astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

mundua

STUART DONALDSON

«Eskoziarren ahotsa entzun ezean, bigarren erreferenduma dator»

Asier Arrate Iruskieta

«Eskoziarren ahotsa entzun ezean, bigarren erreferenduma dator»

Mendebaldeko Aberdeengo ordezkaria da Stuart Donaldson (Aberdeen, 1991) Erresuma Batuko parlamentuan. 23 urterekin hautatu zuten parlamentari, baina ez da SNPko parlamentari gazte bakarra Westminsterko zakur zaharren artean. Eskoziako Alderdi Nazionalak, 30 urte baino gutxiagoko zortzi parlamentari ditu egun Londresen. Donaldson Gazteentzako brexit hobe baten alde alderdi arteko lantaldeko burua da, eta, egunotan brexit-a abiatuko duen 50. artikuluaren eztabaidan ari da parte hartzen. Aldaketarik izan ezean aukera guztiak mahai gainean zabalik daudela gogoratu du, independentzia erreferenduma barne.

Theresa Mayren gobernuak brexit gogorra abiatu du. Zeintzuk dira SNPren helburuak atzo hasitako eztabaidan?

Gure helburu nagusia prozesuan zehar eskoziarren interesak babestuko dituzten zuzenketak aurkeztea da. Gutxienez, 50 bat zuzenketa ditugu prestatuak gai askoren inguruan. Eskozian bizi diren Europako Batasuneko herritarrak Eskozian bizitzen jarraitzea bermatu nahi dugu; Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako gobernuek prozesuan zeresana izatea eskatuko dugu; eta Erresuma Batuko gobernuak babes nahikorik lortzen ez badu 50. artikulua martxan jartzeko, EBri eskatuko diogu egungo harremanari eusteko. Zuzenketa nagusiak onartzen ez badira, orduan 50. artikuluaren aurka bozkatuko dugu, ez baitugu babesten Erresuma Batuko gobernuaren agenda isolazionista.

Zaila dirudi parlamentuaren gehiengoak 50. artikuluaren aurka bozkatzea.

Ikusteko dago zein izango den bozketaren emaitza. Tory askoren iritzi aldaketa harrigarria izan da. Batasunean jarraitzearen alde izan ostean, bat batean brexit gogorraren alde agertu dira. Hori ez da gehiengoak bozkatutakoa, are gutxiago Eskozian. Ez dut uste Europa uztea bozkatu zutenek tory-en proposamenaren aldekoak direnik. Batasuna uzteko arrazoi ugari izan ziren, baina brexit gogorraren alde egiteak erakusten du ez dagoela planik Batasuna uzteko. Horregatik, badira zenbait parlamentari laborista alderdiko botoaren aurka errebelatuko direnak. Guk gure aldetik, eskoziarrek bozkatutakoa defendatuko dugu.

Ez al da aurrekari arriskutsua erreferendum baten emaitzak Parlamentuaren babesa behar izatea?

Ez da emaitza jokoan dagoena, baizik eta 50. artikulua martxan jartzea, eta gobernuaren helburuak Europarekin negoziatzea. Herritarrek erabakitakoa ez da zalantzan jarri nahi, prozesua baino. Gainera, Auzitegi Gorenak 50. artikulua parlamentuan bozkatzera derrigortu izanak erakusten du gobernuaren planifikazio falta eta ezjakintasuna parlamentuaren kontrol prozedurekin.

Gorenaren epaiak parlamentuari ahotsa eman badio ere, argi utzi du Eskoziako Gobernuak ez duela zeresanik 50. artikuluaz. Erabaki horrek nola eragingo die lortutako transferentziei?

Sewel tratatua indarrean jartzekoa zen, baina Auzitegi Gorenaren erabakiak erakutsi du ez duela baliorik. Independentzia erreferendumaren ostean adostutako transferentzien akordioaren baitan, Sewel tratatuak adosten du Eskoziari zuzenean eragiten dioten gaietan Westminsterrek Eskoziako Gobernua kontsultatu behar duela. Epaiak eta brexit-aren inguruko prozesuak erakutsi dute eskoziarrek ez dugula ahotsik Erresuma Batuan. Iraingarria da eskoziarrek demokratikoki aukeratutako Holyroodek [Eskoziako Parlamentuak] baino erabaki ahalmen gehiago izatea Lorden Ganberak, zeina ez den herritarrek aukeratua. 2014tik hona behin eta berriz entzun dugu berdinen arteko batasun bateko kide garela. Hori horrela bada, eskoziarren ahotsa entzun behar dute, eta 50. artikulua martxan jarri aurretik Eskoziako Gobernuarekin adostasuna lortu.

Philip Hammond Finantza ministroak adierazi du Eskoziak ez duela aparteko akordiorik izango.

Lehenik eta behin, Erresuma Batuak bere osotasunean EBn jarraitzea da gure helburua. Hori posible ez bada Eskoziarentzako akordio bat lotzen saiatuko gara. Londresek ofizialki ez du erantzun Eskoziako gobernuak aurkeztutako proposamenei. Ikusteko dago oraindik zein den euren azken erabakia. Guk argi adierazi nahi diegu eskoziarrek ez dutela gainerakoek bezala bozkatu, eta, beraz, gure ahotsa entzun eta errespetatu behar dutela. Horrela ez bada, Nicola Sturgeonek adierazi duen bezala, litekeena da bigarren erreferendum bat deitzea.

Beraz, brexit gogorra aurrera ateratzen bada, bigarren erreferenduma egingo da?

Bai. Nahiz eta hainbat aldiz entzun dugun «berdinen arteko batasuna», «utzi beharrean gidatu» eta tankerako esanak Londresen ahotik, Eskoziaren egoera berezia ez dute kontuan hartzen. Horren aurrean, gero eta argiago dugu erreferenduma deitzea dela aukera bakarra. Independentzia erreferendumak argitara aterako du eskoziarren bi aukerak; tory-en kontrolpean dagoen herrialde itxia edo Europako bizilagunekin orotako harremanei eutsi nahi diena: ekonomikoei, sozialei zein kulturalei.

Oraingoan ere Londresen adostasuna izango duzue bigarren erreferenduma deitzeko?

Uste dut Erresuma Batuko Gobernua oso inozoa izango litzatekeela bigarren erreferendum bat galaraziko balu, hori baldin bada eskoziarren nahia. Oso arriskutsua litzateke Londresentzat eskoziarrei euren etorkizun konstituzionala ukatzea.

YouGoven azken inkestak erakusten du behera egin dutela independentziaren aldekoek. Nahiz eta eskoziarren gehiengoak brexit-aren aurka bozkatu zuen. Zergatik Europan jarraitzearen nahia ez da independentziaren aldeko botoetan bilakatu?

Azkeneko inkestak erakusten du 2017an erreferenduma egitearen aldekoek behera egin dutela, baina oro har independentziaren babesa gora egiten ari dela uste dut. Erreferenduma 2018an edo 2019an egitearen inguruan galdetuz gero emaitzak ezberdinak izango ziren. Are gehiago, tory-en brexit gogorraren eraginak azaleratzen hasten direnean independentziaren aldekoek gora egingo dute. Eskoziaren ahotsa entzun ez izana horren prozesu garrantzitsu baten giltza izango da eskoziarrek independentziaren alde egiteko

Theresa May lehen ministroa bihar argitaratzekoa da Liburu Zuria. Europatik ateratzeko 50. artikulua abiarazteko lege proposamena, berriz, aurreko astean argitaratu zuen. Zer iritzi duzue dokumentu horri buruz?

Gobernuaren lege proposamena oso laburra da, pare bat lerrokoa, eta, SNPk independentzia erreferendumaren aurretik aurkeztutako proposamenen dokumentuarekin alderatuz, edukirik gabekoa da. Horren garrantzitsua den gai batean halako proposamen huts bat aurkeztearen arrazoia, berriz, planifikazio falta da. Auzitegi Gorenaren epaiak tokiz kanpo harrapatu du gobernua. Erreferendumetik ia zazpi hilabete pasatu dira, eta, hala ere, ez dira gai izan EB uzteko prozesuaren proposamen bat osatzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA