astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

mundua

Ada Colauren jauzia Bartzelonatik harago

S. Velte

Ada Colauren jauzia Bartzelonatik harago

Urteetan bere buruari «ezker subiranista (baina ez independentista)» deitu dion sektoreak etsi egin du maiz zurrunbilo independentistaren bazterrean. Kataluniako Parlamentuan, lauso agertu da erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta, ondorioz, eztabaidatik alboratuta geratu da sarri. Baina, aldi berean, arrakasta itzela izan du udal eta estatu mailan: 2015etik, Bartzelonako Udalean agintzen du, eta Espainiako hauteskunde orokorretan Kataluniako boto gehien bildutako indarra izan zen.

Argot politikoan «els comuns» deitzen zaion sektore horrek printzerri mailara eraman nahi du orain hiriburuan irabazi duena. Oraingoan, mugimenduaren aurpegi maitatuenetako bat izango du lider: Ada Colau, Bartzelonako alkatea. Barcelona en Comu, Podem, ICV-EUiA, Equo eta beste zenbait talde batuta, alderdi berri bat sortzeko prozesu betean dabiltza, eta apiril hasieran egin asmo dute hura formalki eratzeko batzarra. Un Pais en Comu izena jarri diote behin-behinean.

Carles Puigdemont presidenteak hauteskundeak aurreratuz gero, prest egotea da Comuns-en asmoa. Eta berriro ez errepikatzea azken hauteskunde katalanetako porrota. «Faseka goaz», azaldu du Albano Dante Fachinek (Bahia Blanca, Argentina, 1976), Podemeko eledunak: «Hauteskunde plebiszitario gisa saldu zizkiguten haietara aurkeztu ginenean, oso azkar egin behar izan genuen. Hortik sortu zen Catalunya Si Que Es Pot (CSQP) koalizioa, presaka eta goitik erabakita. Bozak plebiszitu gisa ulertzen ez genituenontzat, oso egoera konplikatua zen, eta emaitza apalak lortu genituen». Geroago, hauteskunde orokorretarako, En Comu Podem sortu zuten; aurrekoan ez bezala, Colau ere inplikatu zen kanpainan, eta Kataluniako indar nagusi bihurtu ziren.

Ezkerraren erreferente

«Hauteskunde orokorren ostean, garbi ikusi genuen bazegoela ordezkatuta sentitzen ez zen espazio politiko bat», azaldu du Joan Subirats (Bartzelona, 1951) Zientzia Politikoetako katedradunak. Barcelona en Comuren ideologoetako bat izan zen, eta gaur egun alderdi berriaren talde sustatzailean dabil. Eztabaida nazionalak, sarri, kezka sozialak estali dituela iruditzen zaio: «Auzi gehiegi dauzkagu uneotan jokoan soilik independentismoaren eta unionismoaren arteko gatazkan jarduteko».

Alderdi berriak indargune nabarmena dauka: Colauk ez du posizio argiegirik hartu independentziaren inguruan, baina A-9ko galdeketa babestu zuen eta publikoki agertu da prozesuaren judizializazioaren aurka. Herri mugimenduen errespetua dauka, eta Bartzelonan, erreferentea da bere burua testuinguru nazionalean zein Espainiakoan kokatzen duen ezkerrarentzat.

Baina Colau fenomenoa hiriburuko gauza bat izan da nagusiki. Eta Katalunia ez da Bartzelona soilik: herri eta eskualdeetan, CUPek eta ERCk bete ohi dute herri mugimenduetatik gertu dagoen ezker instituzionalaren papera. «Ez da erraza tokian tokiko egoera kontuan hartu gabe lurreratzea», onartu du Subiratsek: «Bere garaian ere proposatu genion CUPi Barcelona en Comu-n bat egitea, baina uko egin zion». Guanyem mugimendua sortu zuten beste kide asko bezala, berak ere hurbiletik ezagutzen du ezker independentista, hiriburuko mugimendu sozialetatik. 2012ko bozetan, ordea, urrundu ziren bi joerak. Horrek oraindik zenbait kontraesan sortzen dizkie comuns-ei; besteak beste, Kataluniako hiruko gobernuan egon zen ICVrekin aliatu direlako eta ez ezker independentistarekin. Udal mailan, ordea, hainbat aliantza osatu dituzte; esaterako, Badalonan eta Cornellan.

Erreferendumera begira

2015eko hauteskunde plebiszitarioez geroztik, leku eroso samarra eduki du CSQPek, sarritan oposizioko alderdi aurrerakoi bakarra balitz bezala agertuz: Junts Pel Sik, gobernatzeko, CUPen babesa behar zuela baliatu du biei «kromo trukaketa» egozteko. Puigdemontek erreferenduma iragarri zuenean, sektore horretatik berehala aldarrikatu zuten beraiek lehenagotik proposatu izan zutela. Fachini ere erresumina nabari zaio oraindik: «Guk erreferenduma eskatzen genuenean, ezetz esaten ziguten, hura jada bozetan egin genuela».

Hala ere, parte hartu zuten abenduaren 23an Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala eratzeko goi-bileran, eta txalotu egin zuten topaketa haren ondorio nagusia: galdeketa adostua izan zedin ahaleginduko zirela. Espainiaren jarrera zurruna kritikatu izan dute, baina aldi berean ukatu egin dute alde bakarreko galdeketarik egitea.

Puntu horretan hasten da comuns-en eta subiranismoaren arteko harreman paradoxikoa korapilatzen. Alde batetik, sektore horrek du Kataluniako gehiengo sozialarekiko giltza: boz plebiszitarioetan %48k bozkatu zuten independentziaren alde, baina, sarri aipatzen dutenez, katalanen %80 leudeke erabakitzeko eskubidearen alde. Arazoa da familia «subiranista ez independentistan» inork ez dakiela zehazki zein den jarrera ofiziala erreferendumarekiko. «Sinesten dugu Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko gaitasuna daukala, eta, beraz, Auzitegi Konstituzionalak dioenaren aurka gaude», argitu du Subiratsek. «Hori garbi dago, eta baita erabakimen horrek erreferendum itxura hartu behar duela. Garbi ez daukaguna da zein den horra heltzeko bidea».

Behin eta berriz errepikatzen den esapide bat da ez dutela «beste A-9 bat nahi». Xavier Domenech En Comu Podemeko bozeramaileak erreferendumaren ordez bozetara deitzeko eskatu du aste honetan: «Ez dakit zertan bereiziko litzatekeen [galdeketa] A-9tik, hark ere ez baitzuen inolako efektu juridiko edo politiko loteslerik izan».

Leunago mintzo da Subirats. «Oraintxe, ahalik eta babes zabalena lortzen lagunduko digun formula bilatzea da estrategikoena: ezezko botoa eman nahi duten pertsonek ere senti dezaten deituta daudela; nazioarteko behatzaileak egon daitezen; eta galdera argia eta kontsentsuzkoa izan dadin. Hori betetzen bada, ezin izango da erreferendumaren baliozkotasuna ukatu, Espainiak dioena gorabehera. Baina ez dut irudikatzen erreferendum bat, herritarren %45ek parte hartzen dutena eta %85arekin irabazten dena, oso litekeena baita horrek inolako efekturik ez izatea».

Independentismoaren ikuspegitik, iritzi mordoilo nahasgarri bat izango da Un Pais en Comu, eta gerta daiteke erreferenduma heldu baino lehen gainerako subiranistetatik urruntzea. Baina orduan ere ikusteko egongo da euren jarraitzaileetatik zenbat geratu diren erreferendumaren aldeko errailean.

BERRIAn argitaratua (2017/01/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA