astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

iritzia

Tuperretik jan

Elixabete Garmendia Lasa

Tuperretik jan Elixabete Garmendia Lasa

Zaborrontziotan denetik dago, bizimodua /eta bere soberakinak./Antropologia artxiboan baino datu gehiago/humanitateari buruz». (Joseba Sarrionandia, Hilda dago poesia? ¿La poesía está muerta? Pamiela, 2016).

Sarrionandiak zaborrarekin ere poesia egiten du. Poesia ederra, aipua lapurtu diogun Zaramologia izenekoa adibide; poesia ederra eta zer pentsa uzten zaituena. Kasu honetan «gure soziologia material eta ideologikoaren hondarrak» topatzen ditu idazleak plastikozko poltsetan doazen hondakinetan.

Beste ontzi mota batean jarri dut nik begia: tuper-ean. Zaborrontziak baino txikiagoa izan arren, tuperrak ere ematen du irakurketa soziologiko eta antropologikoetarako.

Garai batean langileek fabriketara eramaten zuten zumitzezko saskia gogorarazten dit tuperrak. Errektangularra izaten zen, tapaduna, eta koadrotako eskuzapi zuri-urdina lotzen zioten sarritan heldulekuan, bodegoia osatuz; han eramaten zuten bazkaria egun osoa etxetik kanpora egiten zuten langileek. Duela gutxi Azpeitiko Trenbidearen Museoan aurkitu nuen saski horietako bat; hura ikusi eta katean etorri zitzaizkidan oroitzapen ezabagaitzak: langile nekatuak etxera bueltan, fabrika usaina mahoizko buzoetan.

Saski proletarioaren ondorengoa eta ordezkoa da tuperra, lantokira, eskolara edo unibertsitatera eramaten den ontzi estalkidun hori. Hasieran, duela urte batzuk, erdi klandestinoa-edo gertatzen zen, bai behintzat gure lantokian. Langile gehienok jangelara joaten ginen artean, eta atondu zuten noizbait hala moduzko gela bat, jana etxetik eraman nahi zutenek erabili zezaten: mahai eta aulki soil batzuk, eta mikrouhin-labea. Laster, 2007an, lehertu zen krisia, eta haren ondorioetako bat izan zen jana etxetik eramaten zutenen kopurua haztea. Harrezkeroztik, indartu eta orokortu egin da joera hori gizarte osoan.

Adibidez, Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean —3.600 ikasle ditu— aurten ireki dute Ikasleen Txokoa: gela bat, klase tarteetan egoteko, beste ikaskide batzuekin topo egiteko... eta tuperretik bazkaldu ahal izateko. Ilobek kontatzen dutenez, Leioako Unibertsitatean oso praktika hedatua da ikasleak tuperrarekin joatea. Eta, antza, tuperrean ez dute eramaten ohiko pasta, arroza edo entsalada bakarrik; ikusita omen daude, esaterako, legatza saltsan bere txirla eta guzti.

Nolanahi ere, tuperraren erabilera —lehenengo eta behin— nolabaiteko proletarizatzearen seinalea da. Baina badu zerikusirik elikadura osasuntsuarekiko kezkarekin ere, eta horren barruan, norberak etxean prantatutako janarian duen konfiantzarekin. Dena dela, badago beste alderdi erantsi bat ere: sozializazioarena. Hasieran bakanak ziren tuperdunak, eta berezi samarrak gertatzen ziren —aitzindari guztiak bezala—, isolatuak nolabait. Gaur egun, ugaritzearekin, talde izatera iritsi dira eta otorduek berekin duten harremanetarako aukera hori baliatu dezakete beraien artean. Mikrouhin-labea edo mahaia partekatzeak, denbora tarte bat elkarrekin pasatzeak, kidetasuna sustatzen dute.

Izan ere, «elkarrekin jatea soziabilitatea eta berdintasuna adierazteko bitarteko unibertsal bat da» (Eduard Antonio Maury Sintjago: Ritos de comensalidad y espacialidad. Un análisis antropo-semiótico de la alimentación. Gazeta de Antropología, 2010). Herri honetan ondotxo dakigu jatea ez dela elikatzea bakarrik; jateak konnotazio sozialak eta erritualak ere badituela. Badakigu jana —eta edana- elkarrekin partekatzeak zer-nolako garrantzia daukan. Badirudi —eskerrak!- tuperrak ere ez dituela jakintza eta jokamolde horiek galaraziko.

BERRIAn argitaratua (2017/01/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA