astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

ekonomia

MACARIO SCHETTINO

«Mexiko gabe, AEBak ezingo dira Txinarekin lehiatu»

Igor Susaeta

«Mexiko gabe, AEBak ezingo dira Txinarekin lehiatu»

Macario Schettino Monterreyko Teknologikoko Unibertsitateko irakasleak (Orizaba, Mexiko, 1963) badaki Donald Trump AEBetako presidentearen adierazpen eta mehatxu erauntsiak ezinegona eta urduritasuna eragin dituela mexikarren artean, baina, Mexiko eta AEBak biltzen dituzten itun komertzialen letra txikiari erreparatuz gero, baikorra izateko arrazoiak dauzka. «Pixkanaka baretuko da egoera», dio, nahiz eta giro beroegiak atzeratu egin duen Trumpek eta Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak Washingtonen etzi egin beharreko bilera [Elkarrizketa hau aurretik egindakoa da]. Schettinori iruditzen zaio bere herrialdeko presidenteak egiteko zaila daukala, «irabazteko gutxi duelako». Trumpek nazioarteko akordioak kritikatzen ditu, eta 1994an indarrean sartutako NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) alde biko akordioekin ordezkatu nahi duela esan du behin baino gehiagotan. Irakaslearen iritziz, ordea, AEBek ezer gutxi irabaziko zuketen akordio horien bidez. Hainbat komunikabidetan idazten du Schettinok, hitzaldiak ematen ditu, eta azkenaldian bere zeregina «jendea lasaitzea» dela dio.

Donald Trump AEBetako presidenteak hauteskunde kanpainan adierazi zuen NAFTA «AEBek inoiz egindako hitzarmenik txarrena» dela; ituna berrikusi ezean alde egingo dutela. Mexikorentzat zein ondorio eduki ditzake ituna hausteak, kontuan hartuta AEBek Mexikoren esportazioen %80 erosten dituztela?

Txarrenean, ituna amaituko balitz, Mexikok eta AEBek, biek, MMEren kide direnez [Munduko Merkataritza Erakundea], erakunde horren arauekin funtzionatzen hasi behako lukete. NAFTAren ondoren sortu zuten MME, eta MMEk, funtzionatzeko, neurri handi batean NAFTA hartu zuen eredu gisa. Beraz, aldaketak ez lirateke hain handiak izango. Muga zergak bai, horiek aldatuko lirateke, baina, azken urtean Mexikoko pesoak balioa galdu duenez, ez du garrantzirik muga zergak zenbat mugitzen diren, edozein modutan merkeagoak garelako. Ondorioz, salerosketari dagokionez, galera ez litzateke adierazgarria izango. Enpresek NAFTAren arabera jokatzen dute, eta herrialde bakoitzean komeni zaiena egiten dute. Haustura batek enpresen egunerokoa aztoratuko luke, eta haientzat, agian, komenigarriagoa litzateke Mexikorantz mugitzea, merkeagoa baita hemen ekoiztea. Itunek daukaten abantaila da bi aldeek irabaz dezatekeela.

Enpresa handiek ituna hausten utziko al diote?

Ez, eta gainera ez du zentzurik NAFTA hausteak. Trumpek hala jokatu izan du beti: arerioa izutzen saiatzen da, modu horretan negoziatzeko baldintzak bere alde jartzeko.

Fordek 1.600 milioi dolar inbertitu nahi zituen Mexikon, eta General Motorsek, beste 1.000 milioi. Trumpek, ordea, mehatxu egin zien, eta jakinarazi zien Mexikon ekoitzitako produktuei %35eko muga zerga jarriko ziela. Bi enpresa horiek Mexikon ez inbertitzea erabaki dute azkenean. Litekeena al da gisa horretako erabaki gehiago etortzea?

Baliteke, baina ez dute zertan. Gertatzen dena da AEBetako autogintza industria ez dela oso lehiakorra, eta gobernuak askotan erreskatatu behar izan duela; beraz, gobernuaren mendekotasuna du, eta haren beldur da. Hori ez da gertatzen BMWrekin, Toyotarekin eta Nissanekin, esaterako; Trumpek ez ditu horiek ikaratuko.

TPPren (Lankidetza Transpazifikoa) kontra ere jo du Trumpek, eta itunetik ateratzeko dekretua sinatu berri du. Mexikoko Ekonomia Idazkaritzaren datuen arabera, lankidetza horri esker 150.000 milioi dolar irabazi ahal izango lituzke herrialdeak itun horretako beste herrialde kideetara esportatuz.

NAFTAN negozia daitekeenaren zati handi bat TPPn negoziatu zen. Mexikok galdu egin ditzake, hori bai, topatzen ari zen merkatu gehigarriak: Australian, Zeelanda Berrian, Txilen... Nik uste dut AEBentzat ideia ekonomiko txarra dela TPPtik ateratzea; gainera, arazo geopolitikoa ere bada haientzat, TPP Asian bultzada txiki bat ematen ari zitzaien eta. Baina galdu dute, eta Txinari egin diote lekua.

Bi herrialdeen arteko harremana tirabiratsua izan da aspalditik, baina nola uler daiteke Trumpen jarrera, kontuan hartuta Kanadaren eta Txinaren ondoren Mexiko dela AEBen bazkide komertzialik handienetan hirugarrena?

Gaur egun, Txinaren ondoren, bigarren bazkide komertziala garela esango nuke. Trumpek kanpoko etsaiak behar ditu bere hautesleak konbentzitzeko. Bere helburua da AEBek mundu guztian duten lekua guztiz aldatzea: NATOn, Txinarekin... Gu etsai erraza gara.

Mexikok AEBekiko mendekotasun komertziala dauka, bai, baina ikerketa batzuek diote estatubatuarren bost milioi lanpostuk zerikusi zuzena daukatela bi herrialdeen arteko komertzioarekin...

AEBetako lau estatuk Mexikorekin daukate beren komertzioaren %30 baino gehiago: Texasek, Arizonak, Mexiko Berriak eta Michiganek. Beraz, arrazoiren bat dela medio komertzioak behera egingo balu, toki horietan lanpostuak galduko lirateke. Eta Michigan toki ezin txarragoa litzateke enpleguak galtzeko, han baitago autogintza industria.

Mexikoko familia askok dute AEBetatik mexikarrek bidalitako diru bidalketen mendekotasuna. Iaz 27.000 milioi dolar bidali zituzten 35 milioi etorkin mexikarrek, inoizko kopururik handiena, eta petrolioaren diru sarrerak baino gehiago (18.000 milioi). Trumpek bidalketei zerga bat jartzearekin mehatxatu zuelako hazi da kopuru hori?

Dibisetan Mexikok duen diru sarrerarik handiena da. Diru bidalketak oso inportanteak dira ordainketen balantza orekatzeko, baina horren eragin nabarmenena da diru hori diru sarrera gutxien duten familiei bidaltzen zaiela. Diru bidalketa horiek asko apalduko balira, milioika mexikarrek pobrezian bizi beharko lukete.

Trumpen esanetan, zerga horren diruarekin eraiki nahi du AEBen eta Mexikoren arteko hesia.

Diru bidalketei ezin die zerga bat jarri; esaten du baietz, baina ezin du. Zerga bat jartzea NAFTAk, MMEk, NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta beste hainbat akordiok diotenaren kontra doa. Diru bidalketa guztiei jarri beharko lieke zerga bat, eta orduan kalterik handiena ez litzateke Mexikorentzat izango, Indiarentzat baizik; arazoa, beraz, handiagoa bilakatuko litzateke.

AEBetako presidenteak ia egunero umiliatzen ditu bai Mexiko eta bai mexikarrak. Nola uler daiteke, ordea, Enrique Peña Nieto presidenteak halako zuhurtziaz egitea bere adierazpenak?

Peña Nietok ezin du besterik egin. Donald Trumpek nahiko zakar jokatu zuen Angela Merkelekin, eta Merkelek ez zion deus erantzun, ez delako ezer irabazten erantzuten.

Baikorra zara. Iruditzen zaizu baldintza egokiak daudela Mexikoren ekonomian kapitulu berri bat hasteko?

Pentsatzen dut munduko ordenan eman behar zaiola hasiera kapitulu berri bati, Trumpen erabakiek gauzak aztoratuko dituzte eta. Europan berriz pentsatu beharko dute nola funtzionatu AEBekiko, Errusiarekiko... Iruditzen zait munduaren funtzionamendua guztiz aldatuko dela. Esan dudana askoz ere inportanteagoa da itsasoko merkataritzari dagokionez. Txina desafio egiten ari zaio AEBek munduko itsaso guztietan duten kontrolari. Globalizazioa gertatu izan da herrialde bakar batek kontrolatu dituenean itsaso guztiak. Txinak itsasoen kontrola oztopatzen baldin badu, dinamika guztiz ezberdin bat bizitzea tokatuko zaigu.

Mexikoko pesoa hondoratu egin da Trumpek hauteskundeak irabazi zituenetik.

Zerikusi zuzena dauka Trumpek mundu guztiari eragindako beldurrarekin. Halere, uste dut ez dela, jendeak pentsatu bezala, ezer larririk gertatuko. Goldman Sachs-en aurreikuspenen arabera, pesoak gorantz egingo du, eta aurtengo urtearen amaieran dolar bakoitzak 19 pesoko balioa edukiko du; azken astean bertan hobeak dira datuak. Eta, finean, gauza bat argi dago: AEBek Mexikoren beharra dute enplegua sortzeko eta arrakasta edukitzeko; Mexiko gabe ezin dute hori egin, ezingo lirateke Txinarekin lehiatu.

BERRIAn argitaratua (2017/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA