astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

gizartea

Ikurra eraitsi, ikurrak erantzi

Ion Orzaiz

Ikurra eraitsi, ikurrak erantzi

Kolpe militarra goratzeko eraiki zuten 1942. urtean, baina ordutik, erabilera anitz izan ditu: eliza izan zen hainbat urtez; baita Mola, Sanjurjo eta beste zenbait militar kolpisten hilobia ere; eta Yolanda Barcinak erakusketa areto bihurtu zuen, ikonografia frankista oihalekin estalita. Beste ezeren gainetik, ordea, isiltasun behartuen zaindaria izan da Iruñeko Erorien Monumentua. Oroimena giltzapean mantendu nahi izan dutenen mugarri beltza.

Mola eta Sanjurjoren gorpuak kriptatik aterata, eraikinaren etorkizuna zehazteko garaia heldu dela uste du Iruñeko Udalak, eta testuinguru horretan, eztabaida mahai gainean jarri nahi izan du Zer elkarteak, Zer egingo dugu Erorien Monumentuarekin? izeneko jardunaldiak antolatuta. Hiru egunez, auzia eztabaidagai izan dute hainbat adituk, historia, zuzenbidea, arkitektura, hirigintza, artea eta oroimena ardatz hartuta. Oro har, bi iritzi ildo nagusitu dira: monumentua eraistearen aldekoa, batetik; eta egoitza ikur frankistez erantzita, memoria historikoaren aldeko gune bihurtzea hobesten dutenena, bestetik.

ROLDAN JIMENO

Zuzenbidearen Historia irakaslea

«Egungo legeekin, oso zaila izanen da Erorien Monumentua eraistea»

Erorien Monumentuaren etorkizuna zehazteko tenorean, udal arduradunek «legediak ezarritako mugak eta baldintzak» kontuan izan beharko dituztela ohartarazi du Roldan Jimeno NUPeko irakasleak: «Alde batetik, ondarearen inguruko legeak ditugu, eta horiek nolabaiteko babes juridikoa ematen diote monumentuari; baina bestetik, memoria historikoaren legeak daude, eta horiek ere bete egin behar dira. Gakoa izanen da arau horiek guztiak uztartzea, juridikoki, auzia oso konplexua baita».

Historia Zuzenbide irakaslearen ustez, «arnasa hartuko luke hiriak, Erorien Monumentua botata»; baina onartu du egungo legediarekin, «ia ezinezkoa» izanen dela hori egitea.

CLEMENTE BERNAD

Zer plataformaren sortzailea

«Arrasto frankistak kendu ordez, adabakiak jarri zituen UPNk»

Zer plataforma memorialistaren bultzatzaileetako bat da Clemente Bernad argazkilari eta dokumental egile iruindarra. Haren irudiko, monumentua eraitsi behar den ala ez erabakitzea baino garrantzitsuagoa da «kolpismoaren eta frankismoaren arrasto oro ezabatzea». Erorien Monumentua «garbitu» behar dela uste du Bernadek, eta horretarako, ezinbestekotzat jo ditu «eztabaida eta hausnarketa», baina frankismoaren biktimen «memoria eta ordaina» ardatz hartuta betiere.

Orain arte, eraikinak dituen ikur frankistak ezkutatzeko eta monumentuari erabilera berriak emateko ahaleginek porrot egin dutela uste du: «Adabakiak jarri eta errealitate beltza makillatu, besterik ez du egin UPNk orain arte. Azken egunetan, monumentua museo bihurtzeko proposamena egin dute hainbat arkitektok, eta gauza bera da hori ere: iragana ezkutuan mantendu nahi izatea. Guretzat, marra gorri bat da biktimen gainetik jauzi egin eta frankismoaren zikinkeria guztia estali nahi izatea».

GEMMA PIEROLA

Historialaria

«Oroimen historikoaren interpretazio zentro bat eraiki beharko litzateke»

Frankismoko Krimenen Memoria Historikoaren Iruñeko bulegoko arduradunetako bat da Gemma Pierola historialaria. Erorien Monumentuarekin egin beharko litzatekeenaren inguruan «zalantza handiak» dituela dio: «Lehen kolpean, eraikina botatzea da barru-barrutik ateratzen zaidana; baina gero, hotzean, halako eraikin bat eraisteak mesede baino kalte handiagoa ekar lezakeela iruditzen zait». Izan ere, monumentuak iragana interpretatzeko eta frankismoaren errealitate beltza ezagutzera emateko balio dezakeela uste du Pierolak. «Ezjakintasun izugarria dago Erorien Monumentuaren inguruan. Jendeak ez daki zer den, nori egiten dion gorazarre, ezta zertarako erabili zen ere. Isiltasuna eta horrorea gordetzen ditu monumentu horrek, eta horri buelta ematea ezinbestekoa da».

Hori dela eta, «oroimen historikoaren interpretazio zentro bat» eraikitzea proposatu du historia irakasleak: «Frankismoko biktima guztien oroimena gordeko duen gune ireki bat beharko genuke, egungo monumentuaren zati batzuk kenduta eta izaera berri bat emanda».

Erabakia edozein dela ere, «atzerakorik ez duen neurria» izan dadila eskatu dio Pierolak Iruñeko Udalari: «Ongi aztertu dezatela zein den aukerarik onena, baina behin erabakia hartuta, behin betikoa izan dadila. Hiru urte barru udala aldatuko balitz, agintari berriek atzera egiterik izan ez dezaten».

IÑAKI ARZOZ

Artista eta ekintzailea

«Ez dute zentzurik memoria aintzat hartzen ez duten proposamenek»

Erorien Monumentuak «esanahi zehatz bat» duela uste du Iñaki Arzoz artista, kritikari eta ekintzaileak, «hortaz, memoria historikoak egon beharko luke balizko edozein irtenbideren oinarrian». Hortaz, bi aukera besterik ez ditu aintzat hartzen Arzozek: «Eraikina eraistea ala oroimen historikoaren monumentu bihurtzea. Beste planteamendu guztiek ez dute zentzu handirik espazio horretan; Iruñeko beste edozein tokitan bai, baina hor ez». Frankismoaren biktimak gogoratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko zentro bat eraikitzea «aukera interesgarria» dela gaineratu du Arzozek, baina horretarako Iruñeko Udalak «plangintza arkitektoniko eta urbanistiko serioa» egin beharko duela pentsatzen du.

BERRIAn argitaratua (2017/01/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA