gizartea
Mataza juridikoan trabatua
Iñaki Petxarroman
Urtarrilaren 4an Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. Epaitegiak baliogabetu egin zuen aurreko agintaldian Gipuzkoako diputazioak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) —orduan EH Bilduren esku, biak ere— eta enpresek proiektua eteteko sinatutako akordioa. Ondorioz, epai horren aurka helegiterik jarri ezean, kontratu hura indarrean egongo litzatekeela diote iturri juridiko batzuek. Alegia, orduan Zubietako erraustegiaren proiektua eskaini zitzaien enpresek —FCC, Serbitzu, Murias, Altuna y Uria eta AE&E Innova— eskubidea edukiko lukete proiektuarekin aurrera egiteko.
Arazoa sakonagoa da, ordea. Izan ere, orduko proiektua ezin da egin, besteak beste, finantzaketa galdu duelako, eta laster adjudikatu nahi duten plantaren bestelako kudeaketa bat aurreikusten zuelako: alegia, kudeaketa publikoa. BERRIAk galdetuta, Gipuzkoako Ingurumen Sailak garbi utzi du epai horren ondorioz egoera ez dela «batere» aldatu: «Kontratu hura ez dago indarrean. Enpresa talde hark jaso zuen kalte-ordaina, eta orain ezinezkoa da egoera hartara itzultzea, finantzaketa galdu delako, eta, horren ondorioz, gainera, plantaren kudeaketa sistema desberdin batera jo behar izan duelako diputazioak».
Zehazki, 2011n sinatutako kontratu hura kudeaketa zuzenekoa zen; alegia, GHK-k finantzatu eta enpresa talde baten esku utziko zuen zerbitzu publiko bat. Orain, berriz, zeharkako zerbitzua ematekotan dira. Kontratu publiko-pribatua, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du enpresek eraiki, finantzatu eta kudeatuko dutela eraikuntza, eta gero GHK-k kuota bat —24 milioi euro— ordainduko diela 32 urtez, zerbitzuarengatik —768 milioi, GHK-k emandako datuen arabera—. Horretarako, besteak beste, partzuergoaren estatutuetan aldaketa sakonak egin behar izan dituzte, zerbitzua pribatizatzeko.
Enpresen arteko gerra
Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. Epaitegiaren epai hori jakin eta bi egunera, 2011ko kontratua sinatu zuen enpresa nagusiak, FCC-k, Diario Vasco egunkariari esan zion bere taldea dela Zubietako erraustegia egin dezakeen bakarra, kontratua indarrean dagoelako. FCCk adierazi du enpresaren zerbitzu juridikoak martxan jarri dituela, baina eskatu dio diputazioari ez dezala presarik izan kontratu berria adjudikatzeko. FCC prest agertu da jaso zuen proiektu horren baldintzak aldatu eta egitasmo berrirako egokitzeko. Diputazioak, publikoki behintzat, uko egin dio eskaintza horri, eta orain arteko asmoari eusten diola iradoki du: alegia, beste enpresa talde bati ematekotan da Zubietako errauste plantaren ardura.
Izan ere, abenduaren 27an erraustegiaren lanak Urbaser enpresa txinatarra buru duen taldeari adjudikatzekoak ziren. Besteak beste, talde horretan daude Altuna y Uria, Murias, LKS, Moyua eta Meridiam Investments ere. Alegia, bi enpresa —Altuna y Uria eta Murias— bi esleipenetara aurkeztu dira.
Beraz, zalantza hauxe da: epaitegiak emandako epaiari EH Bilduk helegiterik jartzen ez badio —gaia abokatuekin aztertzen ari direla adierazi du koalizioak, «irteerarik egokiena» bilatze aldera— eta GHK-k Urbaserri adjudikatzen badio erraustegia egiteko kontratu berria, zer egoera juridiko geratuko den, eta zer egingo duen FCCk eta haren taldeak.
Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduko kide eta GHK-ko lehendakari ohiak ohartarazi du sortutako egoeraren nahaspilaz: «Egun indarrean dagoen kontratu bakarra FCC buru zuen enpresa taldearena da. Aldundiak, sententziaren zain egon ordez, korrika eta presaka gauzak egin nahi zituen eta bigarren lizitazio prozesu bat abiarazi zuen. Presak, berriz, ez dira bidelagun onak izaten, eta, orain, geldialdi batean dago aldundia». Intxaurrandietak eta bere taldeak hartutako erabakiengatik justiziaren aurrean kontuak eman beharko ote zituen ere zabaldu dute diputazioko alderdiek. Alabaina, Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaia aztertzeko batzorde bat eratzeko ez dira ados jarri PSE eta EAJ —biak diputazioko gobernuko kide—. Azken momentuan, jeltzaleek ez zuten babestu ekinaldi hori, haien iritziz «ez delako behar».
Intxaurrandieta, baina, lasai dago hartutako erabakiengatik. «Errauste plantaren kontratua apurtu genuenean, legea erabat errespetatu genuen. Bi aukera genituen: gaindimentsionatutako azpiegitura bat egin, jakinik beste herrialde eta lurraldeetan zaborra bilatzen ibili beharko genuela erraustegia elikatzeko; edo, bestela, kontratua apurtu. Arduraz jokatu genuen. Nahikoa da, gizarteak esku galga jarri behar die astakeria ekonomiko horiei. Abioirik gabeko aireportuak egiten dituzte, ibilgailurik gabeko autobideak eta guk zer ezin behar genuen: hondakinik gabeko erraustegi bat? Argi eta garbi, ez».
Epaileen azken erabakiekin egoera ez dela batere aldatu adierazi du Gipuzkoako Diputazioak, eta bere bide orrian «geldialdi txiki» besterik ez dela gertatzen ari. Halaber, aldundiak dioenez, «obren hasieran ez da inolako atzerapenik izango». Ez dago horren ziur Intxaurrandieta: «Indarrean dagoen kontratua aurrera eramateko arazo latzak izango dituzte, eta bigarren kontratua ezingo dute adjudikatu lehenengoa indarrean dagoen bitartean. Badirudi, Gipuzkoako Aldundia irteera oso zaila duen bide batean sartu dela».
Adjudikazioa, atzeratuta
Abenduaren 27an ustez adjudikatu zuten Zubietako erraustegiaren proiektu berria. Hala jakinarazi zuten, behintzat, Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. GuraSOSek eskatutako eteteari buruz epaileek ezer ez esateak harriduraz hartu zuten elkarte horretako eledunek. Ondoren, gaia arakatzen hasi eta GuraSOSek berak argitu zuen ez zela adjudikaziorik izan, aldez aurreko tramite bat baizik. Joseba Belaustegi elkarteko abokatuak hala azaldu du egoera: «Guk erreparatu genion gezurra zela GHK-k esandakoa; alegia, proiektua ez zela adjudikatu. 29an 3. epaitegiari esan genion ebatzi egin behar zuela, ez baitzen adjudikatu. Horrela, Donostiako 2. epaitegiak eman zuen autoa aginduz diputazioari ez zezala adjudikatu kontratua EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi arte».
Berez, GuraSOSek abiatutako bi prozedura ebatzi beharko ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. Lehena epaitegiaren lehen salak ebatziko du, GuraSOSek eskatu eta diputazioak ukatutako parte hartze prozesuaren inguruan. Beste gaia bigarren salak ebatziko du, erraustegiari Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena legezkoa den erabakitzeko. Jakina denez, proiektu berriari aurreko proiektuaren ingurumen baimen bateratua eman diote, baina, GuraSOSen arabera, baimen hori iraungita zegoen. EH Bildu agintean dagoen hainbat udal eta mankomunitatek ere helegiteak jarri dituzte horren aurka.
Bitarte horretan, aurreko astean jakin zen Donostiako 3. epaitegiak urtarrilaren 5ean sinatu zuela probidentzia bat GuraSOSek eskatutako erraustegiaren lizitazioaren kautelazko beste etete bati uko egiteko. Diputazioak «oso garrantzitsutzat» jo zuen erabakia, «kontsortzioak egindako erraustegiaren kontratua» balioesten zuelakoan. Belaustegi oso kritikoa da kasu hau jakinarazteko moduaz eta edukiez: «Epaileak ez du edukiari buruz ezer erabaki. Probidentziak tramite kontuak erabakitzen dituzte. Kasu horretan erabaki dute epaitegiak ez duela prozedura azkarra onartu». Beraz, Belaustegik diputazioari egotzi dio denbora laburrean «bi gezur» esatea: bat, egin ez zen 27ko adjudikazioa iragartzea, eta bestea urtarrilaren 5eko epaitegiaren probidentzia auto bat balitz bezala saltzea. Hortik hauxe ondorioztatu du abokatuak: «Horrelako gezurretan eta trikimailuetan dabilen norbaiten eskuetan utzi behar al dugu isurpenen kontrola? Isurpenen berri horrela emango al dute? Auzi judizialak agian irabaziko dituzte, baina jendearen konfiantza galtzen ari dira, eta jada inork ez die sinesten».
Oraintxe bertan, beraz, zain dago diputazioa. EAEko Auzitegi Nagusiak urtarril hasieran iragarri zuen hilaren amaieran edo hurrengoaren hasieran ebatziko duela GuraSOSek eskatutako parte hartze prozesuaren inguruan. Diputazioak hasieran ukatu egin zuen epaitegiek adjudikazioa eteteko agindu ziotela. Orain, baina, onartu du: «Gure bide orria ez da aldatu, baina esleipena egin aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak esandakoari itxarotea erabaki da. Aste pare bat izango direla uste dugu. Geldialdi batean gaude, baina ziur gaude laster adjudikatu ahal izango dugula, eta horregatik ez dugu uste obretan inolako atzerapenik izango denik».
Orain, esleipena jasoko duen enpresa taldearen dokumentazioa aztertzen ari da GHK. «Beraz, adjudikazio prozesua ia erabat amaituta dago».
Ikusi egin beharko da, ordea. Ondoren, beste enpresa taldeen alegazioak jasotzeko epe bat zabaldu beharko baitu GHK-k, eta, gainera, FCCk auzibidera jotzeko aukera dago, lehen erraustegiaren adjudikazioa haren eskuetan dagoelako. Ainhoa Intxaurrandietak hala ikusten du egoera: «Oraingoz hilabete batez atzeratu dute, baina, nire ustez, ez da izango atzerapen bakarra. Prozedura guztia presaka egiteagatik, forma oker ugari egin dituzte; batzuk oso larriak eta sakonak, gainera. Uste dut geldialdi honek aukera ezin hobeak ematen dituela korapilo honetatik ateratzeko. Gizarteari zor diogu guztiok. Mahai baten inguruan eseri, egoera aztertu, hausnartu eta irtenbide bat bilatu, denon artean. Orain da horretarako garaia; aukera paregabea daukagu».
GuraSOS bat dator tesi horrekin: «Guk bide judiziala ez dugu erabiltzen epaitegietan irabazteko, baizik eta gizartean irabazteko, eta kristoren aukera gertatzen ari da agintarien jarrera biluzteko: euren maltzurkeria eta manipulazioa. Ez dira konturatzen arrazoia ematen ari zaizkigula. Gu oso pozik gaude. Mamia irabazten ari gara; garbi dugu ezin garela fidatu haiek kudea dezaten azpiegitura arriskutsu bat».
Berez, auzia da nola konpondu Gipuzkoako hondakinen kudeaketa, dagoeneko 20 urteko gatazka batean endredatu baita herrialdea. Belaustegik garbi du gizarteak konpondu beharko duela arazoa: «Adostasunez bakarrik konpon dezakegu kontu hau. Gizartearen erdia beste erdiaren aurka jarrita ez dugu ezer konponduko. Ez atzera begira, ez auzitegiei begira, baizik eta aurrera begira eta adostasunez».
Ildo horretan, Belaustegiren ustez, «egoera aldatu» egin da: «Ukatzeak hitz bakarra dauka: heldutasun falta. Eta guk horren aurrean zera diogu: horien esku utziko dugu gure seme-alaben osasuna? Baita zera ere. Auzi judizialak irabazteko edozer balio duela uste badute, haiek ikusiko dute. Auzia galdu dute herriaren aurrean».
Intxaurrandieta ere bat dator tesi horrekin: «GuraSOSek berriki esan duenarekin bat nator: ezin dugu galtzaile-irabazle parametroetan jokatu. Hondakinen gaiak behar baino gehiago tenkatu du gizartea, eta, behingoz, irabazle irten behar du hortik. Gizarteak irabazten badu, denok irabaziko dugu».



