astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

mundua

'El Niño', indartzen ari den fenomenoa

Jakes Goikoetxea

'El Niño', indartzen ari den fenomenoa

Uholdeak Argentinan. Suteak Indonesian. Zikloiak Vanuatun. Ur gutxiago Panamako kanalean. Atacamako basamortua lorez beteta. Gertaera lokalak dira, munduko hainbat txokotan. Guztiek daukate, ordea, loturaren bat, neurri batean El Niño-ren ondorioa baitira, adituen esanetan. Fenomenoa indartzen ari da eta azken urteetako indartsuena izango dela ohartarazi dute, 1997-1998koaren parekoa. Urtea bukatu bitartean joko du goia.

Europako komunikabideetan ez dira ohikoak El Niño-ri buruzko albisteak, baina Ozeano Pazifikoaren inguruko herrialdeetan hilabeteak daramatzate El Niño-ren lehen ondorioei aurre egiten eta egoerari buruzko informazioa zabaltzen, lehorteen, uholdeen eta ekaitzen beldur.

ZER DA 'EL NIÑO'?

Ozeano Pazifikoan sortzen den fenomenoa da: berez, ekialdetik mendebaldera doazen haizeek ur epelak mendebalderantz bultzatzen dituzte, eta ozeanoaren hondoko ur hotzak azaleratu egiten dira ekialdean; baina batzuetan ekialdeko haizeak ohi baino ahulagoak izaten dira, gainazaleko ur epela bertan geratzen da eta ur horren gaineko airea epeltzen dute.

Uraren tenperatura epeltzeak eragina du presio atmosferikoan: ozeanoaren ekialdean apaldu egiten da eta mendebaldean, berriz, igo. Presioaren aldaketak, era berean, aldatu egiten du atmosferako zirkulazioa eta beroaren, hezetasunaren, lainoen eta eurien banaketa. Aire beroa igo egiten da eta aldatu egiten ditu garaiera handiko haize-lasterrak, bai ekuatoretik iparraldera, bai hegoaldera. Haize-laster horietan zehar mugitzen dira ekaitzak.

El Niño-rik gabeko urteetan uraren tenperatura zortzi gradu beroagoa izan ohi da Indonesian, Ekuadorren baino, haizeak bertara bultzatzen baitute ur epelagoa. Uraren maila ere metro erdi altuagoa izaten da Indonesian.

NOIZ GERTATZEN DA?

Historikoki, El Niño eta La Niña ?kontrako fenomenoa? apiriletik eta ekainera garatzen dira, eta abendua eta otsail artean jotzen dute goia. Bederatzi hilabete eta urtebete artean irauten dute, baina izan dira bi urte iraun dutenak ere.

Fenomeno ziklikoa da, baina ez dauka maiztasun finkorik. Hiru eta zazpi urte artean gertatzen da. Azkeneko hogeita hamar urteetan bost aldiz gertatu da. Gero eta maizago gertatzen da? Gero eta gogorragoa da? Ez dago froga nahikorik hori esateko.

ZERGATIK IZENA DU 'EL NIÑO'?

Peruko arrantzaleek jarri zioten El Niño izena, Gabonetan gertatzen zelako. Ura epeldu egiten zen, eta arrainek alde egiten zuten, ur hotzagoen eta elikagaien bila.

ZER ONDORIO IZATEN DITU?

Muturreko egoerak eragiten ditu. Eskualde eta herrialde batzuetan lehorteak eta besteetan uholdeak eta tifoi bortitzak. Ozeano Pazifikoaren mendebaldean presio atmosferikoa ohi baino handiagoa izaten da, eta horrek eguraldia lehorragoa eragiten du Australian, Indian eta Indonesian, esaterako; euriteak, tenperatura handiagoak eta zikloiak, berriz, Hego Amerikako hainbat herrialdetan eta Afrika ekialdean. Ezin zaizkio egotzi munduko muturreko fenomeno meteorologiko guztiak El Niño-ri. Hala ere, ustez elkarrekin loturarik ez duten gertaera meteorologiko asko El Niño-k eragiten ditu.

Eguraldiak, jakina, eragin zuzena du herrialde horietako uztetan, arrantzan, meatzaritzan... Eta eragin horrek isla izan dezake hainbat produkturen prezioetan. Bada El Niño-k zenbait lekutan eragin ekonomiko positiboak dituela dionik ere.

AURREIKUS AL DAITEKE?

Bai eta ez. Ozeano Pazifikoko uraren tenperatura neurtzen dute, bai gainazalarena, bai hondoarena, eta baita airearen presioa ere. Ozeanoaren barruan oso garrantzitsua da Niño 3.4 eremua, ekuatorearen parean, Ekuador eta Papua Ginea Berria artean. Zientzialariak bertako neurketetan oinarritzen dira. Ez dute uraren eta airearen tenperatura bakarrik neurtzen. Oso garrantzitsua da aldaketak zein eremutan gertatzen diren.

El Niño-ri buruzko informazio asko biltzen dute. Urte bateko datuak aurreko urteetako datuekin alderatzen dituzte eta kalkulu estatistikoak baliatzen dituzte indarra eta ondorioak kalkulatzeko. Hala ere, kasu askotan informazioa eta alerta egoerak ez dira iristen El Niño-k gehien kaltetzen dituen herritarrengana.

NOAA AEBetako Ozeanoen eta Atmosferaren Administrazioa da El Niño neurtzeko nazioarteko erreferentzia nagusia. Hala ere, badira adituak esaten dutenak NOAArekiko mendekotasuna handiegia dela eta herrialdeetako neurketa eta kontrol zerbitzuak indartu behar direla. Horietako bat da Jose Daniel Pabon, Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko ikerlaria. «NOAAren eta nazioarteko beste agentzia batzuen informazioa funtsezkoa da, baina herrialdeetako gaitasunak indartu behar dira, diagnostiko eta iragarpen zehatzagoak lortzeko, errealitateari egokituagoak».

Fenomenoari buruzko nazioarteko konferentzia bat egingo dute asteartean eta asteazkenean AEBetan, Columbiako unibertsitatean.

NOLAKOA DA AURTENGOA?

Historiako indartsuenetakoa, hainbat adituren eta aurreikuspenen arabera. Horien artean dago NOAA. Ez dute baztertu 1982-1983ko eta 1997-1998koen parekoa izatea, azken 50 urteetako kaltegarrienak eta suntsigarrienak. 1997an, esaterako, 24.000 lagun hil ziren El Niño-ren ondorioz, eta 300.000 milioi euroko galerak eragin zituen. Azkeneko urteetan, azken hamarkadan, El Niño ez da hain bortitza izan.

Berez, egun abian den fenomenoa iazko maiatzean hasi zen, baina gero ahuldu egin zen aurtengo urte hasieran. Gero, ordea, indartu egin da berriro. NOAAk El Niño gertatzen ari dela esateko uraren batez besteko tenperaturak ohi baino beroagoa izan behar du bost hiruhilekotan jarraian.

Aurreko urteetako El Niño fenomenoak ahulak izan dira. El Niño ahula eta indartsua izan baitaiteke, NOAAren arabera: ahula, Niño 3.4 eskualdean uraren tenperatura batez beste gradu erdi eta gradu bat beroagoa bada hiru hilabetean; indartsua, berriz, batez besteko tenperatura 1,5 gradu beroagoa bada. Aurtengo neurketek diote tenperatura bi gradu beroagoa dela gutxienez. Orain arteko El Niño indartsuena 1997-1998koa izan zen: orduan Niño 3.4 eremuko uretan tenperatura ohikoa baino 2,3 gradu beroagoa zen.

El Niño Ikertzeko Ekuadorko Nazioarteko Zentroaren neurketek diote hogei graduko ur geruza ohi baino 10-30 metro sakonago dagoela Ozeano Pazifikoaren ekialdean.

Uraren tenperatura bi gradu berotzeak ez dirudi asko. NOAAk alderaketa argi bat bat egin du. Niño 3.4 eskualdeak sei milioi kilometro koadro ditu. Eremu horretako gainazaleko bi metro ur bi gradu berotzeko energia asko behar da: AEBetan urtean kontsumitzen den energia guztia.

ERAGINA IZATEN ARI AL DA?

Bai. Thailandian ura errazionatzen ari dira. Perun neurriak hartzen hasi dira eta larrialdi egoera ezarri dute hainbat eskualdetan, euriteak eta luiziak espero baitituzte. Panamako kanalean trafikoa mugatzen ari dira, uraren maila ohi baino baxuagoa delako. Vanuatuko Errepublikan eta Papua Ginea Berrian , ura eta janaria falta dute, Pam zikloiaren eta lehortearen ondorioz. Indonesian ere ura falta dute eskualde askotan, lehorteagatik. Suteek arazo larriak eragin dituzte: 1997tik izandako sute kopuru handiena dute herrialdean. Kongoko Errepublikan eta Tanzanian kolera izurriteak dituzte. AEBetan, lau eta bost mailako 21 urakan izan dituzte aurtengo denboraldian Ipar Pazifikoan; orain arteko kopuru handiena hamazazpikoa izan zen, 1997an.

El Niño indartuz gero, ondorio horiek guztiak okertu eta larritu egingo dira.

NON ERAGINGO DU BATEZ ERE?

AEB, Australia, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Hegoafrika, Honduras, India, Indonesia, Kenya, Malawi, Peru, Uganda...

El Niño-k Afrika hegoaldeko eta ekialdeko hamaika milioi haurren bizitza jarriko du arriskuan, goseteengatik, gaixotasunengatik edo ur faltagatik, Unicefen arabera. Era berean, zenbait gaixotasun zabaltzea erraztuko du: malaria, dengea, kolera... Zientzialariek uste dute El Niño izan zela 1997-1998an Afrika ekialdean malariaren, koleraren eta Rift Haraneko sukarraren zabalkundea eragin zuen faktore nagusienetakoa.

NOIZ ESPERO DUTE ALDIRIK GOGORRENA?

Azarotik 2016ko urtarrilera. IRI AEBetako Klimaren eta Gizartearen Nazioarteko Ikerketa Zentroaren datuen arabera, urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran El Niño indartsua izan da, eta maila horri eustea espero dute. Apaldu egingo litzateke 2016ko lehen erdian, udaberrirako. Hala ere, proiekzioek diote Niño 3.4 eskualdeko uraren tenperaturak ohi baino 1,5 gradu beroagoa jarraituko duela urtarriletik martxora.

BERRIAn argitaratua (2015/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA