astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

gizartea

Lurrak etxea jotzean

Mikel Rodriguez

Lurrak etxea jotzean

Euskal Herrian maiz gertatzen den fenomenoa da luiziena. Bi aro izan ohi dira arriskutsuenak: aldi idor baten ondoren lehenbiziko euriteak gertatzen direnean —urak azaleko lurra bulkatzeko arriskua dago—; eta eurite aldi baten ondoren lurrak ur anitz xurgatu duenean —barne mugimenduak eragiteko arriskua sortzen da—. Azkenaldian, luiziek etxebizitzak jo dituzte kasu anitzetan. «Gizakiak gero eta eragin gehiago dauka inguruan», Agustin Larrea geologoak azaldu duenez. «Eraikuntzak, normalean, toki errazenetan egiten ditugu. Baina, noski, hazten eta hazten ari gara, eta toki erraz horiek bukatzen ari dira. Lur mota arriskutsuagoak bilatzen ditugu orduan, eta horietan errazagoa da halakoak gertatzea». Martxoan beteko da urtebete Ondarroako Kamiñalde auzoko lur-jausia (Bizkaia) gertatu zenetik, Euskal Herrian azken urteotan etxebizitzei eragin dienetan handiena. Orduz geroztik izandako handiena duela bi aste eskas gertatu zen, Bergarako Bolu auzoan (Gipuzkoa). Familia anitzek jasandako kalteen eta arriskuaren ondorioz, eztabaida iturri dira etxebizitzek jasandako luiziak, eta hari mutur bat baino gehiago dauzka debateak: prebentzioa, erantzukizuna eta hirigintza eredua.

EGEO Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialak, 2015ean, gida bat argitaratu zuen SOS Deiekin batera luizien arriskuari buruz. Ohartarazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurrazalaren %50ean «arrisku handia» dagoela luiziak jasateko. Larreari «gehiegizkoa» iruditzen zaio kopuru hori, gehienbat Araba lurralde laua delako nagusiki, baina, hala ere, geologoak uste du hiru probintzietako lurrazalaren %20-%25ak izan dezaketela halakoak jasateko arriskua. «Aldapak dauden tokietan dago arriskua, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean daude halako toki gehienak». Azken urteotan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean ere gertatu dira luiziak, gehienbat eurite handiek eragindako uholdeetan —Bidarrain (Nafarroa Beherea) 2014an, eta Donibane Lohizunen (Lapurdin) iaz, errate baterako—. Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, biztanleriaren kopurua eta kontzentrazioa bertze lurraldeetan baino handiagoa da, eta etxebizitzei eragin dieten luizi larrienak probintzia horietan gertatu dira. Bertzeak bertze, EGEOk Bilbo eta Donostia sartu zituen luiziak jasatekoa arriskua duen eremuan —523.000 biztanle inguru bien artean—. Gipuzkoako hiriburuan bertan, arroka batzuek etxebizitza bat jo zuten Martutene auzoan duela bi aste, eta hiru familia atera behar izan zituzten.

Ikerketa geoteknikoak

Larreak azaldu duenez, luiziei aurre egiteko lehenbiziko pausoa prebentzio lana da, eta hor hasten da geologoen jarduna. «Geologia ez da zientzia matematiko eta zehatza, baina geologoak lurra ulertzen saiatzen gara. Batzuetan lurra heterogeneoa da; aldaketak jasan ditzakeela ikusten dugu. Horregatik, geologoek ikerketa bat egin, eta interesatuari adierazi behar diogu zein arazo izan ditzakeen, edo zein soluzio eman diezaiokeen egoerari». Geoteknia ikerketak dira horiek. Larreak 33 urte daramatza halakoak egiten. Dioenez, udalez gaindiko administraziotan, azpiegitura handiez arduratzen direnetan, «barneratuta» daukate ikerketa geoteknikoak egitearen garrantzia. «Errepideen, urtegien eta tunelen kasuan, adibidez. Lurrari aldaketa handiak eragiten dizkiote obra horiek, eta administrazioak guregana jo ohi du. Ez soilik arriskuarengatik, baita dirua aurrezteko modu bat delako ere. Lur-jausi batek gastu pila bat sortzen du, eta prebentzio lanak nahiko merkeak dira».

Hirigintzari dagokionez, Hego Euskal Herrian Espainiako legediak arautzen du etxebizitzen eraikuntza. 1999an sartu zen indarrean Eraikuntzaren Antolamenduari Buruzko Legea, eta bertan ezarri zen eraikuntzaren kode tekniko bat sortzeko beharra. Kode hori 2006an sartu zen indarrean, eta, bertzeak bertze, eraikuntza bat egiterakoan ikerketa geotekniko bat beharrezkoa dela zehazten du. Larrearen ustez, prebentzio lanean «asko» aurreratu da lege horrekin. «Legean oso argi dago. Ikerketa hori ez baduzu egiten, udalek ezin dizute eman lizentziarik etxebizitza bat egiteko». Hain zuzen, udalei dagokie gainbegiratzea eta kontrolatzea ikerketa geoteknikoak egin diren, hirigintzaren eskumena dutelako.

Larreak uste du azken urteotan prebentzioan anitz aitzinatu dela, baina onartu du «akatsak» gertatzen direla. «Ondarroan, [Kamiñaldeko] eraikuntza egin zenean, bazeuden eginak hainbat ikerketa geotekniko, baina arazoak egon dira. Batzuetan ez da erraza jakitea zergatik egon diren akatsak. Eta, beste batzuetan, nahiz eta ikerketa egon, norbaitek kasu egin al dio? Edo nola egin da? Nork kontrolatu du? Hor, gai konplexuetan sartuko ginateke».

Hain zuzen, Ondarroako kasuan, Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazi du «erantzukizunak argitu» behar direla luiziak hondatu zituen etxebizitzak eraikitzeko bere garaian eman ziren baimenen nondik norakoei buruz. «Iazko martxoaren 8an gertatutakoaren inguruko txostena udal liburutegian dago, nahi duenak irakur dezan». Behin hondamendia gertatuta, ordea, ondorenari aurre egitea bihurtzen da lehentasuna. Bedialaunetak azaldu duenez, udala da eroritako malkarraren erantzulea. Kalkulatu dute mendi mazela leheneratzeko lanek eta familiei eman beharreko kalte-ordainek hamazazpi milioi euroko kostua dutela. Udalak, oraingoz, 3,5 milioi euro bideratu ditu; Espainiako Gobernutik 2,18 milioi euro jaso ditu, Bizkaiko Aldunditik 1,5 milioi, eta Eusko Jaurlaritzak agindutako bi milioi euroren zain dago. Bi milioi euroko kreditu bat ere eskatuta dauka udalak, hamabortz urtean ordaintzeko —urtero 180.000 euro—. Horrekin guztiarekin, oraindik ia sei milioi euro geldituko lirateke hamazazpi milioietara ailegatzeko. «Udalaren iazko aurrekontua 9,5 milioi eurokoa izan zen», kontatu du Bedialaunetak. «Beraz, urte dezentetarako nahiko hipotekatuta geldituko da». Ondarroako Udala otsailaren 19an elkartzekoa da aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin, gaia eztabaidatzeko.

Asegururik ez

Kamiñalde auzoan 176 familiak alde egin behar izan zuten etxetik, eta horietako 84k jarraitzen dute itzuli ezinik. Udalak konpromisoa hartu zuen familia horiekin, aurten itzul daitezen. Martxorako itzultzea lortu nahi zuten, baina oraindik ez dakite ziur epe hori bete ahalko duten. Joan den asteburuan, 84 familia horiek etxeetara sartzeko baimena izan zuten beharrezkoak dituzten gauzak hartzeko. Bertze traba bati ere aurre egin behar izan diote sendi horiek: Bedialaunetak oroitarazi duenez, aseguru etxeek erraten dute ez direla luiziak eragindako kalteez arduratzen. EGEOk ere ohartarazia du horretaz. Espainiako Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak ere ez ditu bere gain hartzen luiziek eragindako kalteen ordainketak, salbuespenezko kasu batean ez bada: «Euriaren urak sortzen baditu, baina eremu horretan ezohiko uholde egoera sortu duelako, eta uholdeen une berean gertatu bada luizia».

Herritarrak eta udalak, beraz, maiz ziurgabetasun egoera batean gelditu ohi dira luizien ondoren. «Udalaren gainetik dauden instituzioen lana eta inplikazioa beharrezkoa da. Gehienbat, udal handiak ez garenontzat», aldarrikatu du Bedialaunetak.

Prebentzioari dagokionez, berriz, Eguzki talde ekologistak uste du arreta hirigintza ereduan paratu behar dela. «Herri txikietan lur asko zulo baten moduan daude, eta etxeak modu askotara eraikitzen dira; ahal bada, merke», azaldu du Fernando Salegi militante ekologistak. Paduren adibidea paratu du Salegik. «Lur merkeak dira, eta jabetza publikokoak. Urbanizaezina zena urbanizagarri bilakatzen da, eraikuntza enpresak sartzen dira... eta denok dakigu zer den negoziotzar bat. Duela lau urte, Eguzki taldean sekulako borroka egin genuen halako proiektu bat gelditzeko. Etxeak egin izan balituzte halako toki batean, ziur gero uholdeekin-edo arazoak sortuko liratekeela». Salegik nabarmendu du «edonon» eraikitzeko joera aldatu behar dela. «Etxe hutsak badaude, merkatura atera behar dira. Gero, hutsik dauden orubeak baliatu beharko lirateke, edo, oso etxe zaharrak badaude, horiek bota eta haien tokian eraiki berriak».

Arriskuen mapak

Dena den, hirigintza eredu berrien planteamendutik eta eraikuntza kode teknikoak ezarritako kontrol geoteknikotik kanpo daude 2006 aitzinetik eraikitako etxebizitzak. Hortaz, prebentziorako konponbide global gisa, Larrea geologoak proposatu du «arrisku geologikoen mapak» egitea, udalez udal sailkatzeko luiziak jasan ditzaketen eremuak. Eredutzat paratu ditu uholde arriskua duten lurren eta lur kutsatuen mapak. «Ez da zaila hori egitea, diru asko aurreztuko litzateke, eta udal bakoitzak historia bat egin ahalko luke». Larreak azaldu du badagoela aurrekari bat: Ermuko Udala (Bizkaia). «2012an, erorketa handi bat jasan zuten, eta, ordutik, urtero egiten ditu ikerketak arriskuak identifikatzeko eta neurriak hartzea komeni den ikusteko».

BERRIAn argitaratua (2017/01/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA