astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

bizigiro

MIREN ORMAZABAL

«Borrokarako fronte asko genituen zabalik»

Beñat Alberdi

«Borrokarako fronte asko genituen zabalik»

Irakasle lan egin du Miren Ormazabalek (Antzuola, Gipuzkoa, 1952). Izan ere, Irakasle eta Euskal Filologia ikasketak egin zituen. Arabako Emakumeen Asanbladako sorreran parte hartu zuen, «beste emakume askok» bezala. Zehaztu du beste borrokalari bat izan dela. 40. urteurrena gogoratzeko argazki erakusketa prestatu du taldeak; Gasteizko Ignacio Aldekoa gizarte etxean dago ikusgai otsail erdira arte. Bihar, berriz, kide beteranoek hitzaldia emango dute hasiera eta bilakaera azaltzeko, 19:30ean, gizarte etxe horretan bertan. Ormazabalek uste du taldearen sorreratik gizartea aldatu egin dela, baina parekidetasuna lortzeko pauso gehiago falta direla.

40. urteurrena aitzakia polita da sorrera gogoratzeko, ezta?

Bai, halaxe da. Gainera, gaur egun feminismoan lan egiten duten hainbat emakumek nahi izan dute hasiera gogora ekarri.

Argazki erakusketa ere prestatu dute. Irudi bereziak izango dira?

Garai haietako mobilizazioen argazkiak daude, baita deialdienak ere. Argazki eta deialdi artxibo polita da.

40 urte bada denboratxoa. Nolakoa zen orduko errealitatea?

Diktadura batetik gentozen, eta ezkerreko alderdiek indar handia zuten. Emakumeon egoera garai hartan oso latza zen. Heziketa berezi bat jasotzen genuen txikitatik.

Nola duzu gogoan heziketa hura?

Oraindik mantentzen den ideologia patriarkal judukristauan hezten gintuzten. Horrez gain, eskoletan mutilak eta neskak bereizi egiten gintuzten. Neskok irakasgai bereziak izaten genituen.

Etxean lan egiteko prestatzen zintuzteten, ezta?

Hori da. Gizartean bete behar genituen rolekin lotutako irakasgaiak ziren; josketa, esaterako. Eskolan ikasten genuen familia zaintzen, etxeko lanak ondo egiten eta modu batean sozializatzen.

Belaunaldi gazteek kostata imajinatuko lukete egoera hori...

Badirudi aurrerapausoak duela asko lortu zirela, baina duela 40 urte zen. 1977an, generoka bereizitako eskolak zeuden Gasteizen; bakarra zegoen mistoa. Hala ere, sarrera bat zeukan neskentzat, eta beste bat mutilentzat.

Indarrean zegoen ereduari erantzuteko piztu zen borroka feminista?

Hainbat arrazoi daude. Mugarria izan zen 1976ko martxoaren 3ko ekintza tamalgarria [bost langile hil eta ehun baino gehiago zauritu zituen poliziak]. Emakumeak kalera atera ziren euren gizonen eskaerak defendatzera, sutsuki. Gainera, ordurako bazeuden emakume langileak euren eskubideak defendatzen. Bestalde, Gasteiztik kanpo ikasi zutenek feminismoarekin harremana eginda zeukaten, Bartzelonan edo Madrilen.

Hori bultzatuta sortu zen Emakume Asanblada?

Jada emakume asko genbiltzan batzen eta bilerak egiten. Ekintza dezente egin genituen taldea sortu aurretik. Gogoan daukat emakumeek emandako mitin bat. 800 bat andre elkartu ginen bertan. Taldearen izenean egin genuen lehen ekintza komunikatu bat izan zen.

Bertan, argi utzi zenituzten zuen asmoak

Bai. Alde batetik, martxoaren 3ko emakumeek nolako borroka aurrera eraman zuten azaldu genuen, eta zeinen garrantzitsua izan zen nabarmendu genuen; beste alde batetik, gure eskaerei begira, aurrerapauso batzuk eman behar genituela berretsi genuen.

Borroka askotan murgildu zineten, ezta?

Fronte asko geneuzkan: lan eremuan berdintasuna, dibortzio legea onartzea, antisorgailuak legeztatzea, abortua dohainik eta gizarte segurantzan eskuratzea, homosexualitateari zigorrak kentzea eta abar. Bortxaketena ere mahai gainean jarri genuen.

Nola egin zenuten borroka eskaeron alde?

Abortuaren aurkako epaiketak egin ziren, eta Gasteizko epaitegi aurrean kateatu ginen. Antisorgailuak legeztatzeko, berriz, itxialdiak egiten genituen osasun etxean. Etengabe genbiltzan ekintzak egiten.

BERRIAn argitaratua (2017/01/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA