eta jazarpen kasuetan egin beharrekoak. «Oro har, transexualitate egoeran diren pertsonak babestea da protokoloaren xede nagusia, beste ezeren gainetik», azaldu zuen atzo Hezkuntza Departamentuko zuzendari Roberto Perez Elorzak, egitasmoaren aurkezpen ekitaldian.

Bi bidetatik jar daiteke martxan protokoloa: batetik, gurasoek euren seme-alabaren transexualitate egoeraren berri ematen badute; eta, bestetik, ikastetxeko irakasle, tutore edo beste langileren batek egoera identifikatzen badu. Edonola ere, transexualitatean aditua den sexologo batengana joko du zentroko zuzendaritzak. Profesional horrek bilerak eginen ditu gurasoekin eta ikaslearen tutoreekin, eta, kasuaren lehen balorazio bat egin ostean, «prozedura zein den azalduko die gurasoei, aukera guztiak mahai gainean jarrita».

Formakuntza ere eskainiko die sexologoak gurasoei nahiz ikastetxeko irakasle eta langileei. «Ezinbestekoa da planteamendu integrala egitea, neska-mutilen inguruko guztiak berdintasunean hezteko: ikaskideak, irakasleak, ikastetxeko langileak eta gurasoak», azaldu du Perezek.

Elkarlana eta prestakuntza

Elkarlanean ondutako plana da atzo aurkeztutakoa. Oinarrian du pertsona transexualen eskubideei buruzko foru legea; zehazki, lege horren lehen kapitulua: Transexualitatearen trataera hezkuntza sisteman. Hezkuntza Departamentuarekin batera, testua ontzeko bileretan izan dira Berdintasunaren Nafarroako Institutuko, Gizarte Zerbitzuetako eta Chrysallis elkarteko ordezkariak.

Edurne Koch da protokolo berria diseinatzeaz arduratu zenetako bat. Transexualitate egoeran den neska baten ama da Koch, eta Chrysallis Euskal Herria elkartearen sorreran ere parte hartu zuen, duela bi urte: «2015ean elkartea sortu genuenetik, geure seme-alabak islatuko zituzten ipuinen eta ikasmaterialen beharra nabaritu genuen». Orduantxe hasi ziren transexualitateari buruzko eskola materiala sortzen. Horrez gain, ordea, ikastetxeetan plangintza eta jarraibide zehatzak ezartzearen beharraz jabetu ziren une horretan. Nafarroako Gobernuarekin hainbat bilera egin ostean, lehen zirriborro bat adostu, eta zenbait ikastetxetan aplikatzen hasi ziren iaz.

«Oso pozik gaude emaitzarekin», onartu du Hezkuntza Departamentuko zuzendariak: «Frogatu dugu protokolo aurreratua eta eraginkorra dela». Kochen irudiko ere, «oso positiboa» izan zen iazko esperientzia: «Kasu bakoitzak ezaugarri propioak ditu, pertsona guztiak ezberdinak garelako. Sozializazio prozesua ez da berbera izanen 5 urteko neska-mutilekin edo 12 urtekoekin. Nerabeen kasuan, auzia konplikatuagoa izan ohi da, transexualitate egoeran daudenek urteak daramatzatelako sufrimendu hori pairatzen. Adin horietan, gainera, ohikoagoa da jazarpena edota bullying-aren gisako fenomenoak azaleratzea. Baina egoera zail horietan ere, protokoloaren lehen emaitzak positiboak direla esan dezakegu jada».

Nafarroa ez da, ordea, gisa horretako egitasmo bat onartzen duen lehen herrialdea. Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, iaz onartu zuten Ikasle Transei edo Genero Portaera EzNormatiboa Dutenei eta Haien Familiei Laguntzeko protokoloa, eta, puntu gehienetan, oso antzekoak dira bi testuak. Nafarroakoak, ordea, badu berritasun bat: formakuntza integralari ematen dion garrantzia. Chrysallis elkarteko ordezkariaren ustez, protokolo berria «aitzindari» bihurtzen du horrek: «Familien formakuntza lehentasunezko gaia da arau berri honetan. Zergatik? Gurasoek errealitate hau ulertzen ez badute, haurrek eskolan jasotako heziketari ez diotelako jarraipenik emango. 'Ama, neska batzuek zakila dutela esan didate eskolan' kontatuko du haurrak etxean, eta hori gertatzen denean, garrantzitsua da gurasoek ere bat egitea, eta ikasitakoa ez ukatzea».

Gurasoek, eskolako lagunek nahiz irakasleek jasotako prestakuntzari esker, transexualitate egoeran diren neska-mutilen sozializazio prozesua «askoz samurragoa» dela nabarmendu du Kochek. Eta emaitzak oso argiak dira: «Nik ikusi ditudan kasuetan, etxean nahiz kanpoan, aldea izugarria da. Sozializazioa egin aurretik, ume horiek izan ditzaketen portaera arazoak desagertu egiten dira; lasaitu handia hartzen dute eta izugarrizko poztasuna nabaritzen dute. Loratu egiten direla esanen nuke».

BERRIAn argitaratua (2017/02/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA