astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

ekonomia

OILARRAREN URTEA

Ivan Santamaria

OILARRAREN URTEA

Urte berria ospatuko dute txinatarrek urtarrilaren 28an. Tradizioari jarraituz, horoskopoan dagoen animalia batek irudikatzen du. Oilarra da aurten protagonista. Txinako ikonografian harrokeria irudikatzen ez duen arren, zaila da loturarik ez aurkitzea Donald Trump enpresaburuak astebete arinago zin egingo duenean AEBetako 45. presidentea izateko. Oilarraren urtea da 2017a.

Ziurgabetasuna. Urte berrirako iragarpen guztietan bolo-bolo dabilen hitza da. Orain arte krisi ekonomikoak eragindako ziurgabetasunari buruz hitz egin da nagusiki, baina ekuazioa aldatu egin da. Krisiaren ondorioek jauzi egin dute politikaren esparrura, eta ezinezkoa errealitate bihurtu da amaitu berri den urtean. Donald Trumpen garaipena eta brexit bozketaren emaitza dira horren erakusle. Biak zerrendatuak zituzten ekonomistek egonkortasuna arriskuan jartzeko faktore nagusien artean.

Trumpen agintaldiaren hasierak ikusmin handia piztu du. Zer egingo duen benetan asmatzeko oinarri gutxi daude. «Zehazki zer egin nahi duen ikusi beharko da. Oso modu orokorrean adierazi du lehentasuna eman nahi diola barne eskaera bultzatzeari, azpiegituren bidez», azaldu du Joseba Madariaga ekonomista eta Laboral Kutxako ikerketa arduradunak. Txanponaren ifrentzua badu iragarri denak, ordea. «Kanpora begira, mugen itxiera baten ideiarekin ari da jokatzen. Ez dirudi norabide ona».

Oraingoz, politika Etxe Zuriko bulego obaletik at eta txio kolpeka egiten ari da agintaria. Eta, oraingoz, garaipena gertatu zenetik merkatuek erosi diote saldutakoa. Inoizko mailarik handiena du Dow Jones burtsa indizeak, esaterako. Iraungo du eztei bidaiak? «Merkatuek onartu dizkiote orain arte, baina ikusteko dago. Ea asko espero dugun horri buruz eta, azkenean, ez den hainbesterako izango», Niko Cuenca ekonomistaren aburuz.

Argitu beharrekoa da zer-nolako politika komertziala sustatuko duen AEBetako administrazio berriak. Funtsezkoa da, potentzia ekonomiko nagusia badelako oraindik ere, eta izan delako globalizazioaren bultzatzaile irmoena. Pazifikoko beste 11 herrialderekin adostutako TPP ituna bertan behera utziko duela esana du Trumpek. Europako Batasunarekin negoziatzen ari den TTIP «hozkailuan» jarri du Bruselak. Merkataritza ekonomiaren azpitik hasi da hazten, gainera.

«Albiste txarra da», ziurtatu du Madariagak. «Azken finean, nazioarteko merkataritza oso elementu garrantzitsua da, bidea delako onak garen gauzak egiten espezializatzeko, eta gizartearentzat aberastasuna sortzeko». AEBek protekzionismora jotzeak ondorio zuzenak izango ditu euskal ekonomian, haren ustez. «Geure enpresei zuzenean eragin diezaieke. Horien atzean enplegu eta inbertsio asmoa dago, eta albiste oso txarra litzateke».

Globalizazioaren aurkako susmoak —eta migratzaileenganako mesfidantzak— edo aberastasunaren banaketa desorekatuari buruzko kexak izan ziren Erresuma Batua EBtik ateratzearen aldeko botoa hauspotu zuten faktoreetako batzuk. Martxorako 50. artikulua baliatu eta prozedura ofiziala martxan jarriko duela iragarri du Theresa May lehen ministroak. Negoziazio korapilatsu eta luzea espero liteke. «Gehiago edo gutxiago, baina ondorio negatiboak izango ditu horrek, seguru», dio Madariagak.

Europako eraikuntza, lehen aldiz, atzera egiten ari da. Erresuma Batua, hala ere, herrialde periferikoa da, batasunaren parte, baina proiektuarekin harreman gorabeheratsuak izan dituena beti. Muina da benetako arazoa, ekonomisten aburuz. «Kezkagarriena da hori, erdiguneko herrialdeak. Alemaniako atentatua, populismoaren gorakada, egoera oso konplexuak sortzen ari dira. Trumpen edo brexit-aren efektua baino askoz larriagoa litzateke Europako proiektua lehertzea», adierazi du Madariagak.

Urtarrilaren 1ean hamabost urte bete dira euroak zirkulazioan sartu zirenetik. Garai horretako ilusioa eszeptizismo bihurtu da hamarkada eta erdi eskas batean. Giro aldaketa horri buruz ohartarazi du Cuencak. «Duela zortzi urte inork ez zuen zalantzan jartzen euroaren Europa. Orain ez da gauza bera gertatzen». Benetako aukera da? «Litekeena ez da euroa desagertzea, baina arrisku hori hor dago. Ematen zuen eurogunea eta euroa izango zirela Europako ekonomiarentzako salbazio moduko bat, eta hor egoteak uxatzen zituela arriskuak, baina ikusi da ezetz».

Europak badu zertaz kezkatu hasi berri den urtean. Alemaniak eta Frantziak hauteskunde garrantzitsuak dituzte. Italian banku krisiari ezegonkortasun politikoa gehitu zaio. Bestalde, ez dira amaitu Greziaren erreskate amaigabeari buruzko eztabaidak.

Txina, erregaia eta ezusteak

Ekonomia aurreratuen ajeak ez dira bakarrak. Edonola ere, aurreikuspenak aurreikuspen, ohiko bihurtu dira ekonomian iragarritakoa hankaz gora jarri dituzten gertakariak. Duela urte eta erdi, Txinako zurrunbiloek tentsioa goratu zuten munduko merkatuetan. Petrolioaren merkatzea ere oharkabean igaro zitzaien begirale guztiei.

Eraldaketa ekonomikoan jarraitu du Txinak. Hazkunde tasa %6ren bueltan egonkortzea lortu du, kopuru ofizialen arabera. Cuenca ez da fio, hala ere. «Arrisku sistemikoa dago Txinan. Ez da ekonomia oso gardena, estatuak goitik behera kontrolatzen duelako, eta ez dago oso argi zein den benetako egoera».

Industriatik kontsumorako pauso horretan ezusteak egon daitezkeela azpimarratu du. «Ez dakit burbuila bati buruz hitz egin beharko genukeen, baina hainbat enpresa eta nazioarteko banku ari dira Txina uzten». Antzeko iritzia du Madariagak: «Oso handia da zorpetzea, eta edozein egunotan ustekabe desatsegina eman dezake». Oilarrarena urte garrantzitsua izango da Txinako politikan. Udazkenean batzar orokorra egingo du alderdi komunistak, eta ezarriko ditu datozen urteetarako erreformak eta eginbehar ekonomikoak.

Beste gertakari inportante bat petrolioaren prezioaren igoera da. Aspaldiko partez, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea ados jarri da produkzioa jaisteko, eta akordio horretara bildu ditu beste zenbait ekoizle, Errusia bera horien artean. Apurka, garestitzeko bidea hasi du upelak. «Faktore guztiak aztertuta, ez dut inon ikusten ehun dolarretik gora jarriko dela berriro, krisiaren hasieran bezala», azaldu du Joseba Madariagak.

Cuencak, berriz, uste du LPEEk sustatu duen itunari neurriz eman behar zaiola garrantzia. «Akordio oso hauskorra da», haren aburuz. Prezioa igotzen bada, berriro ere erakargarri bihurtuko da AEBetan fracking bidez petrolioa ustiatzea, eta horrek oreka dezake eskaintza. Edonola ere, erregai inportatzaile diren herrialdeei lagundu dien bultzada izan da petrolioaren merkatzea, eta agortzen ari da abagune hori. «Espainiak, esaterako, 20.000 milioi aurreztu ditu 2012. urtearekin alderatuz. Edonola ere, ez gara aurreko egoerara bueltatuko».

Hamar urtez, krisia

Beste urtemuga bat ere beteko da aurten. Kasu honetan, desatsegina. Adostasun osorik ez dagoen arren, egile askok puntu jakin batean kokatzen dute gaurdaino iraun duen krisiaren —edo krisien— hasiera: 2007. urteko uda. AEBetako zabor hipoteken arazo partikularrak nazioarteko bihurtzeko urratsa egin zuenean. Hamar urte geroago, esan liteke krisia gainditu dugula?

«Ez dugu krisia gainditu, argi eta garbi. Euskal gizarteari begiratuz gero, esaterako, baliabide batzuk ditugu, eskulan bat, eta ez gara osorik erabiltzen ari. Ez gara iristen eskura izan genitzakeen ekoizpen eta errenta mailetara», zehaztu du Madariagak. Alderaketak tentuz erabiltzea ere eskatu du: «Inportantea da ez begiratzea 2005. edo 2006. urtera. Ziur aski errealitate irreala zen hura. Ez dugu berriro ikusiko; ez zuen zentzurik eta orain badakigu».

Bat dator Niko Cuenca ikuspuntu horrekin. «Lehengo garai horiek ez ditugu berriro ikusiko. Ohitu beharko dugu beste ekonomia batean bizitzen». Beharrezkoa da beste modu batera pentsatzen hastea, haren irudiko. «Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Gaurko sistema globalizatuan, puntu batean hasitako krisia krisi ezberdinetan garatzen da». Adibide zehatza eman du, gainera: «Krisia hasi zenean nork esango zuen AEBetako finantza korporazio handien arazoekin lotura izango zuela Greziak? Krisia noiz hasi zen eta noiz bukatuko den esatea gaitza da».

Kanpora begiratzeak hotzikara ematen du. Barrura begira, bada zer nabarmendu. Hegoaldeko ekonomia %3ren bueltan hazten ari da, kopururik handiena krisia hasi zenetik. 2017an eutsiko zaio igoera faseari, baina erritmoa motelduko da, %2,3 ingurura. «Munduko batez bestekoaren gainetik ari gara hazten 2016an. Krisian egindako ahaleginean oinarritutako hazkundea da», Madariagaren hitzetan. Aurrerapenak onartuta, ezkorrago da Cuenca. «Aurreikuspen onak dira, baina oso ahul gaude, mundu mailako edozein arazok izan ditzake ondorioak. Eztul batek dardarka jarriko gintuzke. Pentsa geure merkatu nagusiak direla Alemania, Frantzia eta AEBak».

Nazioarteko erakundeek ere egin dituzte kalkuluak. NDFren ustez, mundua %3,4 haziko da. OCDEk %3,3 iragarri du. Biek ala biek azpimarratu dute, egitekotan, egoerak okerrera egiteko arriskuak direla nagusi. Ezegonkortasunak mehatxatzen du hazkunde apalaren tranpatik ateratzeko ahalegina. Ongi etorri krisiaren hamargarren urtera. Ongi etorri oilarraren urtera.

BERRIAn argitaratua (2017/01/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA