astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

iritzia

Goazen!

Miren Amuriza

Goazen! Miren Amuriza

Barikuan Bertso Eskolara joan eta non entzun nuen 9 urteko ume bat Latzenen Laztana kantatzen. Zelan ikasi zuen galdetu nion, harrituta; Goazen!-en abesten zutela berak, jarriko zuela karaokea ordenagailuan. Bien bitartean, telesailaren haria kontatu zidaten besteek: barnetegi bateko gazteek musikal bat egin behar dute eta, inportanteena, ahizpa biri mutil bera gustatzen zaie.

Ez dut saioa jarraitu eta halere, karaokean ikusi eta umeei ulertutakoaren arabera, zorrotz kritika nezakeen proiektatzen dituen harreman ereduengatik, estereotipoengatik, erromantikotasunagatik... Kritika nezakeen, parrandan entzuten dugunean, zerbeza botila mikrotzat hartu eta mundua amaitzear balego lez kantatuko ez bagenu Laztana, «korapil»-en o-arekin batera irentsiko ez bagenitu ordu txikietan gogoratzen ditugun printzipio apurrak.

Beraz, oraingoan, aitortu egin behar ETBri asmatu duela: gaztetxoen artean euskarazko produktu bat jarri du moda-modan. Hori bai, datorren denboraldirako, proposamen batzuk gidoilarientzat: doazela institutu batera eta ikus dezatela, bikote harremanetatik harago, gaztetxoek zenbat kezka dituzten; sar ditzatela protagonisten artean traumatizatuta bizi ez den trans bat, etorkin euskaldundu batzuk, nerabe homosexualak... Eta eskatzen hasita, berreskura dezatela Bexamela eta pastela (keinu bat Euskaraokearen belaunaldikooi).

BERRIAn argitaratua (2017/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA