astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

bizigiro

Dragoiak ere, Bardeako fauna

Iker Tubia

Dragoiak ere, Bardeako fauna

Bardean tokiko ekosistemaren parte ez diren hegaztiak ikustea ohikoa izaten da: militarren hegazkinak. Egun hauetan, baina, ez dute bonbarik botako. Su etena Game of Thrones telesail famatuaren grabaketa lanengatik izanen da. Asteartetik dabiltza hainbat eszena filmatzen, eta bihar bukatuko dute. Hegazkinik ez, baina 2016an estreinatuko den seigarren denboraldian dragoiak ikusiko dira, seguruenik, Bardeako zeruan. Fauna berriak inguruko ekonomian eragin ona izan du, eta pentsatzekoa da etekinak luzaroan iraungo du.

Sekretuak inguratu du filmaketa. Valtierrako (Nafarroa) alkateak ez du deklaraziorik egin nahi, Bardeako eremu handi bat itxita dago, ekoizpen etxeak ere ez du molestatzerik nahi, eta grabaketan parte hartzen dutenek ezin dute hitz egin, ezta argazkirik egin ere. Hala ere, Emilia Clarke telesailean Daenerys Targaryenen rola jokatzen duen aktoreak argi utzi zuen Erriberrin egon zela telesailak hamabi Emmy sari irabazi zituen gauean. Gainera, Las Cortinas putzuan dothrakien kanpamentu baten kokalekua muntatu dute.

Parte hartzaile kopurua ere jakina da. 67 zaldi eraman dituzte Ingalaterra eta Espainiatik, eta mila lagunek baino gehiagok parte hartuko dute grabazioetan. Haietatik 400 estrak izanen dira, Tuterako casting-ean hautatutakoak, eta gehienak nafarrak. Atzo eta herenegun zaldien gainean ibili ziren grabatzen, eta gaur hasiko dira estrak lanean.

Estrak tokikoak bertakoak izanen dira bai, baina lan horrengatik 50 euro jasoko dituzte eguneko. Alde horretatik, telesaila tokian bertan grabatzeak ez dio ekarpen ekonomiko handirik eginen inguruari. Baina beste alor batzuetan, bai. Batetik, Bardeako Komunitateko Batzarrari kanona ordaindu beharko diote, eta horrek eragina izanen du inguruko herrietan. Bestetik, filmaketaren gastu asko han eginen dira.

Lehenbiziko eragina

«Eragin zuzena, oraingoz, azpiegiturena da: hoteletako tokiak, otorduak, catering-ak, pabilioien alokairuak, baita atrezzoari lotutako enpresaren bat ere», azaldu du Javier Gomez Tuterako kultura zinegotziak. Adibidez, Valtierrako kiroldegia alokatu dute. Gainera, aurretik bost bider joan dira Bardeara, eta bilerak egin dituzte Erriberan, Sara Sevilla Navarra Film Commissioneko koordinatzaileak azaldu duenez. «Lau eguneko filmaketa prestatzeko hilabete oso bat eman dute».

Hoteletan eragina antzeman dutela berretsi du Nacho Calvo Tuterako hotelen elkarteko idazkari nagusiak, asko baitaude ostatu hartuta. Hala ere, badago bainarik. «Logela askoren erreserbak bertan behera utzi dituzte, beste toki batzuetara joateko. Baina hori normala da, eskaintza-eskariaren legea da». Erriberrira joan zirela zabaldu zen, baina hango hotelek ezetz diote. Aktoreek haietako batean bazkaldu zuten egun batez. Ordutik, argazkilariak baizik ez dira hurbildu.

Halaber, Nafarroako enpresa asko kontratatu behar izan dituzte, ikus-entzunezko alorrekoak zein bestelakoak. Dena den, filmaketa lehenbiziko bultzada ekonomikoa baizik ez da, Sevillaren esanetan. «Nazioarteko promozioa oso garrantzitsua da. Ikus-entzunekoetan ahoz ahokoak funtzionatzen du, eta filmaketa on batek itzultzera bultzatzen zaitu». Are, telesailaren ekoizpen etxeak Nafarroan filmatzen duen hirugarren proiektua da. Orain, AEBetan ere ezaguna izanen da Nafarroako basamortua. Gomezen aburuz, ekoizpen etxe gehiago erakartzeko lana egin beharko dute, etorkizunari begira filmaketetan egon daitezkeen beharrei erantzuteko aukera gehiago eskaini ahal izateko.

Zalantzarik gabe, erakusleiho handia da Game of Thrones, mundu osoan milioika jarraitzaile baititu. «Webgune berezituetan filmaketak egin diren tokiak biltzen dituzte», esan du Film Commissioneko koordinatzaileak. «Aurreko denboraldietan Espainian, Kroazian, Ingalaterran... filmatu dute, eta toki horietara jendetza joan da». Erriberan, dagoeneko antzematen hasi da eragina. «Tutera munduko mapan jarri dute», esan du kultura zinegotziak. «Ondorioz, lehen baino pakete turistiko askoz gehiagotan saltzen da orain».

Nafarroan bolo-bolo dabil gaia, eta enpresa batzuk saiatu dira etekina ateratzen. Espainiako telefonia enpresa handi batek Nafarroa dragoien lurraldea leloa duten iragarkiak jarri ditu billabesetan. Enpresa horren plataforma digitalak emango ditu telesailaren seigarren denboraldia. Baina hori heldu den urtean izanen da.

BERRIAn argitaratua (2015/09/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA