astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

politika

Nork pizten zuen sua?

Hodei Iruretagoiena

Nork pizten zuen sua?

Euskal Herrira, 1970eko hamarkadaren erdialdean hasi zen heroina sartzen. Datu ofizialen arabera, 1980ko hamarkadaren hasierarako Hego Euskal Herrian 10.000 heroinazaletik gora zeuden, egunero hartzen zutenak; batez beste, Bartzelona inguruan zeudenen bikoitza. Eta askoz gehiago ziren noizean behingo kontsumitzaileak. Europako polizia tasarik handienetakoa zuen herrialdean, 1980koa da Espainiako Poliziak harrapatutako heroina kopuruaren lehen datua: 368 gramo, urte osoan. Justo Arriola: «Ez dakit zehatz zenbat, baina, agian, bost kilo kontsumitzen ziren egunean». Nabarmenegia egiten zaio aldea.

Datu horiek, eta datuak baino gehiago, bildu ditu Justo Arriolak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1966) Txalapartarekin ateratako A los pies del caballo. Narcotráfico, heroína y contrainsurgencia en Euskal Herria liburuan (Zaldiaren hankapean. Narkotrafikoa, heroina eta kontrainsurgentzia Euskal Herrian). Juan Carlos Uso historialariarekin sarean eztabaidan hasi, eta hark animatu zuen liburua idaztera. Arriola: «Esaten zuen motibazio politikorik ez zegoela; poliziak-eta sartuta ibiliko zirela, baina diruagatik bakarrik».

Elgoibar inguruko jendearekin hitz egiteaz gain, batez ere Interneten, liburuetan eta egunkari eta aldizkarietan zegoen informazioa bildu du Arriolak: «Ikusi nuen halako lan bat falta zela, ebidentziak jasoko zituena».

AEBetatik Elgoibarrera

Gaiari ikuspegi historikoa emanez ekin dio Arriolak liburuari, heroinaren erabilera salatu duten mugimendu politikoen kasuak aipatuz: Pantera Beltzak, Italiako mugimendu autonomoa, Bartzelona inguruko libertarioak... Euskal Herriko kasuan, Espainiako Estatuko aparatuen erantzukizunaren neurria erakusteko datuak eman nahi izan ditu: polizia eta mertzenarioen inplikazioa, ustelkeria politikoa, hedabideen zeregina, gerra zikinarekin izan zuten lotura...

Horrekin batera, besteak beste, ETAk, HBk eta bestelako mugimendu batzuek hartu zuten jarrera ere jaso du, heroinarekin ibilitakoen testigantzekin batera. Baita hainbat guraso talderen eta droga menpekotasuna landu zuten hainbat elkarteren lana ere. Kronika pertsonalagoa da azken kapitulua, garai hartan Elgoibarren bizi izandakoari buruzkoa.

Heroina kontsumoaren ondorioz hildakoen datu zehatzik ez dago. Adibidez, Osakidetzaren 2008ko txosten baten arabera, 5.549 hies kasu izan ziren EAEn; horietatik, 3.135 lagun hil ziren. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako ikerketek diote hiesa zuten pertsonen %75-80 inguruk droga hartzen zutela zainetatik. Beste ehunka gazte hil ziren gaindosien edo droga faltsutzeen ondorioz.

Adibide ugari daude estatuaren eta narkotrafikoaren harremanei buruzkoak. Horietako bat baino ez da Osman Sabri trafikatzaile turkiarrarena. Hala adierazi zion Egin-i, kartzelatik: «Astero hamabost kilo heroina garraiatzen nituen Bilbotik Donostiara doan autobideko leku batera. Kaleko jantzitako guardia zibil batek gidatzen zuen autoa, beste batek bidea irekitzen zigun bitartean [...] Guardia zibilari galdetu nionean zein zen bidalketa masibo horren xedea, argi esan zidan: 'Euskal gazteria zigortzea ETA babesteagatik'». Sabriri ez zioen inoiz dekaraziorik ere hartu.

BERRIAn argitaratua (2017/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA