astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

mundua

Negoziatzen jarraitzeko nahia adierazi dio CUPek Masi «ezezko lasai batekin»

Samara Velte

Negoziatzen jarraitzeko nahia adierazi dio CUPek Masi «ezezko lasai batekin»

Bigarren saialdian ere ez: Artur Masi pixka bat gehiago urrundu zaio hirugarren gobernualdia. Oraingoan gehiengo soilarekin aski zuen arren, ez ditu behar adina boto bildu Kataluniako Parlamentuan. Aurrekoan bezala, soilik Junts Pel Siren 62 diputatuek babestu dute; gainerako guztiek (73), aldiz, aurka bozkatu dute.

Alferrik egin dizkio eskaintzak eta erreguak CUPi bi bozketen arteko bilera presazkoan: hark ez dizkio behar zituen bi boto eta zortzi abstentzioak eman. Masek berak azaldu duenez, gobernuko hainbat eskumen partekatzeko proposamena egin dio ezker independentistari. Gobernuko hiru atal «delegatzeko» prest legoke presidentea: Ekonomia, Kanpo Harremanak eta Gardentasuna, eta Ongizate Estatua. Denera, hamahiru departamentu.

CUPengana «gerturatzeko» proposamenak direla argitu du jarduneko presidenteak: «Trantsizio garai batean gaude, eta horregatik daukagu mahai gainean aukera hori. Autonomiatik errepublikara igarotzeko legealdia izango da». Funtzioak banatzeak, dena den, ez luke presidentetzaren funtsa inolaz ere aldatuko: Masek bere karguan jarraituko luke, eta oraingo eskumen berberak izango lituzke. Horregatik, kontrol neurri moduko bat proposatu dio CUPi: bederatzi hilabeteren buruan konfiantza mozio bat antolatzea. «Hartara, zeuok balora dezakezue gobernuak legealdiaren lehenbiziko zatian egin duen lana». Beste era batera esanda, CUPek aukera edukiko luke orduan legebiltzarreko gainerako alderdiekin batera gobernuaren aurka bozkatzeko, eta automatikoki beste presidente bat izendatu beharko lukete.

«Azken egunotan azaleratu diren zenbait desira eta hausnarketaren haritik dator hau guztia», azaldu du Masek, eta «ekintzen bidetik» CUPengana gerturatzeko borondatea adierazi du: «Mugitu egin behar dugu; ez bagara mugitzen, hau ez doa inora». Ahaleginak, ordea, ez du emaitzarik izan, oraingoz. CUPek gehiago mugiarazi nahi du Junts Pel Siren hautagaia; nahiz eta hark, bistan denez, ez daukan tronua uzteko inolako asmorik.

Bi hilabeteko tartea

Lehenbiziko aldia da Kataluniako presidentegai batek bi bozketa baino gehiago behar dituena kargua eskuratzeko; eta, teknikoki, ez dago erabakita berak eskuratuko duenik azkenean. CUPek, ofizialki, bereari eutsi dio, nahiz eta atzo ez zuen esplizituki berretsi Masen betoa. Nolanahi ere, «ezezko lasaia» eman diotela azaldu du Antonio Baños bozeramaileak: «Gure denbora eta energia guztia daukazu. Ziur gaude errepublikari buruzko eztabaida ez dela hemen amaituko». Eskaintza bera txalotu egin du, baina ez du nahikotzat jo: «Akordioak lortzen saiatu behar dugu, eta horretan ados gaude. Baina eskaintzak ez dio erantzuten gure kezka nagusiari: nola zabaldu independentziaren aldeko gehiengo soziala». Funtsean, aurreko legealdian ERCrekin zeuzkan gobernu akordioen bertsio «sortzaileago» bat proposatzea egotzi dio Masi. «Nolanahi ere, hainbat gauza interesgarri topatu dizkiogu eskaintzari, eta gustatuko litzaiguke horiek gorde eta mahai gainean jartzea; esate baterako, konfiantzazko mozioarena».

Bistan da eskaintzak ere eragingo duela mugimendua beste aldean. CUPek hilaren 29an hausnarketa eguna egitera deitu ditu bere militanteak, negoziazioen inguruan eztabaidatu dezaten. Horren ostean, urtarrilaren 10era arteko epea dute parlamentuko alderdiek beste bozketa saio bat ?edo gehiago? egiteko. Epe hori igarotakoan ez badute hautagairik adostu, bozetara deitu beharko du Masek ezinbestean.

Bañosek lasaitzeko eskatu du: «Hauteskundeak ez dira sekula gure proposamena izango. Mahaiari helduta jarraituko dugu». Alderdiak «eskaintza zabalago bat» egingo duela iragarri du, baina presarik gabe: «Ez daude independentista onak eta txarrak; ez eta errazten dutenak edo zailtzen dutenak ere. Ez dugu banaketetan sinesten, helburua berbera delako. Eskura dugu, eta, orain ezetz esan arren, ez diogu ihes egiten utziko. Zaudete lasai: badakigu une erabakigarrietako desadostasuna izan ohi dela askapen mugimenduen ahultasun historikoa; ezkerretik gatoz, eta batasun falta hori hilgarria izan da».

«Berririk ez» Madrilen

Parlamentuko alderdi ez-independentistek ere baliatu dute aukera Masi kritikak egiteko. Gehienek Auzitegi Konstituzionalaren debekuaz galdetu diote; hark herenegun utzi zuen bertan behera Kataluniako Legebiltzarrak astelehenean onartutako adierazpen subiranista, eta zigor neurriekin mehatxu egin zien gobernuko eta parlamentuko kargudun gorenei. Agiriak, hain zuzen, zilegitasuna ukatzen zion auzitegi horri, eta orain galdera handi batekin aurrez aurre jarri dute Mas: beteko ote du debekua, eta adierazpena baliogabetzat jo, edo desobeditu egingo dio auzitegiari? Baños aurreratu egin zaio: «Guk garbi daukagu: ez dugu beteko». Jarduneko presidenteak ez ditu hitz berberak erabili, baina antzeko mezua eman du: «Ez dago ezer berririk. Agidanean, Espainiako Gobernuari ahaztu egin zaio politika gobernuetan eta parlamentuetan egiten dela, eta auzitegia erabiltzen du horren ordez. Baina zer gertatu zen iazko azaroaren 9an? Gauza berdin-berdina egin genuen. Eta horregatik ez ginen bozkatu gabe gelditu».

Madrildik heldutako debekuak independentisten «batasuna» ez hausteko eskatu du Marta Rovira Junts Pel Siko bozeramaileak. Antzera mintzatu da Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea ere: «Mundu guztiak biratu behar du zertxobait, akordioa posible izan dadin». Junts Pel Siren eta CUPen kanpainako markak elkartuta, mobilizaziora deitu du iganderako, Governem-nos Junts (Goberna gaitezen elkarrekin) lelopean: «Aintzat hartu behar dugu oraingo egoerak dakarren nazioarteko erridikulua».

BERRIAn argitaratua (2015/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA