astekaria 2017/01/20
arrowItzuli

kirola

Urrats berrien eskean

Lander Muñagorri Garmendia

Urrats berrien eskean

Abenduaren 30ean izan zen urteroko ekitaldia: gizonezkoen futboleko euskal selekzioaren Gabonetako urteroko partida. Urteak joan eta urteak etorri, errepikatzen ari da, baina izan zuen ohiz kanpoko argazkirik, San Mamesko harmailek urteroko zalaparta eta jendetzarik ez baitzuten bildu. Horrekin batera iritsi dira, ostera, kritika eta hausnarketa egiteko eskaerak. Euskal kirolariek ere horretarako deia egin dute.

1. Zer iritzi duzu futboleko euskal selekzioak Tunisiaren aurka jokatutako lagunarteko partidan gertatutakoaz?

2. Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena apalduta dago? Hala bada, zergatik? Nork du horren errua?

3. Zein irtenbide du auziak? Zer egin daiteke aldarrikapena hauspotzeko?


ABEL BARRIOLA Pilotaria

«Uste dut boladak izaten direla eta egoerari buelta emango zaiola»

1

«Jende gehienari bezala, pena eman zidan, urtean behin jokatzen baitu selekzioak; eta nik uste dut partida polita dela».

2

«Askotan, pertsonak ere horrelakoak gara: nolabait, boladak izaten ditugu. Egia da apalago dabilela gaia, baina denbora gutxian agian buelta ematen ahal zaio egoerari. Batzuetan lagunen artean bolo-bolo dagoen gai bat da, eta gero desagertu egiten da. Ez nioke garrantzi ikaragarririk emango ere».

3

«Ez dakit zein izan daitekeen irtenbidea, baina etorkizunean ere etorriko dela iruditzen zait, eta baikorra izan behar dela».

REYES KARRERE Eskubaloi entrenatzaile ohia

«Hainbat kiroletan gogor borrokatu da, baina ezin da beti leku beretik tiratu»

1

«Ez zait normala iruditu, baina ez nau ezustean harrapatu. Nik uste dut badela garaia eta unea goi mailako partidak egiteko. Azken urte hauetan zaleei asko eskatu zaie bultzatzeko, eta horregatik pilota orain beste leku batean dago, eta ez zaleen gainean».

2

«Nik uste dut bulegoetan borrokatu behar dela gehiago. Euskaldunok nazioartean lehiatu nahi badugu, ikusleek bultzatuko dute, noski; baina hori ez da nahikoa. Orain da garaia bulegoetan eta politikoki beste pauso batzuk emateko. Mugimendua ez da apaldu, baina bakarrik utzi gaituztela esango nuke. Hainbat kiroletan gogor aritu gara borrokan orain arte, baina ezin da beti leku beretik tiratu».

3

«Adostu egin behar da. Eseri, eta ikusi zer nahi dugun, eta garbi utzi hori guztia. Askotan, iruditzen zait batzuek esaten dutela baietz, euskal selekzio ofiziala nahi dutela, baina benetako unea iristen denean askoz atzerago geratzen direla. Orduan hor negoziatu egin behar da, eta hitz egin asko».

MIKEL ODRIOZOLA Atleta ohia

«Hedabideek garrantzia dute gertatzen ari dena ahalbidetzeko garaian»

1

«Batez ere tristura sentitu nuen. Halako gauzak data horietan egitea saihestu, eta FIFA egutegian sartzea lortu behar dugu, horrek duelako batez ere eragina».

2

«Pixkanaka indarra galtzen joan da, edo hori ematen du. Baina alde guztiek dute euren betebeharra: komunikabide edo politikariek. Lana egin behar da hori guztia pixkanaka pizteko. Ematen du zegoen ilusioa pixkanaka apaltzen joan dela. Ez da garai txarra hausnarketa egiteko, eta zer egin behar den ikusteko. Beste herrialdeetan zer egin den ikusi, eta nola eraman duten aurrera ofizialtasunaren bidea. Hori izango litzateke bidea».

3

«Hedabideek bere garrantzia dute gertatzen den hori guztia ahalbidetzeko».

AITZOL ATUTXA Aizkolaria

«Gaur egun ez dago egoera onean, eta bide berriak bilatu behar dira»

1

«Nik uste dut Euskal Herriko gehiengoak ikusi zuela zer dagoen, edo zein den egungo egoera. Eta ez da poztekoa».

2

«Orain arte jorratu den bidearen amaiera dela uste dut, edo amaiera heltzear dagoela, bai. Zikloak daude hemen ere, eta ofizialtasunaren bidean ere egongo dira zikloak. Gabonetan partida jokatzeak erantzun handiak izan ditu, baina gaur egun ez dago egoera onenean, eta bide berriak bilatu behar dira. Beste zerbait bilatu beharko litzateke».

3

«Nik uste jendartea bildu, berriz berotu, eta Gabonetako partidetatik kanpo jokatu beharko litzatekeela. Errentagarritasuna bilatu beharrean, talde indartsu bat ekarri beharko zen beste garai batzuetan, eta partida-folklore horietatik zerbait gehiago bilatu. Egoera horretan, akaso beste kirol batzuekin asteburu edo egun oso bateko ekitaldiak egin beharko ziren, eta guztiaren jaialdi bat egin».

MAIDER UNDA Borrokalari ohia

«Ez dakit zergatik ez den indar hori beste kirol batzuetan ere egiten»

1

«Nik uste dut askotan gauzak nahastu egiten direla. Gauza bat baita kirola eta euskal selekzio bat eskatzea, eta beste gauza bat interes pertsonalak adieraztea».

2

«Nik uste dut ofizialtasuna hor nahastu egiten dela, ez baita hori soilik eskatzen. Interes politikoak ikusten dira horren inguruan eztabaidatzen aritzen direnean».

3

«Ez dakit, oso zaila ikusten dut egoera berriz bideratzea. Arazoa gero eta sakonagoa da, eta dagoeneko ez da aldarrikatzea bakarrik. Gainera hori futbolean bakarrik egiten da; ez dakit zergatik ez den indar hori beste kirol batzuetan egiten».

JOKIN LIZEAGA Mendi korrikalaria

«Aurkari indartsuagoak ekarriz gero, ofizialtasuna bultzatzea errazagoa da»

1

«Harmailek erakutsi zuten argi eta garbi jende gutxi joan zela, eta arrazoia ezberdina izan daiteke. Aurkariaren maila apala, beste data batean ez jokatzea, berri emateko garaian ez dela ondo egin, edo euskal selekzioaren ofizialtasunaren bultzada gutxitu egin dela».

2

«Posible da lan nahiko ez egitea horren alde, eta horrek giroa hoztu egin dezake. Guztiok daukagu horren errua, nigandik hasita, partida zegoenik ere ez nekielako. Baina ez jakiteak arrazoi bat badu: medioek ez dutelako behar bezala zabaldu partidaren berri, antolakuntzak ez duelako zabaldu, eta Eusko Jaurlaritzak agian egin beharko zuena baino gutxiago egin duelako. Ofizialtasuna bultzatzen zuten inguruak ere desagertu dira, ESAIT esaterako.

3

«Aurkari indartsuagoak ekarriz gero, errazagoa izango zen ofizialtasun horren aldeko mugimendua bultzatzea. Horrek giroa berotzea ekar dezake».

INAXIO KORTABARRIA Futbol jokalari ohia

«Erakundeek benetan lekukoa hartu behar dute orain»

1

«Azkenean gertatu zena gertatu da. Gauzak ez badira benetan egiten edo esaten, jendea aspertu egiten da».

2

«Bai, gauzak egiten dira, batzuek konpromisoak hartzen dituzte, eta horrek aurrera egiten du. Baina iristen da garaia erakundeek hartu behar dutela lekukoa benetan. Eta hori da, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak konpromisoa hartu behar dute, bestela jai daukagu.

3

«Garbi ikusten dut, konpromisoa hartu behar dutela erakundeek, nahi badute aurrera ateratzea. Federazioak eta jokalariek erakutsi dute prest daudela aurrera egiteko».

JOSE ANGEL IRIBAR Futbol jokalari ohia

«Bakoitzak bere barruan egin dezala hausnarketa; bultzada hori behar da»

1

«Kirol aldetik baikorra naiz, oso partida polita jokatu baitzuen euskal selekzioak, eta maila oso ona duela erakutsi zuen. Tira, beti egon da maila ona, baina orain hobea dela esango nuke. Hori partidari dagokionez. Bestalde, San Mames zelaia handia geratu dela esango nuke, 15.000 eserleku gehiago ditu eta. Eta argazki horrek itxura txarra eman zuen. Hala ere, partidak jokatzekoak direla uste dut, nahiz eta jokalarien etsipena ulertzekoa den. Ahalegin handia egiten dute euren opor egunetan partida hori jokatzeko».

2

«Ez dut uste garairik onenean dagoenik. Partida hau adierazgarria izaten da, termometro bat baino gehiago. Errua norena den ez dakit, momentu bakoitza ezberdina izaten delako, eta lanean jarraitu behar delako. Itzuliko dira partida beroago horiek, baina uste dut horretarako aurretik partida horiek jokatu egin behar direla».

3

«Bakoitzak bere barruan egin beharko du hausnarketa. Jende askok esan dit jakin izan balu joango zela partidara. Horrela izan beharrean hasieratik joan izan balira beste kontu bat izango zen. Gizarteak ere zeresana badu, eta bultzada hori beharrezkoa da».

ANNE MUGARZA Oiartzuneko jokalaria

«Gizonezkoen futbolean zaila da beste data batzuetan jokatzea»

1

«Azkenean ikusi behar da zein datetan jokatzen den partida. Gabonetan egiten da, jende asko kanpoan dagoenean. Euskal selekzioaren ofizialtasunari begira, FIFAren datetan jokatu beharko litzateke, emakumezkoekin aurten egitea lortu den bezala. Horrela jendearen presentzia handiagoa izango da».

2

«Bai, guztiz. Lan egiten jarraitu behar da. Egia da gizonezkoen futbolean hainbeste diru mugitzen den lekuan zailagoa izaten dela beste datetan jokatzea, baina bidea horrek izan behar du ofizialtasunaren borrokan.

3

«Ez dakit zer egin daitekeen. Euskal Herria Kirola egitasmoa lan egiten ari da, eta aurten gizonezkoen lehen Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da. Alde horretatik pausoak ematen ari dira, baina hortik aurrera zer egin beharko zen esatea zaila egiten zait».

BERRIAn argitaratua (2017/01/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA