astekaria 2017/01/13
arrowItzuli

mundua

Amets apurtuen hilerria

Adrian Garcia

Amets apurtuen hilerria

Migratzaileek eta errefuxiatuek erabiltzen duten ibilbiderik arriskutsuena da. Ez soilik iazko datuei erreparatuta; urtero milaka zenbatzen dira itsasoak desagerrarazitakoak. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, azken hiru urteetan ibilbiderik hilgarriena izan da Mediterraneoko zeharkaldia. Iaz 5.079 pertsona hil ziren Europarako bidean, erakundeak atzo argitaratutako txostenaren arabera —2015ean 3.777 izan ziren—. Halere, IOMk berak ohartarazi du errealitatea are gordinagoa dela, kopuru horiek gutxienekoak direlako: oso zaila da migratzaileei eta errefuxiatuei buruzko informazio zehatza eskuratzea eta baieztatzea. «Ez gaude biktima guztien kopuru zehatzetik gertu», esan du William Lacy Swingek, erakundeko zuzendari nagusiak. Mundu osoan iaz 7.500 migratzaile hil direla zenbatu dituzte. 2015ean, 5.270 izan ziren.

IOMren txostena gerratik eta miseriatik ihesean hil direnen kopuruaren gerturatze bat izan arren, tragediaren tamaina antzematen laguntzen du. Azken hiru urteetan zenbatutako hildakoak 18.500 dira. «Alegia, ia hogei hildako egunean. Izugarria da. Pasatu zaigu zenbatzeko garaia. Migrazioa babesteko, legeztatzeko eta denentzako segurua bihurtzeko neurriak hartu behar ditugu», adierazi du Swingek.

Guztira, 2.200 hildako gehiago zenbatu ditu IOMk, 2015eko datuekin alderatuta. Erakundeak esan du ikerketa metodoak hobera egin dutela, eta, neurri batean, horrek azal dezakeela igoera. Baina ukaezina da migratzaileen bideak gero eta arriskutsuago direla: Mediterraneoan aurreko urtean baino 1.200 pertsona gehiago hil direla zenbatu dute.

Europa da zorigaiztoko helmuga, Afrika iparraldean hildakoak gehitu behar baitzaizkie itsasokoei. Proportzioan hildako kopurua gehien hazi den ibilbidea da Afrika iparraldekoa: 1.125 hildako zenbatu zituzten iaz; 2015ean, berriz, 350.

Giza eskubideen aldeko erakundeek EB Europako Batasunak hartutako politikekin lotu dute igoera. Bruselak ez du errefuxiatuak hartzeko epe luzera begirako estrategiarik hartu. Kontrara, mugak itxi eta oztopoak jarri dizkie. Iheslariak batasuneko kideen artean banatzeko kuota sistema da EBren ezintasunaren erakusle nabarmena. Bi urtean Greziara eta Italiara iritsitako 160.000 pertsona hartzea adostu zuten. Urtebete baino gehiago igaro da, eta milaka gutxi batzuk besterik ez dituzte lekualdatu: 8.100 inguru, helburuaren %5.

Beste neurri batzuk hartzeko garaian, ordea, zorrotz aritu da EB. Iheslarientzat Balkanetako bidea seguruagoa izan arren —ez arriskugabea, ordea, Egeo itsasoa gurutzatu behar baitzuten Turkiatik Greziara iristeko—, zalantzarik ez du izan mugak ixteko orduan. Ezta 50.000 errefuxiatu baldintza kaskarretan Grezian harrapatuta uzteko.

Neurri antzuak

Turkiaren eta EBren arteko akordioak aldarazi du errefuxiatuen ibilbidea. Iazko martxoan egin zuten, eta ordutik Turkiatik Greziara iritsitakoen kopuruak behera egin du. Hitzartutakoari jarraikiz, Ankarak muga hermetikoki itxi du, iheslariei Europarako bidea ixteko. Trukean, finantzaketa jasoko du Turkiak, eta bisak liberalizatzeko negoziazioak hasi dituzte. Horrela, Turkiatik EBra baimenik gabe ailegatutako oro kanporatzen dute bueltan, nahiz eta errefuxiatuen aldeko erakundeek salatu Ankarako gobernuak ez dituela giza eskubideak errespetatzen.

Nolanahi ere, eta oztopoak gero eta handiagoak izanagatik, iheslariek ez dute leku seguru batean bizitzeko ametsa baztertu. IOMko analistek ondorioztatu dute: migrazioa oztopatzeko herrialde aberastuek hartutako neurriak antzuak izan dira, munduko bi migrazio ibilbide nagusiak —Erdialdeko Amerikako korridorea eta Mediterraneoko zeharkaldia— erabiltzen jarraitzen dituzte eta. Europaren kasuan, Mediterraneoko hilerriak egiten ditu Bruselaren gotortze lanak.

BERRIAn argitaratua (2017/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA