astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

mundua

HIRUGARRENEAN, AGIDANEZ

Samara Velte

HIRUGARRENEAN, AGIDANEZ

Erreferenduma, edo erreferenduma». Carles Puigdemontek ez du beste aukerarik ikusten bere agintaldia amaitzeko. Hala agindu zien independentistei, eta hala berretsi du aste honetan: 2017a amaitzen denerako ez dela Kataluniako presidente izango. Puigdemontek aste honetan beteko du urtebete karguan; sei hilabete geratzen zaizkio, beraz, agindutako lana bukatzeko. «Legealdia udan amaituko da, eta hauteskunde konstituziogileak egingo ditugu erreferenduma igaro eta sei hilabetera».

Generalitateko presidenteak iraileko bigarren hamabostaldian egin nahi du Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa. Horretarako, aspaldi batu gabeko babesarekin hasi du urtea subiranismoak: abenduaren 23an Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala aurkeztu zuten, herrialdeko alderdi politiko nagusien, sindikatu eta patronalen, gizarte eragileen eta tokiko instituzio nagusien babesarekin. Independentistak ez ezik, els comuns gisa ezagutzen den sektorea —Barcelona en Comu, Podem, ICV-EUiA eta Equo batzen dituena— ere batu zitzaion erabakitzeko eskubidearen aldeko argazkiari. Denera, Kataluniako Parlamentuaren %61 ordezkatzen dute gaur egun alderdi horiek batuta: inkestek diote, ordea, herritarren %80k nahi dutela erreferenduma.

«Diferentzia hori da potentzial politikoa ematen dizuna», azaldu du Jordi Muñoz politologoak (Valentzia, 1979). 2015eko hauteskunde plebiszitarioek irudi aratza eman behar zuten Kataluniako independentismoaz, baina, horren ordez, egoera nahasgarriago bat ekarri zuten: independentistek gehiengo zabala lortu zuten legebiltzarrean, baina botoen %48rekin. Ezin esan, beraz, plebiszitua irabazi zutenik; baina galeratzat ere ezin zitekeen jo, argi eta garbi unionismoan kokatutako alderdiek are boto gutxiago lortu zituztelako. Balantza alde batera edo bestera makurtzeko giltza Catalunya Si Que Es Potek zeukan: botoen %9 lortuta, 11 diputatu ditu gaur egun. Erabakitzeko eskubidearen aldeko erretorika darabil, baina azken urteotan harreman mikatza izan du independentismoarekin. Hura ordezkatzen duten bi alderdiek —PDECaten eta ERCren arteko Junts Pel Si koalizioak eta haren gobernurako akuilu den CUP ezker independentistak— «ezohiko legealdia» izan zedin adostu zuten 2015eko bozen ostean: urte eta erdi eman zioten elkarri estatu burujabea eraikitzen hasteko. Beti geratzen zen, baina, zilegitasunaren galdera: zenbat urrats —eta, batez ere, zeintzuk— egin zitezkeen botoen %48rekin?

«Erreferendumaren ideia berreskuratzeak blokeo egoera honetatik ateratzen lagun dezake», uste du Muñozek. Bozkatzeko eskubideak, gainera, demokraziaren ideiaren inguruan kokatzen du gatazka nagusia, eta ez nazio auziaren inguruan. Comuns-ak bi elementuk hurbildu baitituzte bloke subiranistara: erreferendum loteslearen promesak eta Espainiak politikari katalanen aurka abiatutako jazarpenak. Uneotan, Artur Mas presidente ohia epaiketaren atarian dago A-9a antolatzeagatik; Carme Forcadell parlamentuko presidentea, aldiz, ikerketapean dago parlamentuan independentziari buruzko eztabaida bat txertatzeagatik. «Gatazka demokratikoarekin lotutako auzibideek askoz babes handiagoa jasotzen dute, esate baterako, udaletxe batean bandera bat jartzeagatik edo ez jartzeagatik zabaldutakoek baino», hausnartu du Muñozek. «Demokraziari buruzko konfrontazioa askoz eraginkorragoa da konfrontazio sinbolikoa baino».

Beste A-9 bat ez

Independentismoak behar du subiranismo demokratikoa bere oinarri soziala zabaltzeko. Galdera da independentista ez den sektore subiranistak benetan zenbat jende mugiaraz ote dezakeen. 2015eko hauteskundeetan nahiko emaitza apala lortu zuen Catalunya Si Que Es Pot alderdiaren eskutik, baina aurtengo hobe prestatu nahi du: apirilean aurkeztuko dute Barcelona en Comuren printzipatu mailako alderdia, Ada Colau alkatea buru duela.

Sektore horretako ordezkari batzuek —Catalunya Si Que Es Poteko eledun Lluis Rabellek, adibidez— esan izan dute soilik Madrilekin adostutako erreferendum bat onartuko luketela; eta, kontsentsu hori ez badago, hobe dela itxarotea eta beranduago egitea. Alderdi independentistek sinesgarritasuna daukate jokoan, eta horrek dezente murrizten die denborarekin jokatzeko aukera. Ikusteko dago, beraz, zer egingo duten comuns-ek Madrilek galdeketa debekatu eta Kataluniak hala ere erreferenduma antolatzen badu. «Buruzagi batzuk trenetik jaitsiko dira ziurrenik; beste batzuk ez, eta baten bat ahaleginduko da orain arteko anbiguotasunari eusten», uste du Muñozek. «Boto-emaileak zatituta geratuko dira: galdera da zeintzuk joango diren bozkatzera».

Espainiak erreferendum bat baimendu arte zain egotea ez da aukera bat Kataluniako independentistentzat. Autonomia estatutu berria, itun fiskala eta gutxienez bi erreferendum proposatu izan dizkiote gobernu desberdinek Madrili, baina hark atzera bota ditu guztiak —edo urardotu, estatutuaren kasuan—. 2014tik, auzitara jo du independentismoa geldiarazteko, estatu berrirako oinarri izan zitezkeen legezko bideak itxiz.

Azken asteotan, lehenbiziko aldiz, katalanak limurtzeko estrategiari heldu dio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak: Madrilek Katalunian daukan ordezkaria aldatu, eta bulegoa zabaldu du haren ondoan, «presentzia handiagoa» izateko. Alderdi katalanekiko elkarrizketek, ordea, ez dute fruiturik eman oraingoz; besteak beste, gehiagotan elkartu delako oposizio unionistarekin, gobernuko alderdiekin baino. «Elkarrizketa operazioa delako hori mendrea da», Muñozen arabera: «Independentistek beldurra zeukaten, horrek bere oinarri sozial eta politikoaren zati bat higa zezakeelako, baina Espainia egiteko prest dagoena baino askoz gehiago beharko da horretarako».

Konbentzimendurako gaitasun handirik, beharbada, ez du erakutsi Madrilek, baina haren baliabide judizialak eraginkorrak izan dira epe laburrean. Aurtengo erronka nagusietako bat izango da iraileko erreferenduma ez izatea A-9aren errepikapen bat: alegia, Auzitegi Konstituzionalak eta Espainiako Gobernuak baliorik aitortu ez arren, erreferenduma ñabardurarik gabea izatea, gobernuak indarrean jarri beharko duen emaitza argi batekin.

Baldintzek lagunduko dutelakoan da Muñoz: oraingoan galdera bakarra izango da, eta ez, 2014an bezala, bikoitza eta nahasgarria; gainera, gobernuak eta parlamentuak erreferenduma egiteko eta haren emaitza indarrean sartzeko konpromiso esplizitua daukate. Beraz, galdera da zenbateraino eutsi ahal izango dioten erreferendum loteslearen formatuari, Espainiako justizia aurka badute. «Galdera horiek iritsiko dira, baina, gutxi gorabehera, aurreikus daitezke, eta ez dute inor ustekabean harrapatuko. Nik uste dut ERCk eta CUPek garbi ikusten dutela kontua, eta CDCko [gaur egun, PDECat] sektore batek ere bai», argitu du Muñozek: «Beste sektore batek beharbada errezeloak dauzka, baina Junts Pel Siren akordioaren arabera, ezin bada erreferendumik egin, parlamentuak aldarrikatu beharko du independentzia, edo hauteskundeetara joan beharko dute zuzenean. Horien aldean, eszeptikoek ere nahiago dute erreferenduma».

Udarako, parlamentuak prest eduki nahi ditu estatu katalanaren oinarrizko legeak, erreferendumean baiezkoak irabaziz gero trantsizioa abiatzeko. Konstituzionalak jada debekatu ditu haietako gehienak, eta nagusiena —trantsizio juridikorakoa— isilpean daukate oraingoz. «Estatuaren erantzunaren araberakoak izango dira estatu egitura horiek: ez dituzu tresna berberak behar estatu pasibo batekin edo konfrontazio egoera batean. Erabateko konfrontazioari eusteko gai diren egiturak sortzea ezinezkoa iruditzen zait».

Hauteskundeen itzala

Baina erreferendumarekin ez da ezer amaituko. Hura egin ala ez, bozetara deitu beharko da: irabaziz gero, konstituziogileak izango dira; porrota izanez gero, ziklo amaierakoak. Alderdi gehientsuenak hasiak dira haietarako prestatzen. PDECatek nola edo hala eragotzi nahi du inkestek aspalditik iragartzen dioten beherakada: «Irtenbide gutxi dituzte. Bide estuan sartu dira, Junts Pel Si koalizioa eginez». Aldiz, Oriol Junquerasen alderdia geroz eta sendoago ageri da inkestetan. Horrek abantaila ematen dio barneko negoziazioetan, eta gutxiago ahitzen da publikoaren begietan: «ERCk erdiko posizioa du independentismoaren barruan. CUPi barne tentsio handia eragiten dio PDECatekin akordioak egin behar izateak; eta PDECati berdin. ERC, aldiz, nahiko eroso dago egoera horretan».

Puigdemonten ezezkoa jasota, PDECatek erabaki beharko du nor izango den hurrengo liderra: Artur Mas presidente ohiak ospe txarregia du zenbaitzuen begietara. Nolanahi ere, gobernuko alderdiek ez dute epe luzeegirako planik egingo aurtengo lehenbiziko erronka gainditu arte: 2017rako aurrekontuak onartzea. Generalitateak ez ditu diru kontuak 2015etik berritu, CUPek iazkoei atea itxi zienez gero. Hil honen amaieran elkartuko dira bi aldeetako negoziazio batzordeak, eta, okerrik ezean, otsailean bozkatuko dute Junquerasen proposamena parlamentuan. Ordurako izango da barne tirabirarik; besteak beste, irakasleen sindikatuak ere protestara deitu duelako aurrekontu horien aurka. Muñozentzat, halako uneak dira kezkagarriagoak: «Erreferendumarentzako agertoki okerrena litzateke barruko banaketengatik ez egitea».

BERRIAn argitaratua (2017/01/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA