astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

iritzia

Euskararen zoru komunaz

Jakes Goikoetxea

Euskararen zoru komunaz Jakes Goikoetxea

Eskertzekoa eta deigarria da benetan EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek taldearen eta euskararen egoerari eta etorkizunari buruz egindako gogoeta. Interneten jarri dute urtarrilaren 28ko Nazio Batzarrerako proposatu duten idazkia (Euskal Herri euskaldunari ateak ireki!), ekarpenak jasotzeko eta osatzeko. Benetako autokritika, auzokritika nagusi den garaiotan.

Deigarria da EHEk euskalgintzaren eta erakundeen arteko lankidetzaren premia nabarmentzea. Uste du, beste askok bezala, euskararen biziberritzea bidegurutze batean dagoela. Egoera horretan, jauzi kualitatibo bat emateko «herri akordio bat» hitzartzea proposatu du, «eragile politiko, sozial eta euskalgintzaren artean», urteetako «harreman gorabeheratsuak» atzean utzita. EHE baikorra da. Baikorregia agian, herri akordio hori lortzeko —«akordio ausartagoa»— zoru komun bat, zoru partekatu bat, badagoela baitio, eta baldintzak duela urte batzuetakoak baino hobeak direla.

Baina, EHEk txostenean dioen bezala, Euskal Herrian hizkuntza gatazka bat dago. Euskarak aurrera egingo badu, hitzez eta ekintzez euskarari eta euskaldunei bizkarra emanda bizi direnek deseroso sentitu beharko dute. Eta, horretarako, beste batzuek deseroso sentiarazi beharko dituzte edo hala sentiarazteko neurriak hartu beharko dituzte. Gaur egun ez daude horretarako prest. Zoru komuna egon daiteke, baina, komuna izatekotan, antzua izango da.

BERRIAn argitaratua (2017/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA