astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

ekonomia

'Bizkaia first'

Jon Fernandez

'Bizkaia first' Jon Fernandez

America first» Washingtonen entzun eta lau egunera aldarrikatu dute Bilbon Bizkaia first. Euskara garbian esanda: Lehendabizi, geurea. Alegia, inoiz baino globalagoa dela protekzionismoaren sukarra. Adierazpen hori egiteak ez du Bizkaiko patronaleko burua Trump bihurtzen automatikoki, ezta gutxiago ere; baina paralelismoak begi bistakoak dira. Merezi du hastea neurria hartzen protekzionismoari —denon protekzionismoari—, dakartzan arrisku eta kontraesan guztiekin. Labainkorretan labainkorrena baita globalizazioa vs protekzionismoa borrokaren gudu zelaia.

Iñaki Garcinuñok eskatu du bertakoak hobesteko Eusko Jaurlaritzak eta gainontzeko administrazio publikoek erosketak edo adjudikazioak egiten dituztenean. Aho bizarrik gabe adierazi du adjudikazio horiek ez luketela zertan «lehiaketa garbiak» izan, «legearen barruan, betiere». Sendoa da diskriminazio positiboa justifikatzeko argudioa: langabe gutxiago leudeke Bizkaian, eta foru ogasunak zerga gehiago bilduko lituzke. Trumpek ere horien defentsan hartu ditu neurriak; behargin zuriak babesteko, globalizazio basatiak miseria gorrira eramandakoak.

Baina, eman buelta txanponari. Deigarria da euskal enpresarien ordezkarien eskaria, jakinda hemengo konpainien indargune nagusia esportazioak direla. Zer egingo lukete Iberdrolak, CAFek, CIEk, Gestampek, Gamesak, Irizarrek, Ampok... neurri protekzionista gogorragoak balituzte kontratu milionarioak lortzen dituzten herrialdeetan? Ez al daude dardarka, esate baterako, autogintzako euskal enpresak Trumpek Mexikon sortu duen olatuak eurak ere bustiko dituelakoan? Ez al daude atezuan brexit-ak esportazioentzat eta adjudikazioentzat ekar ditzakeen zailtasunengatik?

Globalizazio neoliberalak ekarri dizkie onura batzuk Mendebaldeko herritarrei: arropa eta teknologia merke erosteko aukera, bi adibide erraz aipatzearren. Erdiko klasea orokortzearen ilusio faltsua errotu du, 2008ko krisiak ametsa txikitu zuen arte. Jakina, hori guztia Asiako eskulan merkeari esker izan da; eta ordaina pagatu behar izan du hemengo enpleguak ere: deslokalizazioak eta lan baldintzen prekarizazioa. Gero eta jende gehiago dago haserre sistemarekin. Soluzioa protekzionismoa da?

Diskriminazio positiboa globalizazioa bezain ona eta txarra da, neurriaren arabera; ezinbestekoa ere bada sektore eta arlo askotan. Gakoa, ordea, protekzionismoa edabe magikotzat saltzen dutenen argudioetan dago.

Herritarren mesedetan eta stablishment-aren kaltetan saldu du Trumpek; Garcinuñok ere langabezia txikitzea eta zerga bilketa igotzea erabili ditu arrazoitzat. Berbak dira horiek; kontua da bat ote datozen ekintzekin.

AEBetako presidenteak multimilionarioz osatu du gobernua, globalizatzaile neoliberalenekin. Nekeza da pentsatzea langile prekarioen interesak jarriko dituztela beraien negozioen aurretik. Bestalde, Cebekeko burua «arduratuta» dago Bizkaiko Diputazioak kontratuetan klausula sozialak sartuko dituelako lan baldintzak hobetzeko; eta eskatu du enpresei zergak gehiago jaisteko, traba direlako lehiakortasunerako. Zeinek sinesten du langilea dela lehentasuna han-hemen loratzen ari den protekzionismoarentzat?

BERRIAn argitaratua (2017/01/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA