astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

politika

Ikurrina: ezkutuan egotetik, udaletxera

Arantxa Elizegi Egilegor

Ikurrina: ezkutuan egotetik, udaletxera

Franco hila zen arren, gobernadore zibilaren kontrolpean geunden, frankismoak bere horretan jarraitzen zuen. Eta ikurrina askatasunaren ikurra zen, gobernadore zibilari aurre egiteko modu bat. Horregatik jarri genuen», azaldu dio BERRIAri Javier Erizek. Berak zintzilikatu zuen ikurrina Iruñeko udaletxeko mastan gaurko egunez duela 40 urte. Alkatetzatik kendu berria zuten orduan Erize, auzi batean prebarikazioa egotzita, eta Tomas Caballero zen alkate. Gogoan du: «Iruñekoa izan zen udal bakarra gobernadore zibilaren nahiak bete ez zituena; hark beste norbait nahi zuen alkatetzan, baina ez zuen lortu».

Gaur bete dira 40 urte Iruñeko udaletxean ikurrina jarri zutenetik. Garai zailak gogoratzen ditu Erizek. «Oso bakarrik sentitu nintzen». Askok salatu zuten haren aurkako jazarpena, legez kanpoko kontratu etete batekin bainoago, frankismoaren kontra agertutako jarrerarekin zegoela lotuta. «Pentsatu zuten ni alkatetzatik kenduta udaletik kanpo geratuko nintzela, baina ez ziren ohartu zinegotzi izaten jarraituko nuela».

Atzeko atetik sartu zuten

Ikurrina jartzearen aldeko mozioa aurkeztu baino egun batzuk lehenago hasi ziren dena prestatzen udaletxean. Orduan Sindicato Verticaleko kide zen Javier Iabenek BERRIAri azaldu dioenez, Caballerok berak deitu zion, eta azaldu bandera bat eta masta behar zituztela. «Oso lagun onak ginen. Berehala esan nion baietz, lortuko nituela». Iabenek gogoan du nork egin zituen ere. «Masta Javier Garaikoetxeak egin zuen [Karlos Garaikoetxearen anaiak] eta bandera, berriz, Fernando Varak». Lanak amaituta, ikurrina eta masta Iruñazarra taberna pareko lokal batean gorde zituzten mozioaren bozketa egunera arte. «Eguna heldu zenean, udaletxeko atzeko atetik sartu genituen, isilean».

Urtarrilean, ikurrina legezkotzat jo zuen Espainiako Gobernuak, baina soilik hiru probintziatan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez, aldiz, Nafarroan. «Horrek ere izan zuen eraginik, udalean mozioa aurkezterakoan. Baina, batez ere, eta beste ezeren gainetik, frankismoaren aurkako ikur nagusietako bat zen ikurrina, bandera gorriarekin batera, eta horregatik jarri zuten balkoian», esan du Patxi Zabaletak. Bera ez zen oraindik udalean, baina bertatik bertara bizi izan zuen egun historiko hura.

Urtarrilaren 26ko udal bilkuran gai asko zeuden eztabaidatzeko, eta horietan azkena zen ikurrina legeztatzearena. «Eztabaida egon zen, Caballerok behin-behinean legeztatzea nahi zuelako eta beste batzuek behin betiko egitea nahiago zutelako. Laster egin behar zituzten hauteskundeak, eta azken erabakia horien ondoren sortuko zen udal gobernuak hartzea nahi zuen Caballerok», azaldu du Iabenek. Haren proposamenak egin zuen azkenean aurrera.

Jendea, kalean urduri

Udalean hamabi zinegotzik egin zuten ikurrina balkoian zintzilikatzearen alde, batek dimisioa eman zuen, eta beste bi irten egin ziren aretotik bozketa egin baino minutu batzuk lehenago. «Kanpoan jendea oso urduri zegoen, uste zutelako osoko bilkura luzatzearen arrazoia ikurrinaren inguruko eztabaida zela, baina ez zen hala. Batzuk Caballeroren aurka oihukatzen ere aritu ziren», esan du Iabenek.

Azkenean, irten ziren alkate eta zinegotziak balkoira ikurrina eskuetan, eta jarri zuten hura ere plazan bildutakoen txaloen artean. Ordea, ikurrina jartzeko ohorea ez zen alkatearena izan, Erizerena baizik, zinegotziek era horretan salatu nahi izan baitzuten gobernadore zibilak hura alkate kargutik kendu izana. «Plaza beteta zegoen, eta jendea oihuka. Bazegoen gogoa frankistei aurre egiteko, eta guk argi genuen herritarrek eskatzen zuten zerbait zela hura», gogoratu du Erizek.

«Lau urte egin zituen ikurrinak balkoian, inolako arazorik gabe [bozetatik irtendako udal gobernuak legezkotzat jo zuen hilabete batzuk geroago, udan]. Baina, 1981ean, beste bozketa bat egin zuten, eta, aldeko hamazazpi botorekin eta kontrako hamarrekin, kentzea erabaki zuen udalak», esan du Zabaletak. Bozketan izan zen liskarrik; izan ere, Manuel Perez Balda sozialistak ikurrina balkoian uztearen alde egin zuen, eta, ondorioz, kanporatu egin zuten alderditik, «nahiz eta gerora epaitegiek arrazoi eman».

Urteak igaro ziren ikurrina udaleko balkoian berriz agertu zenerako. 2015eko sanferminetan izan zen, EH Bilduko Joseba Asiron alkatetzara heldu berritan. «Nire ustez, bandera bakar bat ere ez dago soberan. Alderantziz, bat falta zen. Aldaketaren seinale da ikurrina udaletxeko balkoian egotea», esan zuen orduan Asironek.

Ikurren Legearen arabera, beste erkidego bateko ordezkarien bisita ofizialetan bakarrik zintzilika daitezke udaletxean Nafarroakoak, Iruñekoak, Espainiakoak eta Europakoak ez diren banderak, eta horixe izan zen 2015ean ikurrina zintzilikatzeko arrazoia; alegia, Eusko Legebiltzarreko hiru kideren bisita. Baina erabakia auzitara eraman zuen Espainiako Gobernuaren ordezkari Carmen Albak, eta epaileek haren alde egin zuten, eta erabaki «lege iruzurra» egin zela. Ondorioz, geroztik ez da berriro zintzilikatu, ezta 2016ko txupinazoan ere.

Sortutako eztabaidaren ondotik, Ikurren Legea indargabetzeko konpromisoa hartu zuten aldaketaren indarrek, Geroa Bairen proposamen baten haritik. Ordea, egitasmoa orain ez da gobernuaren «lehentasunen artean».

BERRIAn argitaratua (2017/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA