gizartea
AGUEDA LARAUDOGOITIA
«Ez du aldatu behar 'bullying'-aren biktimak, baizik beste eragile guztiek»
Jon Rejado
Azken urteetan, administrazioek bullying-aren aurkako protokoloak abiarazi dituzte. Kiva programak nola zabalduko du bertan egiten zen lanketa?
Batetik, prebentzioa lantzen du: curriculumaren bidez egiten da, baita Kiva-ikastolak garela gogorarazten duten elementuen presentziarekin ere: kartelak, langileek dituzten ikurrak... Bestetik, jazarpen kasuak gertatzen direnean, modu hezitzailean aurre egiten zaie; ikastetxe bakoitzean dagoen Kiva talde berezi batek egiten dio aurre. Lanketa hori oso ondo egituratuta dago. Eusko Jaurlaritzaren protokoloa lanketa horren ostean hasiko litzateke.
Kivak prebentzioaren pisu handi bat taldearengan uzten du. Nola landuko duzue hori?
Kivaren oinarria honako hau da: biktimak ez du aldatu behar, eskubidea duelako den modukoa izateko. Beste eragile guztiek aldatu behar dute. Ideia hori talde teorian oinarritzen da: taldeak ematen dio indarra erasotzaileari. Taldeak haren rola indartu egiten du; batzuek, nolabaiteko babesa ematen diotelako, eta beste batzuek, ez ikusiarena egiten dutelako. Curriculum honek lortu nahi du taldeko kide bakoitzak uler dezala norberaren erantzukizuna; horrez gain, bitartekoak eman dizkio horri aurre egiteko, betiere segurtasun pertsonala jokoan jarri gabe. Taldearen jarrera aldaketarekin, erasotzailea indarra galduz joango da, eta rola aldatuz. Finlandian emaitza bikainak izan dituzte.
Sare sozialen bidezko jazarpenari ere heltzen dio?
Hori ere lantzen da, bai. Dena den, batzuetan sare sozialei garrantzi handiegia ematen zaie. Egia da berria dela, baita beste ezaugarri berezi batzuk dituela ere, baina, gehienetan, sare sozialen bidezko jazarpena aurrez aurrekoaren ondorioa izaten da. Hala ere, Kivak gaia lantzen du. Ikasgai bat ziberbullying-a da; ezaugarriak lantzen dira, antzemateko moduak, zer egin behar den...
Finlandian ezarritako eredu bat izanda, nolabait egokitu duzue Euskal Herriko egoerara egokitzeko?
Itzulpena egitean, azala aldatu diogu, geurera egokitzeko, baina mamia bera da. Lantzen dena unibertsala da.
Finlandian, adin jakinetan lanketa berezia egiten dute. Horrela antolatuko duzue zuek ere?
Lehen Hezkuntzako lehen eta laugarren mailetan egiten dute hori. Guk, ordea, pentsatu dugu maila guztietan jorratzea. Materiala sobran dago, eta 52 ikastoletako LHko ikasle guztiek landuko dituzte helburuak. Lehen urtea dugu proiektuarekin, eta, ikasturtea hasita dagoenez, horrela egitea erabaki dugu.
52 ikastolatan ezarri duzue, hasiera gisa. Etorkizunean?
Ikastola guztietara zabaldu nahiko genuke, noski. Lau urterako kontratua sinatu dugu Turku Unibertsitatearekin. Epe horretan, lankidetzan ari gara haiekin: laguntzen digute materialarekin... Halaber, hemengo ikastolen eta Finlandiako ikastetxeen arteko harremanak sortuko dira.
DBHn jarraipena izango du?
Turku Unibertsitatea hirugarren unitate bat lantzen ari da, baina, oraindik ere, probako saioa egiten ari dira horrekin. Ez dute beste herrialde batzuetara zabaldu oraindik.
Nola aztertuko duzue programak duen bilakaera?
Turku Unibertsitateak inkesta bat egin zien ikasle guztiei iazko maiatzean; emaitzak eman dizkigute. Aurtengo maiatzean beste inkesta bat bete beharko dute ikasleek; bertan ikusiko da zer bilakaera dagoen.
Iragan maiatzeko inkestek zer egoera agertu dute?
Aurretik jakina zena ikusi dugu, oro har. Ikastolen eta lekuaren arabera aldatzen dira datuak. Dena den, prestaketetan murgilduta egon garenez, ez dugu datuak aztertzeko astirik izan. Datorren maiatzeko datuetan ikusiko dugu zer bilakaera gertatzen den.
Gurasoekin ere landu duzue?
Bilerak egin ditugu, eta, bertan, proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiegu. Horrez gain, gurasoentzako gida bat dago, non informazio guztia aurki baitezakete: zer den eskola jazarpena, zer egin jazarpen kasu baten aurrean...
Kiva martxan jartzeak eragin al du ikastetxeen antolaketan?
Ikastola bakoitzak Kiva arduraduna izan behar du, eta hiruzpalau partaideko Kiva talde bat. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako tutore guztien prestakuntza ere egin dugu bidea hasi aurretik.



