astekaria 2017/02/03
arrowItzuli

gizartea

«Inurri bat sentitzen zara»

Arantxa Iraola

«Inurri bat sentitzen zara»

Andra-gizonak, biak dira ikasle garaitan eskola erlijiosoetan ibilitakoak, eta, halaxe, beren bi semeentzat ere hautu hori egin zuten. «Opus Deiren ikastetxe batean hasi genituen: Gazteluetan». Leioan (Bizkaia) dago, eta izen ezaguna egin da urteotan, han ikasle batek jasandako sexu abusuak argitzeko eskatzen ari delako haren familia. Haron (Errioxa, Espainia) du sendiak egun bizilekua; hantxe, aitak, Juan Cuatrecasasek (Bilbo, 1965), hartu du narratzaile rola. «2009-2010eko ikasturtean hasi ziren nire semearentzat arazoak, 12 urte zituela; portaera ezohikoak antzeman genituen. Minak, amesgaiztoak, ezinegona... Jakina, ez genuen pentsatu ere egiten zer ari zen gertatzen». Eta denbora behar izan zuten zer zuen jakiteko: «2011n hasi zen kontatzen». Ordurako beste eskola batean zegoen, eta aurrekoan, Gazteluetan, bi eratako erasoak jasan zituela azaltzen hasi zen prozesu luze batean, astiro eta minez: halakoetan, hitzak nekez ebakitzen dituzte biktimek. Parekoen erasoez aritu zen: «Bullying-az». Irakasle batek eginikoez: «Sexu abusuez». Hezitzaile hark ?Opus Deiko numerarioa da, ikaslearen tutore pertsonala zen? bulegora usu eramaten zuela eta ukituak egiten zizkiola azaldu zuen, neska erdi biluzien irudiak erakusten zizkiola, alkandora kenarazten ziola... Gertaerak argitu eta epaitzeko bidean, ordea, oraino ez dute lortu deus definitiborik. Eta traba ugari izan dituzte bidean: murru garai-garaiak. «Inurri bat sentitzen zara».

Ustez abusuak egin zituen irakaslearen aurka, esaterako, zentroak neurri bakar bat hartu du: «Esan ziguten kanpora bidaliko zutela ingelesa ikastera, eta apaiz batek artatuko zuela. Kito». Bullying kasua epaitu zen, berriz, haiek, familia gisara, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo zutelako parte ematera, eta handik Adingabeen Fiskaltzara bideratu zelako auzia. Han entzundakoak gogoan, jazarpena eta sexu abusuak estu lotuta zeudela uste du Cuatrecasasek. «Irakaslea bila maiz joaten zitzaiola ikusi, eta oldartu egiten zitzaizkion lagunak, burlaka: 'Zer ari haiz, kanpaia jotzen Txemarekin?'. Haiek ere atzemana zuten zerbait. Xehe-xehe zer gertatzen ari zen ez zuten jakingo, baina atzemana zuten zerbait». Bullying kasuak izan zuen, nolabait ere, amaiera bat: «Bi adingaberen aurkako neurriak hartu ziren». Abusuen inguruan, berriz, oraindik ere deus ez dago, baina auzibide bat martxan jarri zuten orain bi urte ?aurretik EAEko Fiskaltzak auzia artxibatu ostean?, ondo bidean doa, eta esperantza dute.

Bakardadearen kondena

Bidea oso bakarrik egin behar izan dute. «Oso bide bakartia da, jende gutxi duzu laguntzeko». Ikastetxea urrun sentitu dute beti. Are gehiago, kontra:«Eskolak era miserablean jokatu du, hipokritan; eskolaren izen ona zaintzea besterik ez dute bilatu. Guztiz arbuiagarria izan da». Bilboko Elizbarrutia, antzera: «Mario Izeta apezpikua ez da inoiz gurekin harremanetan jarri ere egin; gutxienean ere, telefono dei bat egin behar zuen». Opus Deitik ere, babesik ez: «Harro diote haienean ez dela inoiz horrelakorik [sexu abusuen kasurik] izan: hemen nago ni».

Frantzisko aita santuari familiak berariaz idatzitako eskutitz baten ondorioz ?erantzuna jaso zutenean begiak busti egin zitzaizkiola oroitzen du Cuatrecasasek?, kasua ikertu eta argitzeko prozesu kanoniko bat irekitzea lortu zuten 2015ean; alegia, gertaerak zuzenbide kanonikoaren bidez epaitzeko prozedura abian jarri zen. Etsita mintzo da horri buruz ere Cuatrecasas. Prozesu guztiz «lausoa» izan zen: «Ez zen inolako ikerketarik egin. Pertsona bat etorri zitzaigun nire semeari eta niri galdeketa bat egitera». Ez du gozo oroitzen. «Madrilen iragan ilun batean egiten ziren galdeketen antza izan zuen». Parte izan arren, eta argibideak eskatu arren, ez zutela prozedura horri buruzko beste deus ere jaso salatu du. «Telefono dei bat jaso genuen: esan ziguten artxibatu zela kasua; akabo, besterik ez».

Mehatxu eta presioak

Mehatxuak ere izan dituzte. «Kalean hiru aldiz etorri zaizkit niri mehatxu egitera». Eta presioak. «Erantzunik gabeko telefono deiak izaten genituen etxean, edo goizeko ordu txikietan tinbre hotsak». Aldiz, justizian behar adinako babesik ez dute sentitu. «Presioak izan dira justizian ere. Azkenean, handiak babesten ditu». Baina amaitu arteko bidea nahi dute epaitegietan. «Biktima gisara beti gauza bera eskatu dugu guk, hasiera-hasieratik: gertatutakoa era argi eta publiko batean onartzea, barkamen eske bat egotea, eta erreparazio morala». Zigor eskari handietan baino gehiago, hiru kontu horietan ipini nahi dute indarra. «Min hori erreparatzerik ez dago; nerabezaroa kendu diote semeari, bizitzako arorik politenetakoa. Hori ezin da konpondu». Hain justu, abusuek ondorio larriak laga dituzte semearengan, eta epaia, batez ere, haren sendabiderako lagungarria izatea nahi dute. «Gure semea aurrera ateratzeko, onartu egin behar da egindakoa». Sarri aditu behar izan dute lehen kolpetik ez zutela kontatu hari gertatu zitzaion guztia: zinez mingarria deritzo. Ondo kostata mamitzen dituzte biktimek lekukotasunak. «Jende asko hilobira doa sekretu horrekin; beste askok urteak behar izaten dituzte kontatzen hasteko».

Epaiketaren «hurrengo egunean» ere pentsatu behar litzatekeela uste dute familian. Gogoetarako ohiko gaia da haienean. Biktimak era oso batean laguntzeko neurrien premia ikusten dute: «Abusuek zauria uzten dute; horrekin bizitzen irakatsi behar zaie, eta usu laguntza behar dute: eskolan, lan munduan...». Etxean ikusten du hori, eta hor jarri nahi du indarra. Fede osoz. «Jainkoan sinesten jarraituko dut: inork ez dit hori kenduko».

BERRIAn argitaratua (2017/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA