astekaria 2017/01/27
arrowItzuli

gizartea

'Zipaioak' Katalunian

Jose Mari Pastor

'Zipaioak' Katalunian Jose Mari Pastor

Canigó aldizkaria 1954. urtean sortu zen Figueresen (Girona, Herrialde Katalanak). Hiru hamarkadan sentimendu nazional katalana pizten jardun zuen, 1983an desagertu zen arte, arazo ekonomikoengatik. «Erradikalegiak zarete», esan zien hedabidearen ordezkariei Max Cahnerrek, Jordi Pujolen gobernuko Kultura kontseilariak, laguntzak kentzea justifikatzeko. Aldizkariaren azken zuzendaria Isabel-Clara Simo idazlea izan zen. Simo valentziarra dugu jaiotzez. Argitalpenaren bidez batasun sentimendua eman nahi izan zien Herrialde Katalanei. Idazleak Joan Fusterren eragina izan zuen hasierako garai haietan. Fuster ere valentziarra zen. Berak bultzatu zuen Països Catalans kontzeptua bere obrarik esanguratsuenean: Nosaltres, els valencians.

Isabel-Clara Simok Letra Katalanen Ohorezko Saria jaso du aste honetan. Periferiako begiradak ikuspuntu zorrotz eta kritikoa eman dio nazioari osotasunean begiratzeko. Saria jaso eta gero, ahoan bilorik gabe mintzatu da Simo: «Herrialde Katalanetan egoera probintziano belaunikatu eta kolonizatuan bizi gara. Ez da gauza berria, baina hori ezin jasan daiteke gehiago». Hitz horiek berriro ere aipatu ditu, modu gordinago batez, El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketan. Haren ustez, Kataluniako prozesuan klase ertainak du protagonismoa, ez burgesiak edo langileriak. Burgesia katalana «koldarra eta kolonizatua» da. Batasun falta salatu du idazleak: «Zergatik ez gara koordinatu independentziaren aldeko fronte komun bat sortzeko? Euren artean, zati bat, Albert Boadella eta Ciutadansen ingurukoak kasu, zipaio bihurtu dira. Kolonizatuen borondateaz jarduten dute, espainiarrak sentitzen dira».

Elkarrizketan zipaio hitza aipatu izanak hedabide espainiarreko zenbait irakurle asaldatu ditu. Batasunoen hizkera erabiltzea egotzi diote idazleari. Baina zipaio esatean Simo ez da gure polizia ia epaitu ezinezkoari buruz ari. Espainiarekin modu eraginkorrean bat egitea erabaki duten herritar katalanei buruz ari da. Zipaio aktiboak dira, metropoliaren ordezkariak. Beste hainbat herritarrek ez dute zertan espainiar sentitu, baina haien epelkeria zipaioen sostengua da. Zipaio pasiboak izan daitezke.

Zipaioak Katalunian. Eta hemen? Gure erradikaltasun politiko nazionala ez da oraindik sendo gorpuztu. Zer egin dugu gaizki abertzaletasun ez folklorikoa hain ahul egoteko? Gizarte zibila mugitzen hasia da, baina Kataluniari begiratuz gero, lekutan gaude, dudarik ez. Zenbat zipaio ditugu geure artean? Erraza da uniformedunak identifikatzea eta haiek kritikatzea eta jomugan izatea. Hala ere, zipaismo mota asko daude eta horiek guztiak kolonizatzaileen jarrerak indartzen dituzte. Zipaismo politikoa: posibilismo hutsaren bideetan abiatzea, era horretan metropolia beti garaile izango dela jakinda ere. Zipaismo sozial eta kulturala: Espainian —eta Frantzian— nagusi diren sorkuntza, ohitura eta kontsumo joerak zentzu akritikoan irenstea —denek ez dute txarrak izan behar, baina geure egiten ditugu galbaherik gabe, itxurazko aldaketa bakarrarekin: sonbreiru kordobarraren ordez txapela jantzi eta kito—. Zipaismo linguistikoa: kontzienteki edo ez, erdararen aldeko jarrera hartzea, aktiboki edo pasiboki, beste hizkuntzaren aurreko menpekotasunean gehiago erortzeko. Hori are okerragoa da euskal hiztun abertzale independentisten artean gertatzen denean. Nola jokatzen dugu egunerokoan? Zipaioak besteak dira beti? Ez ote gara gutako gehienak ere zipaioak izango, zipaioak goilaino artean, maila batean edo bestean?

Zipaismoak ez du mugarik. Carme Balcells literatura agenteak Gabriel Garcia Marquez, Mario Vargas Llosa, Julio Cortazar, Carlos Fuentes, Pablo Neruda eta abar ordezkatu zituen. Miquel de Palol idazlearen agentea ere izan zen. Carme Balcellsek hauxe erantzun zion Paloli, hark idatzitako El jardí dels set crepuscules liburua gutxi saltzen ari zela azaldu zionean: «A quién se le ocurre escribir una buena novela en catalán».

BERRIAn argitaratua (2017/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA