astekaria 2017/01/20
arrowItzuli

ekonomia

Hatzak ez dezala eguzkia ezkutatu

Joxerra Senar

Hatzak ez dezala eguzkia ezkutatu Joxerra Senar

Boterea galdu duenetik, Nafarroako eskuina iletik tiraka dabil une oro. Histeria betean. Dena da hondamendia, dena da kaosa, dena da sektarismoa... dena da nazionalismoa. Mamuak ikusten dituzte nonahi. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan abenduaren 3a —Nafarroaren eguna ez ezik, euskararena ere bada— jaiegun izendatzeko proposamenaren atzean bi lurraldeek bat egiteko urratsa ikusten dute UPNk eta PPk. Jose Javier Esparza UPNko buruzagiaren 2017rako desioen artean daude jaiegunaren eskaera atzera botatzea edo «udal balkoietan ikurrinik ez ikustea». Garrasika, nafarren defendatzaile sutsua bere hatzari begira dago, atzean ezkutatzen den eguzkia ezkutatu nahirik.

Izan ere, gaur egun Nafarroako politika egiazki baldintzatzen duen afera oso urrun dago UPN hainbeste kezkatzen duten azaleko kontu ñimiñoetatik. Azken batean, 2015etik 2019rako ekarpenaren negoziazioak bi urteko atzerapena darama, eta gauza bat dago garbi: Nafarroak azken bi urteotan dagokiona baino gehiago ordaindu du. Zenbat gehiago? Urtean, 90 milioi eta 250 milioi euro artean, Ogasunaren txosten baten arabera. Diferentzia horri gehituz gero krisiaren eta UPNren beraren ondorioz altxortegia egoera kaskarrean dela, uler liteke hori dela premiazko kontu politikoa.

Urrira arte, Espainiako Gobernua ez da osatu, eta, egia bada ere egoera zaildu duela, asteon Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak azaldu du zortzi hilabetez elkarrizketak blokeatuta egon direla. Lan teknikoa aurreratzeko azpibatzorderako ez du ordezkaririk izendatu ere egin Cristobal Montorok. Azken batean, Espainiako Ogasun Ministerioak ez du presarik. Ekonomikoki, foru erkidegoak urtean 400 milioi edo 600 milioi ordaintzea tanta bat besterik ez da Espainiaren finantza arazoen itsasoan. Zifra batek edo besteak ez du ezer konponduko. Politikoki, ordea, beste kontu bat da. Epe motzera, bi aldeek 2015erako 400 milioi euroko —341 milioi eta 494 milioi arteko zifra bat ematearren— ekarpen likidoa hitzartuko balute, azken bi urteetan ordaindutakoaren diferentzia itzuli beharko luke Madrilek. Horri gehitu behar zaio BEZaren doikuntzak ere negoziatu behar dituztela. Laburbilduz, bat-batean, eskukada bat milioi euro izan dezake Nafarroako altxortegiak: 300 milioi eurotik gora, ziurrenik. Ez litzateke opari bat, Nafarroari dagokion dirua baizik. Zer esanik ez, aldaketa hauspotuko luke, UPNren eta PPren arerioen mesedetan. Prest al dago horretarako Montoro, ala nahiago du denbora irabazi, gatazka eragin eta errauts horien bazkarekin UPN eta PP elikatu?

Nafarroako Gobernuak badaki negoziazioa sine die luzatu daitekeela, eta ministerioa eroso dagoela 2010-2014 epeko ekarpena automatikoki eguneratuz. Horregatik, abendu amaieran Madrilek eskatutakoa (613 milioi) baino gutxiago (520 milioi) ordaindu zuen. Akordioa ez dagoen artean, Nafarroaren jarrera zilegi da: bere interesak defenditzeaz gain, negoziazioa hastera bultzatu nahi du.

Testuinguru berezi horretan, zer du esateko UPNk? Lehenago ordaindu, eta gero negoziatu. Harrigarriki, hori da haren jarrera. Aranburuk «politika egin du»; Montorok, ez. UPNren arabera, foru gobernuak aldebitasuna hautsi du, eta Nafarroa ahultzeko estrategia nazionalista ezkutatzen da horren atzean. Berdin zaio gehiago ordaintzea. Berdin zaio iraganean UPNren gobernuek Aranbururen antzeko jokaldia egin badute. Berdin zaio harreman joko desorekatu horretan estatuak zartagina bere eskuetan izatea. Errua beti abertzaleena da. Berriro ere mamuak, berriro ere hatzari begira.

Esparzak dio Mariano Rajoyri eskatu diola auzia «lehenbailehen» konpontzeko; orain arteko jarrera ikusita, zail egiten da hori sinistea. Ez zaio komeni: akordioak Nafarroako aldaketa arnasberritu dezake, eta haren diskurtso apokaliptikoa elbarri utzi. Akaso, Esparzak arrazoi du, eta Nafarroa ahultzea komeni zaie nazionalistei... nazionalista espainiarrei. Akaso, bere buruaz mintzo da. Horregatik, deseroso dago. Auziak agerian utz dezake Nafarroaren defentsaren gainetik beste interes batzuk dituela. Ez, ez dezala hatzak eguzkia ezkutatu.

BERRIAn argitaratua (2017/01/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA