astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

mundua

AHMET YILDIRIM

«Gobernua etengabeko gerra politika bultzatzen ari da kurduen kontra»

Jose Miguel Arrugaeta Orsola Casagrande

«Gobernua etengabeko gerra politika bultzatzen ari da kurduen kontra»

Turkiak kartzelatu ez duen HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatu bakanetakoa da Ahmet Yildirim. Recep Tayyip Erdogan presidentea iazko azarotik ari da, egun batean bai eta bestean ere bai, alderdi kurduzaleko ordezkariren bat atxilotzen, terrorismoa babesten dutela leporatuta. Aurrerantzean, gainera, errazago izango du. Turkiako Parlamentuak konstituzioaren erreforma onartuta, ia botere absolutua eman dio Erdogani, eta egungo errepublika sistema presidentziala bihurtu du. Uztaileko estatu kolpe saiakeratik sei hilabetera, badirudi presidentea eta haren alderdia inoiz baino sendoago daudela, egoera ekonomikoa gero eta larriagoa bada ere.

Konstituzioaren erreforma onartu du Turkiako Parlamentuak. Zer eragin izango du horrek?

AKPren Konstituzio proposamena onartuta, herrialdeko panorama politikoa zeharo aldatuko da. Errepublika presidentzial batek botere handiagoa emango dio Recep Tayyip Erdogani: ministroak izendatu eta kendu ahal izango ditu, eta ez da lehen ministrorik egongo; agian, presidenteorde gehiago. Proposamena onartu egin dute lehen irakurketan. Bigarrena falta da, artikuluz artikulu egin beharrekoa, baina badirudi onar dezaketela. Guk, HDPk, Konstituzioaren proposamen alternatibo bat aurkeztu dugu, nabarmena baita AKPren proposamena gutxi batzuek prestatu dutela eta ez duela ordezkatzen ez errealitatea, ez herrialdearen egitura, eta are gutxiago bertako giro politikoa.

Bozketak agerian utzi du oposiziorik ez dagoela, ezta?

Turkian gu gara benetako oposizio bakarra. Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak 316 diputatu ditu. Konstituzioa aldatzeko, 330 boto behar zituen, eta eskuineko nazionalistek aldeko botoa eman dute: MHPko 40 diputatuek. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa eta gure alderdi HDP izan gara kontra bozkatu dugun bakarrak.

HDP garesti ordaintzen ari da kurduen eta gutxiengoen eskubideak babestea.

Triskantza eragin dute gure alderdian: ehunka diputatu, alkate eta militante espetxeratu dizkigute. Hain zuzen, egunotan egin ditu fiskaltzak gure bi lehendakarikideentzako kartzela zigor eskaerak: 142 urtekoa Selahattin Demirtasentzat, eta 83 urtekoa Figen Yuksedagentzat. Akusazioak zein diren? «Progaganda terrorista egitea, bortizkeria eta gorrotoa sustatzea eta jendea krimenak egitera bultzatzea». Arrisku larrian daude Erdogan eta haren alderdikideak kritikatzen dituzten kazetariak. Pentsa, komunikazio talde kontserbadoreei eta kemalistei ere leporatu diete Fetullah Gulenekin lotura izatea.

Sei hilabete pasatu dira estatu-kolpe saiakeratik. Argitu al dezakezu zein den herrialdearen egoera ordutik?

Turkian gertatzen ari denaren larritasuna argi eta garbi erakuts dezakegu zenbakiekin. Hiru hilabetez luzatu dute larrialdi egoera, eta, ezohiko egoera horretaz baliatuta, zenbait dekretu onartu dituzte. Azkenekoek, 667.ak eta 678.ak, esaterako, baieztatu egin dute 375 elkarteren eta bederatzi komunikabideren itxiera, «segurtasun nazionalaren kontrako ekintzengatik». Erakunde publikoetako, ministerioetako eta defentsa eta segurtasun sailetako 15.726 langile kaleratu dituzte. Uztailetik, 36.000 lagun atxilotu dituzte: kazetariak, epaileak, akademikoak, enpresaburuak, poliziak eta militarrak. Beraz, Turkiako Gobernuak, guztira, 115.000 lagun purgatu ditu azken sei hilabeteetan, ustez harremana dutelako Fetullah Gulenen erakundearekin. Gulen, Ameriketako Estatu Batuetan bizi den klerikoa, Erdoganen aliaturik fidelena eta euskarri nagusia zen; gaur egun, aldiz, uztaileko estatu kolpea bultzatzea leporatzen dio presidenteak berak.

Egoera politikoaz gain, egoera ekonomikoa eta soziala ere gero eta larriagoak dira Turkian. Zer duzu horretaz esateko?

Langabeziak hazten jarraitzen du: urrian, %11,8 izan zen, eta gazteen langabezia %21,2 da. Lira turkiarra balioa galtzen ari da dolarrarekiko, baita Turkiako Banku Zentralak abenduan interes tasak igo eta urtarrilaren 11n merkatuan 1.500 milioi dolar sartu eta gero ere.

Hainbat arrazoik eragin eta hauspotu dute krisia. Laburbilduz, 2002tik 2008ra, ekonomiaren urteko batez besteko hazkundea %6,8 izan zen, baina, azkeneko hamar urteetan, %3,5era jaitsi da. Gerrak eta gatazkak eragin oso kaltegarria izan dute turismoan. Turismoa hazkundearen motor garrantzitsua da; Turkia munduan gehien bisitatutako seigarren herrialdea izan zen 2014an. Turismoari dagozkio BPGaren %12,5 eta enpleguaren %8,3. Baina iazkoa urte izugarria izan zen turismoarentzat, batez ere militar turkiarrek Errusiako hegazkin militar bat eraitsi eta gero, 2015eko azaroan: turista errusiarren kopurua %95 amildu zen iaz, eta, pentsa, Turkiak ia lau milioi eta erdi turista errusiar jasotzen zituen urtero.

Badirudi Turkian aliantzak aldatzen ari direla eta horrek ondorio nabarmenak dituela herrialdean eta eskualdeetan. Hala al da?

Bai, Erdogan eta haren taldea aliantzak aldatzen saiatzen ari dira, eta, aldaketa horretan, Errusiarekiko harremanak oso garrantzitsuak eta estrategikoak izango dira. Aldi berean, Erdogan harremanak bultzatzen ari da Iranekin, eta Latinoamerikara begiratzen du, hura izan baitaiteke alternatiba Europako merkatuarentzat; funtsean, Alemaniako merkatuarenzat, Alemaniara egindako esportazioak BPGaren %28 baitira.

Hitz egin dezagun kurduez. Ba al dago aukerarik bake prozesuren bat abiatzeko?

Erdogan presidenteak alde bakarreko erabakiz utzi zuen bertan behera bake eta negoziazio prozesua, 2015eko apirilean. Prozesu hark mugak zituen, baina abiatzen ari zen. Erdoganek, bada, gerra deklaratu die kurduei. Milioi bat eta erdi kurdu baino gehiago behartu dituzte setiatutako hirietatik ihes egitera; Cizretik, Silopitik, Yuksekovatik edota Diyarbakirtik. Heriotza eta hondamendia, hori da emaitza, militarrek eta indar bereziek jazarrita. Demokratikoki aukeratutako ehunka ordezkariri immunitatea kendu diete, eta atxilotu egin dituzte. Turkiako agintariek argi eta garbi adierazten dute zer nahi duten: Sri-Lanka eredua deitzen diote.

Herrialdearen hego ekialdeko kurduen kontrako errepresio politikak eta gerrak suntsitu egin dituzte eskualde horretako ekimen ekonomikoak ere. Gure hiri eta herriak bonbardatu eta txikitu egin dituzte; urteak beharko dituzte berriro arrakastatsuak izateko. Gobernua etengabeko gerra politika bultzatzen ari da 2015eko apiriletik. Eta egunetik egunera makurragoa da egoera.

BERRIAn argitaratua (2017/01/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA