astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

iritzia

Erregeez eta Jainkoez

Onintza Enbeita

Erregeez eta Jainkoez Onintza Enbeita

Eta hiru erregeren ordez, hiru erregina joan balira Jesus jaio berriari opariak eramatera gaur bezalako egun batez? Eta Jesus jaio berria bera, Jesusa izan balitz? Eta Adanek ez balio eutsi sagarra jateko tentazioari? Eta XXI. mendeko filmeetan, Jainkoa agertzen denean, emakume ahotsa balu? Eta Moises izan beharrean, Sefora izan balitz urak zabaldu zituena? Eta Mariak Espiritu Santuari paso egin, eta bere umearen aita aukeratzerik izan balu? Eta lau ebanjelarietako bat, bakarra bada ere, emakumea izan balitz? Eta apostoluetako bat, bakarra bada ere, homosexuala izan balitz? Eta Noek aitortuko balu ezin izan zuela bakarrik eraiki animalia guztiak uholdetik salbatuko zituen ontzia? Eta Abrahamek Jainkoaren aginduz semea hiltzeko saikera egin zuenean, Jainkoa bera barik Sara izan balitz bere umea ez hiltzeko agindu ziona? Eta Lot izan balitz Sodomatik ihesean doala, gertatzen ari zena ikusteko, bere burua biratu zuena? Eta Jainkoak ez balio Evari esan minez erdituko dela? Eta Jakob izan beharrean, Rakel izan balitz senar bi eta maitale bi izan zituena? Eta Jainkoak esplikatuko baligu nork lagundu zion zazpi egunetan mundua eraikitzen? Eta Aita Santua dagoen lekuan Ama Santua egongo balitz? Eta Mari Magdalakoak Jesusi ezetz esan izan balio, bere sentsualitatea ezkutatu gabe? Eta Jainko bakarra eta arra izan beharrean, asko eta denetarikoak ezagutuko bagenitu?

Bada, jarraituko nuke sinestu gabe bizitzan sufritu egin behar dudala hil ondoren paradisuan bizi ahal izateko; baina, erruduntasuna bandoz aldatuko litzateke. Ez ginateke emakumeok izango munduko gaitz guztien arduradunak, eta eskertu egingo genioke Evari noizbait Paradisu deitu zioten leku hartatik alde egiteko erabakia hartu izana: mundu errealean ez dagoelako aitaren esana derrigor bete beharrik.

BERRIAn argitaratua (2017/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA