astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

bizigiro

Bitamina pilulak, minak eta lilurak

Edu Lartzanguren

Bitamina pilulak, minak eta lilurak

Aitak E bitamina asko hartzen zuen, eta prostatako minbizia diagnostikatu zioten. Beti galdetuko diot neure buruari bi gauzak lotuta ote zeuden». Hala esan du Paul Offit sendagileak. Osasun iruzurren aurkako ahots ozenetako eta ezagunetako bat da Ameriketako Estatu Batuetan. Arrazoi sendoak ditu Offitek aitari gertatutakoaz susmoa izateko. Izan ere, zientziak erakutsi du belar denda, sasibotika, gimnasio eta supermerkatuetan denen eskura dauden elikagai gehigarriak hartzeak ez duela, askotan, osasun onurarik ekartzen, baizik eta gaitza eta zorigaitza.

Benetako zientzialaria da Offit: 25 urte pasatu zituen rotabirusaren aurkako txerto bat garatzen. Offiten Rotateq txertoa erabiltzen da gaur AEBetan eta Kanadan, eta milaka haur salbatu ditu. «Emazteak bitamina zorrotxo bat ematen zidan egunero hartzeko», kontatu du. «Ikertu nuenean, ikusi nuen egunero aholkatzen dena baino mila aldiz gehiago hartzen ari nintzela». Philadelphiako (AEB) Haur Erietxean lanean zebilela hasi zen Offit bitamina gehigarrien mundua ikertzen. Erietxean zer botika erabili erabakitzen zuen batzordean zegoen sendagilea, eta hainbat elikadura gehigarri zituzten zerrendan. «Arazoa da ez genekiela bitamina horiek arauen arabera eginak ote zeuden, osasun erakundeek ez dituztelako aztertzen». Offiten batzordeak idatzi egin zien bitamina gehigarriak egiten zituzten konpainiei, piluletan zer zegoen zehazteko eskatuz. «Bakarrik %10ek erantzun zuten, eta horietako askok emaniko agiriek erakusten zuten botiletan zegoena ez zela etiketetan jartzen zuena». Horrela hasi zen Offiten borroka elikadura gehigarrien industriaren aurka.

«Ni neu hartzen ari nintzen E bitamina aztertu nuen, esaterako». Jakina da almendrak E bitamina iturri bikaina direla. Offitek zorrotxo bakoitzean zegoen bitamina kopurua aztertu zuen, eta, ikusi zuenez, 1.600 almendra jan beharko zituen hura lortzeko. C bitaminaren kasuan, 14 laranja. «Gure urdailak zerbaitengatik du daukan tamaina», esan du. «Industriak gehigarriak gauza natural gisa saltzen baditu ere, argi dago ez dela batere naturala».

Bitaminak eta minbizia

Baina bitaminak onak badira, bitamina gehiago hobea izango da, ezta? Ideia faltsu horren aitetako bat Linus Pauling kimikaria da. Nobel saria eman zioten 1954. urtean, kimika kuantikoan eta biologia molekularrean eginiko lanarengatik. C bitaminak katarroa eta gripea sendatzen dituela uste du jende askok oraindik ere, eta Paulingen errua da. 1970. urtean argitaraturiko liburu batean antioxidatzaile gehigarriak hartzea gomendatu zuen, gehiago eta hobeto bizitzekotan, eta, baita hiesa sendatzeko ere. Predikatzen zuena praktikatzen zuen Paulingek: egunero C bitaminaren 18 gramo hartzen zituen. Gomendatzen dutena baino 50 bider gehiago. Prostatako minbiziak hil zuen 1994. urtean. Edonola ere, 93 urte hartu zituen.

Ikerketa ugari egin dira bitamina gehigarrien inguruan 1990eko hamarkadatik hona, eta Pauling ez zen oso pozik egongo emaitzekin. 1994. urtean argitaraturiko batean, esaterako, 18.000 erretzaile edo amiantoarekin ibilitako lagunei A bitamina eta beta karotenoa eman zieten, minbizia saihesten ote zuten jakiteko. Ikertzaileek gelditu egin behar izan zuten ikerketa, bitaminak hartzen zutenek minbizia izateko %46 aukera gehiago zeukatela ikusi zutelako. Arrisku handiagoa, beraz; ez gutxiago. Antzekoak ondorioztatu dituzten ikerketen zerrenda oso luzea da.

Hamarkada luzez, erradikal askeak izan dira filmeko gaiztoak. Zelulek oxigenoa erabiltzen dutelako sortzen dira, eta zelulak zahartzea eragiten dute eta DNAri eta arteriei kalte egiten dietela. Horregatik, zahartzearen, minbiziaren eta bihotzeko gaitzekin lotu izan dituzte. Horiei aurre egiteko gorputzak antioxidatzaileak sortzen ditu, eta elikagaien bidez ere lortzen dituzte gizakiek. Baina ikerketek ideia bat argi utzi dute: bitaminak eta mineralak janaren bidez hartzea onuragarria eta ezinbestekoa da, baina, gehigarri gisa, pilula edo beste formatutan hartzeak ez dakar onurarik, eta, bai, ordea, arriskua. Zergatik? Antioxidatzaileen paradoxa esaten diote fenomenoari: erradikal libreak ere beharrezkoak dira, besteak beste, bakterioak eta minbizi zelulak hiltzeko. Badirudi elikadura gehigarriek ez dutela erradikal libreen oreka zaintzen.

Bitaminen kontua arazo handiago baten parte bat da. Elikadura gehigarrien eta elikagai funtzionalen merkatua eta industria urtez urte handitzen ari da. Gehigarrien industriak 50.000 milioi euroko jarduera zuen 2014. urtean, merkatuak aztertzen dituen Euromonitor International taldearen arabera.

Baina nola sortzen zaio gizarte bati aurretik ez zuen behar bat? Zergatik hartzen ditu jendeak halako gehigarriak? «Badaezpada ere hartzen dituzu, ez zaudelako ziur ondo jaten ari ote zaren, nahiz eta behar duzun guztia jasotzen ari zaren janaren bitartez», azaldu du Offitek. Industriak plazebo efektua erabiltzen du gehigarriak saltzeko. «Sistema immunologikoa indartzen dute, estresa gutxitzen dute... Hori esanda saltzen dituzte».

Elikadura gehigarriak ikertzen ditu Arrate Lasak EHUko Farmazia Fakultatean. Resveratrol antioxidatzaileaz idatzi zuen tesia. Ardoan, masustetan eta halako fruitu gorritan dago resveratrola, eta gizentasunean eragina baduela ikusi du zientzialariak. Edonola ere, zeluletan edo animalietan duen eragina esperimentatu duela ohartarazi du: «Hortik gizakietara dagoen saltoa ikertu gabe dago oraindik». Baina gai kimikook salgai daude, edonoren esku, elikadura gehigarri gisa, «gizakietan proba nahikorik egin gabe». Izan ere, gehigarriek eta elikagai funtzionalek ez dute errezetarik behar, mugarik gabe erosi eta nahi den dosian har daitezke. «Hor dago arriskua», esan du Lasak.

Dieta osasungarria eta kirola egiten ez bada, elikadura gehigarriok ez dute osasuna hobetzen, Lasaren arabera. «Pertsona batek halakoak hartzen baditu, beti egon behar du atzean arrazoi bat: lodi dagoela, edo kolesterola edo hipertentsioa duela... Arazorik ez duen jendeak ez du halakorik behar».

Baina zaila da gaur halako gehigarririk hartu gabe bizitzea, besteak beste, gosaltzeko zerealetan eta esnean ere sartzen dituztelako. «Ez dago gaizki zure dieten elikagai bat edo bi hartzea bitaminetan eta mineraletan indartuta, baina denari botatzeak ez du zentzurik», ohartarazi du Lasak. Arrain olioak boladan daude, esaterako, baina ikertzaileak uste du Omega 3 osagaia arraina edo fruitu lehorren bidez lortu beharko litzatekeela. «Askotariko dieta zorrotz betetzea ez da erraza izaten daukagun bizimoduarekin. Horregatik jendeak bide errazenera jotzen du».

Euskal Herri kirolzale honetan, badago obsesio bat elikadurarekin. «Gorputzarekin obsesionatuta dagoena, normalean, elikadurarekin ere setatuta egoten da», esan du Lasak. Proteina gehigarriak hartzen dituzte gimnasioetan dabiltzan askok, esaterako, nahiz eta hemengo dieta dagoeneko hiperproteikoa izan. «Luzarora eragin kaltegarriak izan ditzake horrek, proteina gainkargak giltzurrunei kalte egin diezaielako, edo kaltzioa galtzea eragin». Lasa ikertzailearen mezua sinplea da: «Ez obsesionatu elikadurarekin. Dieta aberatsa eta bizimodu osasuntsua izan. Horrekin nahikoa da».

Carmen Perez Rodrigo sendagilearen arabera, kirol asko egiten duen jende gehienak ere ez du gehigarririk behar. Perez aditua da gizartearen elikaduran, eta hainbat ikerketa egin ditu bitaminen eta elikadura gehigarrien inguruan. «Ondo elikatzea ohiko jana eta edanarekin lortu behar dugu», esan du Perezek. Azaldu duenez, badaude egoera berezi batzuk, eta horietan erabili beharko lirateke gehigarriak, «baina, betiere, osasun arloko profesional batek esan behar digu zer behar dugun eta zein kopurutan». Beraz, sendagileek, nutrizionistek, erizainek edo fisioterapeutek eman beharko lituzkete produktuok. Baina, askotan, ontziaren estetikarengatik aukeratzen ditu jendeak, Perezen ustetan.

Azido folikoa da modako beste produktu bat. Emakume haurdunek behar dute hura hartu haurdunaldiaren lehenengo hiru hilabeteetan, haurrak arantza bifidoa izatea saihesteko. Bitamina gehigarri bat da azido folikoa, azken batean. Baina haurdun egon gabe ere hura hartzeko, edo elikagai arruntak horrekin indartzeko joerak kezkatzen ditu nutrizionistak. Kaliforniako Unibertsitatean 2011n eginiko saio batean baieztatu egin zuten antioxidante, azido foliko, kaltzio eta beta karoteno dosi handiek minbizia gutxitu beharrean arriskua handitzen dutela. Perezek azaldu duenez, minbizia tratatzen ari diren pertsonengan onak izan daitezke antioxidatzaileak, kimioterapia hartzen ari direnean. Baina, betiere, kontrolpean hartu behar direla, bestela kontrako eragina izan dezaketelako. Gaixoaren genetikaren arabera ere, eragin ona edo txarra izan dezakete gehigarriok. «Ez dut esaten errezetarekin eman behar direnik, baina bai, behintzat, aholku batekin».

Zientzia setiopean

Nola gelditu, ordea, halako zenbaki izugarriak dituen industria bat? Offitek argi du: «Nik nahi dut kontsumitzaileak esnatzea eta esatea: zer edo zer erosten dudanean, jakin nahi dut, alde batetik, etiketan jartzen duena daukala, eta, bestetik, segurua dela. Ez galdu denbora elikadura gehigarriak eraginkorrak ote diren galdetzen». Botiken kategorian ez sartzeko, industriak lausotu egiten ditu produktuok saltzeko leloak: «Ez dute esango, esaterako, euren produktuak kolesterol txarra gutxitzen duela. Esango dute lagundu egiten duela. Horrez bidez, saihestu egiten dute botiken arauak ezartzea. Arautuz gero, gehigarrien industria hondoratuko litzateke».

Haatik, garai latzak datoz zientziaz jantziriko negozioei mozorroa kentzen dabiltzanentzat. Offit «oso kezkatuta» dago Donald Trump AEBetako presidentetza hartuko duelako. Izan ere, Trumpek txertoen kontrako mugimenduari sinpatia agertu izan dio. «Baina ez da bakarrik txertoen kontra. Hori baino gehiago da: zientziaren ukatzailea da». Klima aldaketa ukatzen duten Scott Pruitt eta Rick Perry aukeratu ditu Ingurumena Babesteko Agentziako buru eta Energia Departamentua zuzendari izateko aukeratu ditu, hurrenez hurren. Osasun Departamenturako, Tom Price aukeratu du. GIB birusak hiesa eragiten duela ukatzen duen talde bateko kidea da Price. Heziketa Departamenturako, eboluzioa ukatzen duen Betsy DeVos kreazionista hautatu du. «Urteko hitza egia-ostea da, eta zientzia setiopean dago orain», esan du Offitek. Elikadura gehigarrien, janari indartuen, elikagai funtzionalen eta bitamina pilulen lilurak indartzen jarraituko du, ziurrenera. «Magian sinesten jarraitzen dugu, hori da arazoa».

BERRIAn argitaratua (2017/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA