astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

mundua

MARIA LANDI

«Tarta nola banatu negoziatu bitartean, Israelek dena jan du»

A. Garcia

«Tarta nola banatu negoziatu bitartean, Israelek dena jan du»

Giza eskubideen alde urte luzez jardun du Maria Landik (Montevideo, Uruguai). «Nirea bezalako kontinente batean beharrezkoa da». Palestinako gatazka beti izan du erreferentziatzat, eta, orain dela urte batzuk lehen aldiz Zisjordania bisitatu zuenetik, urtero egiten du bidaia, nazioarteko ikuskatzaile gisa. «Maitemindu egin naiz lurraldeaz eta hangoek erakusten duten adoreaz».

Palestinaren eta Israelen arteko bake prozesua amarrutzat jo izan duzu zure lanetan.

Orain dela 25 urte egin zuten Madrilen bake konferentzia. Adostasun handi bat dago horren inguruan: Osloko akordioak hutsegite handi bat izan ziren. Hasieratik gaizki eraikitako ituna da: tranpa bat da. Sionistek ez dute inoiz asmorik izan ezer negoziatzeko. Proiektu koloniala da haiena: ahalik eta lur gehien hartu nahi dute, ahalik eta arabiar gutxienekin. Ez dituzte jatorriko herritarrak ustiatu nahi, baizik eta haiek ordezkatu nahi dituzte, munduko judu guztiekin. Hasieratik erabili dute estrategia hori, eta bake akordioa denbora irabazteko erabili dute, Mendebaldeari iruzur egiteko. Tarta nola banatu negoziatu bitartean, dena jan dute.

Indar desoreka handia dago bi aldeen artean. Horrek ezinezkoa egiten al du negoziazio prozesua?

Gerra diskurtsoarekin azaldu izan da Palestinako gatazka: lurralde beragatik borrokan ari diren bi alde daude. Baina benetako egoera ezkutatzen dute negoziazioek: proiektu kolonial baten aurkako borroka da, kokalekuen aurkakoa. Ez ahaztu alde batek ez duela armadarik. Bortxatzaile bat eta bortxatua izan den emakume bat ezin dira mahai beraren bueltan eseri negoziatzera. Egin behar dena da erasoa gerarazi.

Israelek ez du kokalekuen politika geratzeko asmorik. Lege proposamen bat dago parlamentuan, palestinarren lur pribatuetan eraiki diren kokalekuak legeztatzeko. Horrek bi estatuen konponbidea lurperatuko al luke behin betiko?

Ezinezkoa da bi estatuez hitz egitea erregimen aldaketa aipatu gabe. Israelen proiektua arrazista eta kolonialista da. Zisjordania bisitatuz gero, segituan ohartzen zara: negoziatu bitartean eraikitzen joan dira. 600.000 judu baino gehiago daude egun. Nola kanporatuko dituzte? Ez dago atzera-bueltarik. Israelek ez du inoiz onartuko eskumen minimo batzuk izan ditzakeen Palestina. Subiranotasunik gabeko ghetto multzo bat utziko dute gehienez, mugaren eta aire eremuaren kontrolik gabekoa.

Konponbidea zein da orduan, palestinarrak eta israeldarrak elkarrekin bizi ahal izango duten estatu bakar bat?

Erregimen sionista da arazoa, eta horren aurka egin behar da borroka, ez lurraldearen banaketagatik. Beste deskolonizazio prozesuetan ez da horrelakorik gertatu. Hegoafrikako zuriei, edo Aljeriako frantsesei ez zieten estatuaren zati bat eman. Hemen, ordea, Europatik etorri zen mugimendu bati eman dizkiote lurrak. Bertakoak diren judu palestinarrak %5 inguru besterik ez ziren zatiketaren aurretik. Bideraezina ez ezik, bidegabea ere bada bi estatuen konponbidea.

Orduan, Israel demokratizatzea al da gakoa, zure ustez?

Egun dagoena apartheid estatu bat da. Israelek eremu osoa kontrolatzen du, eta hamabi milioi pertsonaren gainean agintzen du. Baina erdiek ez dute eskubiderik. Halere, XXI. mendean horrelako erregimen batek ez du luzaroan iraungo. BDS Boikot Desinbertsio eta Zigorrak mugimenduak azken hamarkadan gauza asko bistaratu ditu. Israel barruan eta Zisjordanian bizi diren palestinarren egoera antzekoa da: baztertuak bizi dira, ez dute oinarrizko zerbitzurik, lurrik ez dute... Juduak ez direnak bigarren mailako herritarrak dira Israelen.

Oso kritikoa zara PAN Palestinako Aginte Nazionalak jokatutako rolarekin.

Oslok zilegitasuna eman zion okupazioari, palestinarrei sasi autonomia bat ematearen truke. PANek segurtasuna bere gain hartu zuen, hau da, erresistentzia armatuaren aurka egiteko ardura. Israeli lan zikina egiten dio. Eta oso eraginkorra izan da. Potentzia okupatzaile bezala, Israelek erantzukizuna eduki behar luke palestinarrekiko. Baina Osloko akordioen ondoren, hori guztia deuseztatu egin da. PANek hartu du ardura hori, Mendebaldetik datorkion finantzaketaren bidez. Kolonizaziorik etekintsuena da: milioika eta milioika dolar jasotzen ditu gerran inbertitzeko, eta ez du shekel bakarra ere gastatzen palestinarren ongizaterako.

PANen aurkako protesta mugimendu indartsurik ez da egon, ordea.

Mendekotasun eta bezerokeria sare garrantzitsua osatu du PANek Mendebaldearen milioiekin. Eta jende asko gobernuak ematen dituen soldaten menpe bizi da. Preso dago Palestinako ekonomia, eta ez du askatzeko aukera askorik. Erakunde ustela da PAN, traidorea, autoritarioa eta zapaltzailea. Okupazioa bikoitza da: Israelena eta PANena.

Diru laguntzek ez al dute PANen jarduna Mendebaldeari lotu?

Eredu neoliberala ezarri dute Palestinan Osloko akordioekin. Kontsumo eredua ezarri dute; lehen ez zegoen horrelakorik. Herritarrak zorpetuarazi dituzte, eta bankuen mende daude orain, hipotekak eta autoak ordaintzeko. Beteranoek nostalgiarekin oroitzen dute lehenengo Intifada: «Orduan kalera ateratzen ginen, ez genuelako galtzeko ezer».

Posible ikusten al duzu Palestinan mugimendu alternatibo bat eratzea?

Lidergo krisi oso sakona dago orain, eta Hamasen eta Fatahren arteko borroka amaigabeak paralisi politiko bat ekarri du. Orain, udal hauteskundeak ere bertan behera utzi dituzte. Hor bazegoen aukera ezkerreko sektore alternatiboen aliantzak egiteko. Baina Hamasek eta Al-Fatahek duten botere apurra eustearekin nahikoa dute, eta ez dute batasun mugimendu bat sortzen benetako etsaiaren aurka egiteko. Ekintzaile bezala, BDS kanpainan ditut esperantzak. Ekonomia goitik behera irauli beharko litzateke Palestinan Israelgo produktuak ez kontsumitzeko, baina bide horri etorkizun luzea ikusten diot.

Israel hasia da BDS mugimenduaz kezkatzen.

Bai, asko kezkatu, gainera. Hasieran ez zioten jaramonik egin, baina orain kezkatuta daude. Dirutza inbertitu dute BDSren ondorioak saihesteko, eta mugimendua kriminalizatzen hasi dira. Nazioartean Israelen irudia oso kaltetuta dago, batez ere ipar hemisferioan. Merkataritza aldetik ere, zailtasun gehiago ari da izaten. Okupazioan etekinak atera dituzten enpresa multinazionalei ere boikota egin diete, eta galera handiak izan dituzte; batzuk atera dira Israelgo merkatutik. Kontakizuna ere aldatzen ari da, eta Mendebaldeko herritarrak hasi dira Israelen benetako izaeraz ohartzen: erregimen kolonial bat da, eta ez ditu bere herritarren giza eskubideak errespetatzen.

BERRIAn argitaratua (2017/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA