astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

gizartea

Kanonikoa: zuzenbide propioa

Arantxa Iraola

Kanonikoa: zuzenbide propioa

Aparteko zuzenbide bat du Eliza katolikoak: zuzenbide kanonikoa. Zuzenbide horren oinarriak zedarritzen dituen kodeak erakundearen funtzionamendurako irizpide nagusiak zehazten ditu, eta, ildo horretan, bidea ematen du egoera klerikal bat duten pertsonak —esaterako, abadeak— modu aparteko batean epaitzeko: oker jokatu duten aztertzen da, eta, egoki ikusten bada, zigorrak ere ezartzen zaizkie. «Zazpi liburukik osatzen dute zuzenbide horren muina, eta seigarrena da, hain zuzen ere, zigorrak ezartzen dituena». Jorge Canarias Fernandez-Cavada mintzo da, Zuzenbide kanonikoko irakaslea Deustuko Unibertsitatean. Zuzenbide mota hori «unibertsala» da mundu osoan, eta herrialdez herrialde dauden gainerako zuzenbideez aparteko bidea egiten du. Izan ere, Eliza katolikoa ez dago beti behartuta kasu horiek ohiko justiziara eramatera: tokian tokiko legediaren arabera, hori aldatu egiten da, eta, oro har, delituaren biktima izan diren pertsonen —adingabeak badira, haien gurasoen— borondatearen araberakoa izaten da gehienetan urrats hori. Zuzenbide kanonikoak aztertzen dituen kasu guztien berri izan behar du, hori bai, Vatikanoak. Fedearen Dotrinarako Kongregazioak du azken hitza beti: «Erromak». Erabaki dezakete kasu bakoitza propio han ikertuko duten, edo gertaera jazo den elizbarrutiko buruzagien esku utziko duten: «Halakoetan, elizbarrutietako auzitegien esku geratzen da kasua».

Azken urteotan, bereziki, pederastia hitzak usu lohitu ditu Eliza katolikoarekin lotutako albiste ugari. Horregatik, Erromatik horien trataera «zentralizatzera» egin dela azaldu du Canariasek. «Lehen, usu tokian tokiko gotzainek ez zituzten arbuiatzen portaera horiek, eta ez zuten horien kontra egiten», nabarmendu du. «Arauetan eta prozeduretan egin diren aldaketekin, ordea, bermatu nahi izan da halako zerbait gertatzen den aldiro aurre egitea, eta neurriak hartzea». Erruz hitz egin da Jorge Mario Bergogliok erakundeko buruzagitza hartu zuenetik gaiaren inguruan izan den jarrera berriaz, baina Canariasek uste du aldaketak agerikoak direla 2001etik.

Bi prozedura klase

Elizbarrutietako auzitegietan, bi hautu egin daitezke. Kasu argienak prozedura administratibo baten bitartez bidera daitezke: «Bide hori asko erabiltzen da, esaterako, delitua egin duenak aitortzen badu egindakoaren errua». Gainerakoan, epaiketa egiten da. Aholkularitza eta babesa jasotzen dute bi aldeek; bai salaketa ipintzen dutenek, bai akusatuek. «Zuzenbide kanonikoan aditu diren pertsonek izan ohi dute eginkizun hori; kasu gehienetan, apaizek. Araua, berez, abadeak izatea da». Zigor posible asko zerrendatzen ditu zuzenbide kanonikoak: «Ekintzaren larritasunaren araberakoak izaten dira, baina elizaren barruan zigorren helburua ez da soilik zigortzea; delitugilea errehabilitatzea ere lortu nahi da». Hain justu, jomuga hori duten hainbat neurri ebazten dira, eta horien gaineko kontrola eta jarraipena tokian tokiko apezpikuei dagokie. «Baina badago zigorren zerrenda bat ere: kargu oro galtzea, hainbat jardunbidetan aritzea debekatzea, toki jakin batzuetan bizi behar dutela esatea... Guztietan larriena da pertsona horren egoera klerikala bertan behera lagatzea. Apaiz batek apaiz izaten jarraituko du beti; pertsonari dagokion zerbait da. Baina elizgizon izateari laga diezaioke. Apaiz izaten jarraituko du era sakramental batean», azaldu du Canariasek. «Neurri hori ebazten da, esaterako, abusu bat oso larria izan bada, edo portaera horietan jarraitu egiten badu pertsonak. Baina jar daitekeen zigorrik larriena horixe da. Elizatik ezin da bota: inor ere ez». Ebazten diren sententziek biktimek jasaniko kaltea osatzeko neurriak eman behar dituzte, eta helegiteak jartzeko era ere izaten da, Erromako buruzagiei babesa eskatzekoa: «Auzien gaineko azken kontrola han dago».

BERRIAn argitaratua (2017/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA