astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

gizartea

ALEJANDRO FORERO CUELLAR

«Kartzelak ez ditu helburuak betetzen»

Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja

«Kartzelak ez ditu helburuak betetzen»

Kartzela kalera! jardunaldietan parte hartu zuen Alejandro Forero Cuellarrek (Bogota, Kolonbia, 1981), gaur zortzi, Bilbon. «Kartzela, noiztik, zergatik eta zertarako?» galderei buruz jardun zen GITE elkarteak antolatutako solasaldian, Estibaliz de Miguel Calvorekin. Forero Bartzelonako Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Zigor Sistemaren Behatokiko ikertzailea da, eta Soziologiako doktore eta kriminologia kritikoan aditua.

Azaldu duzunez, egungo espetxe sistema nahiko berria da.

Ezagutzen dugun kartzela eredua estatu modernoaren produktua da. Sistema feudalean, badaezpadako egoeran zeuden pertsonak espetxean, zigorra gauzatu baino lehen alde egin ez zezaten: zigor fisikoak, herriko plazan martirioa, atzerriratzea... Estatu modernoarekin, ordea, kartzelaren funtzioa aldatu egin zen: zigorra betetzeko tokia bihurtu zen. Askatasun gabetzea zen zigorra: pertsonei denbora kendu ahal izatea.

Beraz, jauzia egin zen zigor fisikotik diziplina zigorrera?

Bai. Kapitalaren produkzio eta pilaketa eredu aldaketaren ondorio izan zen. Estatu eredu feudala nazio-estatu eredu moderno bihurtu zen: estatu hegemoniko, boteretsu eta indartsuaren eredura. Espetxe modernoaren funtzioaren jatorria Erdi Aroko lan etxeetan dago. Toki horietan sartzen zituzten ezer egin gabe bizi zirenak, alkoholikoak, eskaleak, prostitutak eta abar. Zertarako, eta fabrikako lanaren bitartez diziplinatzeko. Eredu hark pertsonei denbora kentzen zien, eta fabrika logikan diziplinatzen.

Baina eredu hori ere gainditu dela azaldu duzu.

Autore batzuek diote diziplinaren eredutik kontrolera igaro dela. Espetxe kanpoko zein barruko bizitzarekin harremana dauka kontrol horrek.

Aipatu duzu badagoela diskurtso bat kartzelaren garapenarekin lotutakoa: gaur egun kartzelak garbiagoak direla, lehengoak okerragoak zirela...

Diskurtso horrek dio espetxea humanizatu egin dela pixkanaka. Hasieran, zigortutako pertsonaren gorputza herriko plazan zatitzen zen. Gero, pertsona giltzapetu egiten zen, baina kartzelaren egoera kaltegarria zen osasunerako. Diskurtso horrek dio kartzelak garbituz joan zirela, eta argitasuna eman zitzaiela. Zigorra izateari utzi diola espetxeak, eta presoei laguntzeko neurria dela; pertsonak berriro hezten dituela, eta gizarteratu, legea berriz urra ez dezaten.

Aurreko egunotan jakin da kartzelan hil dela 40 urteko bilbotar bat, hemezortzi urte bakartuta egin ondoren. Nola uztartzen da kasu hori diskurtso horrekin?

Kartzela orain zigor fisikoa ez dela dioenak ez du ezagutzen egoera. Badaude kartzela pairatu dutenen biografiak, batez ere bakartzea pairatu dutenenak. Badaude bakartzearen eraginari buruzko txostenak, ikuspegi psikosozialetik eginak: kartzelak, denbora kentzeaz gain, pertsona gisa suntsitzen ditu presoa, familia eta ingurua. Zigorraren bizipena fisikoa eta mentala da. Bakartzea ez da zigorra betetzeko neurri bat; bakartzea da legeztatutako zigor oso gogorra, eta, Espainian bereziki, gehiegi erabiltzen da presoen gaineko zigor eta errepresio tresna gisa. Bakartuta daudenen suizidio indizea oso handia da, baina ezin da protokolorik aplikatu, bakartzean presoak bakarrik egon behar duelako. Bakartzea heriotza zigorra da, edozein garaitan gerta baitaiteke.

Baina hori da kartzelaren arrazoibidea gaur egun?

Kartzelak kanpoan dauden pertsonak ere diziplinatzen ditu, kontrolatzen ditu. Inork ez du uste kartzelak birgizarteratzen duenik: ez presoek, ez funtzionarioek, ez bertako langileek. Itxurazko mendetasunaren mundua da: presoek esandakoa betetzen dute, ahalik eta azkarren ateratzeko. Baina kontrola da arrazoibidea: kalean bazaude, berriro ere sar zaitzakete espetxera; gainera, kaleko bestelako kontrol moduekin batera doa.

Orduan, zergatik kartzela?

Kartzelak ez ditu betetzen helburuak. Baina oso eraginkorra da kontrol neurri gisa. Adibidez, immigrazioa kontrolatzeko oso eraginkorra da; populazio jakin batzuk kontrolatzeko bide bat da. Estatuaren aldetik, biolentzia politikorako tresna da oraindik ere edozein disidentziaren aurka, euskal gatazkatik haratago ere.

Beste gai bat ere aipatu duzu: kartzela sistema modernoaren aurretik ere zaintza erabiltzen zela, emakumeak zigortzeko.

Aipatu ditudan lan etxeetan, egonean zebiltzan pertsonak sartzen zituzten tokietan, fabrikaren arrazoibidean trebatuz joan ziren, kartzela sistema modernoa sortu arte. Baina, historikoki, emakumeek pairatu dute gehien zaintza eta kontrol mota hori. Izan ere, ezarritako arauekin bat ez datorren portaera soziala beti kontsideratu da okerragoa emakumeengan gizonengan baino. Emakumeak beti giltzapetu dituzte: babes etxeetan, ospitaleetan, erruki etxeetan... Etengabeko zaintza jasan dute emakumeek, sexualitatearen kontrola...

Beraz, kartzela sistemaren garapena desberdina izan da generoari dagokionez?

Arazoa da kartzela gizonentzat pentsatu dela. Beraz, emakumeek eta gizonek ez dute bizi modu berean. Gizonak badira presoen %92 inguru, kartzelaren araudia ezin bete daiteke emakumeen kasuan: denak batera daude, ezin sailka daitezke hainbat modulutan. Bestalde, emakumeak askoz gehiago medikatzen dituzte. Portaera disidenteak desberdin tratatzen dira: emakumeari pilula ematen zaio lasaitzeko, histerikoa delako; ez da hartzen erresistente politiko gisa.

Kartzela izan daiteke borroka politikorako tresna?

Badago eztabaidarik. Baina kartzela ez da sortu boteretsuak hartzeko; boteretsuek ez dute bizi kartzela. Beraz, daukagun kartzela ereduaren ikuspuntu abolizionista batetik, zentzurik izango luke guztiz deuseztatzeak? Edo kartzela erabili beharko litzateke tresna politiko gisa, min soziala eragin duten prozesu handietako boteredunak giltzapetzeko: ingurumen delituak, genozidioak, estatu terrorismoa, torturak eta abar egin dituztenak? Pertsona horiek kartzelan behar lukete? Kartzela sekula ez da izango boteretsuentzat, eta, gainera, ez du betetzen sorrerako helbururik: alegia, ez du boteretsua berriro heziko lapurtzea utz dezan, ezta delituak berriro egitea saihestuko ere; txiroentzako balio ez badu, boteretsuentzako ere ez. Aitzitik, kartzela badaezpadako neurria izan daiteke, bestelako helburuak izan ditzake: pertsona horrek lapurtutakoa itzul dezan, egia argitu dezan eta justizia egin dadin.

BERRIAn argitaratua (2017/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA