astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

bizigiro

Eguberrietan, burua hotz

Ihintza Elustondo

Eguberrietan, burua hotz

Zenbait herritan hasi dira Gabonetako argiak zintzilikatzen. Baita gaztainak saltzen ere. Azken boladan tenperatura epela nagusi bada ere, Eguberrietarako hilabete pasatxo baino ez da falta. Jendeak ohi baino gehiago kontsumitzeko joera du urteko sasoi horretan, eta kontsumitzaile elkarteek erosketak egin aurretik «ondo pentsatzea» aholkatu dute.

Estatistiken arabera, Nafarroako familia bakoitzak, batez beste, 544 euro gastatu zituen iaz: 232 euro elikagaietan, 227 oparietan eta 85 loterian. Alberto Lazkoz Nafarroako Iratxe kontsumitzaileen elkarteko kideak azaldu duenez, azken urteetan —2008az geroztik—, krisiaren eraginez, kontsumoak behera egin du. Baina 2013ko Eguberrietatik aurrera, «pixkanaka-pixkanaka» egoera ekonomikoak hobera egin duenez, gora egin du kontsumoak ere, nahiz eta oso igoera «arina» izan den. Aurten ere joera horrek jarraituko duela espero du.

Gauza bera nabaritu du Jose Luis Segurak azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskal Herriko Kontsumitzaile Antolaketako komunikazio arduraduna da, eta, haren esanetan, «aurtengo Gabonetan segur aski kontsumoak eta gastuek gora egingo dute». Dena den, 2008ko Gabonetatik aurrera antzeman diren ohitura aldaketa batzuei eutsi egingo zaiela uste du. «Jendeak erosketa planifikatuagoak eta neurtuagoak egiten ditu». Elkartean betidanik proposatu dituzten kontsumo jokaerak azaldu dira gizartean, eta uste du finkatu ere egin direla. «Baina krisiaren eraginez izan da, ez kontsumitzaileok hausnarketa sakon bat egin dugulako eta krisia heldu aurretik gehiegizko kontsumoa egiten genuela ohartu garelako».

Gabon garaia hurbiltzen hasten denean, ugaritu egiten da publizitatea, eta areagotu jendearen kontsumorako desioa. «Presio» hori dela-eta, Lazkozen iritziz, ezinbestekoa da «arduraz» jokatzea. «Zailagoa da, baina gomendatzen dugu egoerak gain hartzen ez uztea eta burua hotz izatea». Familia bakoitzak bere egoera ekonomikoa aztertu behar du: «Nola gaude? Zenbat gasta dezaket? Zenbat gastatu nahi dut?». Publizitatearen helburua saltzea dela jakinda, kontsumitzaileari dagokio mugak jartzea.

Gero eta arduratsuago

Gero eta gehiago egiten dira erosketak «zuhurtziaz», eta Segurak emandako datuek erakusten duten: 2007an —krisia heldu aurretik— kontsumitzaileen %43rentzat prezioa zen opariak erosteko faktore nagusia. Iaz, berriz, %94rentzat. 2007an, %29k egin zuten Gabonetako gastuentzat aurrekontu bat; 2008ko Gabonetan, ia kontsumitzaileen erdiek; eta, iazko Gabonetan, ia kontsumitzaileen %90k. Gainera, jendeak erosketak lehenago egiteko ohitura hartu du; krisia heldu baino lehen, erosketen %65 abenduaren lehen hiru asteetan pilatzen zen.

Beste aldaketa esanguratsu batzuk ere ekarri ditu krisiak. Duela zazpi edo zortzi urte «imajinaezina» zen bigarren eskuko produktuak oparitzea, Seguraren arabera, eta egun ohikoa bilakatu da. Baita opariak taldeka egitea ere. «Jende asko oso larri ibili da, eta Gabonetako kontsumoa moldatu egin dute». Urtarrileko merkealdian erosten diren oparien kopurua ere asko igo da, eta lehen, oso «arraroa» zen hori. Internet bidez ere gero eta jende gehiago animatzen da erosketak egitera.

Ekonomiaren beherakadak hala behartuta jendeak kontsumo arduratsuagoa egiten badu ere, Segurak eta Lazkozek gomendio batzuk eman dituzte datozen Eguberrietarako.

Lehenik eta behin, bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren araberako aurrekontu bat prestatzea komeni da. Aurrekontu horri lotuta, benetan aprobetxatuko diren produktuen zerrenda egitea aholkatu dute, eta zerrenda horretatik kanpo dauden produktuak saihesten saiatzea.

Behin zerrenda prestatuta, azken unera arte itxaron gabe, lehenago joatea komeni da erosketak egitera. Hala eginez gero, «dezente» aurrez daiteke, azken unean gora egiten baitute prezioek. Lazkozen arabera, «orain da garaia, edo hemendik denbora gutxira».

Bestalde, saltoki batetik bestera produktu beraren prezioak alderatzea gomendatu dute, aldaketak egoten baitira. Segurak azaldu duenez, «jostailuen salneurrietan ezberdintasun handiak nabari daitezke hiriko zentroetan eta auzoetan». Eskaintza eta promozioak bilatzea ere egokia da, baina komeni da ondo aztertzea eskaintza horren atzean zer dagoen.

Adituen iritziz, hobe da beti esku diruarekin ordaintzea txartelarekin baino. Poltsikotik ateratako diruak «min handiagoa» egiten duelako eta gehiago ohartzen delako eroslea egiten ari den gastuaz. Eta ordainagiria gordetzea aholkatzen dute, erreklamazioren bat egin behar izanez gero.

Abenduaren erdi aldetik aurrera igotzen dira prezioak, eta, bereziki, elikagaienak. Horregatik, janaria lehenago erosi eta izoztea gomendatu dute. Hori bai, behar den moduan egin behar da prozesu guztia, janaria honda ez dadin.

Helduei zaila egiten zaie publizitatearen tentazioa saihestea, baina haurrei are eta gehiago. Horregatik, gurasoei zuhurtziaz jokatzeko aholkatu diete haurren jostailuak aukeratzerakoan. Heziketa bide dira jostailuak, eta ez da komeni haurrari nahi duen guztia erostea. Seguruak direla egiaztatu behar da, zein adinetarako diren egokiak begiratu, eta izaera hezitzailea kontuan izan. Taldean jolasteko jostailuak dira egokienak, eta sexistak eta belikoak saihestea gomendatzen dute.

BERRIAn argitaratua (2015/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA