astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

gizartea

Gabon zaharreko ipuina

Jose Mari Pastor

Gabon zaharreko ipuina Jose Mari Pastor

Zinema kritikari ugarik Allied (Aliatuak) filma goratu dute. Haien ustez, Robert Zemeckis-en pelikula ez da Casablanca klasikoaren parekoa, Brad Pitt ez da Humphrey Bogart, ezta Marion Cotillard Ingrid Bergman ere, baina badu zerbait. Pertsonaiak espioitzaren kateari lotuak daude II. Mundu Gerran, Casablancan. Maitemindu eta ezkondu egingo dira. Londresen biziko dira, baina zalantzaren itzalak segituko die. Suspensea areagotu egingo da Max Vatan-ek (Pitt) Marianne emaztea (Cotillard) alemaniarren espioia ote den frogatu behar duenean. Eta hori egiaztatuz gero, hura hil. Casablancan, Londresen edo...

Bake eta gerra garaietako giza joerak eta jokaerak aztertzeko aukera eskaintzen dute pelikulari buruzko zenbait kritikak. Gure aldaketak, naturaren alde argi eta ilunak sasoi horietan. Eguberrietarako ere balio dute hausnarketa horiek. Gabonak bakean. Gabonak gerran.

Eguberriak: eskua luzatzeko garaia da, dio irratiko iragarkiak, urteroko elkartasun-gupida ekimenak goresteko. Beste egunetan eskuak itxita eta ukabilak gogortuta izango bagenitu bezala, aurrekoari erasotzeko. Eguberrietan gure eskuzabaltasun kuoten zain daude aterperik gabeak. Gu ere zerbaiten esperoan gaude: urte berriaren zain, esperantzak eta ilusioak gogoan. «Bizitza zain egotea da», idatzi du Joan-Carles Mèlich filosofo eta irakasleak La Vanguardia egunkarian: «Eguberriak desioa dira. Baina ez dugu ahaztu behar desio guztietan arriskua badagoela, ilunpeen bihotzera bidaiatzeko arriskua, hain zuzen, Joseph Conrad-en kontaketan bezala». Arriskua hor dugu: Conraden lanean oinarrituta Francis Ford Coppolak zuzendutako Apocalypse Now filmeko infernura joan, geure burua Kurtz koronelaren suzko ispiluan ikusi eta erretzeko. Bizitzeak arriskatzea dakar, badakigu. Hala eta guztiz ere, berriak, ezezagunak beldurtu egiten gaitu, «ezin delako definitu», Mèlichen ustez: «Samuel Beckett-en tragikomediako Godotekin bezala gertatzen da: Godoten zain gaude, baina ez dugu ezagutzen, ez dakigu zer, nor den».

Fededunak izan edo ez, Gabonetako errituari eusten diogu, betiko prozesu zaharkituan arnasberrituta bizirik irauteko. Badirudi mundua gelditu egiten dela egun hauetan, baina ez da horrela. Unibertsoak ez du gure hilkortasunak inposatutako egutegiaren beharrik. Kosmosak ez daki abenduaren 31 zer den. Bihar ez da urte berria ospatuko Venusen. Eguberrietan gaude, baina naturaren taupadek geure barrenetan segitzen dute kolpeka. Elurrak ez ditu guztiz izoztu. Bakea desio dugu, baina denok daramagu Kurtz koronelaren harra barruan, Marlon Brandok legez. Gerrako zoramenean galtzeko. Hiltzeko. Bizitzeko.

Gaurkoa bezalako gau batean, 1937ko abenduaren 31n, 18 gradu zero azpiko tenperatura izan zen Teruelgo frontean. Elurraren ondorioz, gerra makinak izoztu egin ziren ordu batzuetan. Han zegoen 19 urteko gazte bat, urtebete lehenago Errepublikarekin boluntario joana. Kalez kaleko eta etxez etxeko borroka hartan segitu zuen, frankistek hiria hartu arte. Negu hartako egun batean bera bezain gaztea zen soldadu bat irten zitzaion izkina batetik, fusila eskuan. Zigarro bat zuen ahoan. «Rojo, ¿tienes fuego?», esan zion. Harengana hurbiltzen hasi zen. «Rojo, ¿tienes fuego?», berriro. «¿Qué quieres, fuego?», errepublikanoak. «Sí, dame fuego». «¡Pues toma fuego!».

Gazte haren odola elurrean isuri zen Teruelgo iluntzean, eta amaren negarra gorritu zuen minaren bihotzean. «Eta hark egin balu tiro lehenago? Hil ala bizi zen kontua», azaldu zuen gure aitak arerioa —sua eskatzen zion mutila— zergatik hil zuen galdetu genionean. Batzuetan hau pentsatu izan dut: soldadu hark tiro egin balu, ez nintzen mundura sortuko. Eta poztu egin naiz aitak arinago erabili zuelako fusila. Hil ala bizi zen kontua. Casablancan, Londresen edo Teruelen. Aitari bizirik segitzeko grina basatia nagusitu zitzaion. Bere zaharrean begiak lausotzen zitzaizkion gerrako irudiak ikusten zituenean. Eta telebista itzaltzen zuen.

BERRIAn argitaratua (2016/12/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA