astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

iritzia

Memoriaren borroka

Xabier Onaindia

Memoriaren borroka Xabier Onaindia

Norbaitek alzheimerra duelako memoria galtzen badu, despertsonalizatze prozesu bat sufritzen du, eta, horren eraginez, berarekiko arrotz sumatzen du bere burua, mundutik bereizia. Halaber, herri batek bere memoria galtzen badu, bereizi egiten da bere mundutik, desagertzeraino lerratzen, memoria baitu bere bereizgarritasunaren kareore euskarria.

Horregatik balio dute hainbeste eguneroko lekukotasunek, hala pertsona anonimoek nola profesional ezagunek emandakoek. Kolore pintzelkada ausartak dira: hala nola hainbat nafarrek eginiko plantoa La victoria de la libertad deritzon aldrebeskeriari, zeina Espainiako Poliziaren gorazarre bat baino ez baita, haren hilketak eta torturak isilarazteko antolatua; Goldatu taldearen ekinbidea, frankismoaren krimenei jazarri baitzaie Servini de Cubria epaile argentinarrak babesturik; Ahaztuak taldearena, ahaztuei aurpegia eta ahotsa jarri baitie; eta Paco Etxeberria doktorea eta haren taldea. Batzuek, probokazioei erantzunez, eta besteek, beren zientziaz baliaturik, historiako hautsak harrotzen laguntzen dute, gainerakook argi ikus dezagun zer gertatu zen.

Ni, bederatzi egunean torturatu ninduten Indautxuko komisarian. Giza animalia alde batera utzita, inolako animaliak espeziekide bati egingo ez liokeena egin zidaten. Dozenaka telefono aurkibide apurtu zizkidaten buruan, kirofanoarena egin, eta dozenaka deskarga elektriko eman zizkidaten. Baina nik bizirik iraun nuen. Beste batzuk, ordea, torturatzen zituzten bitartean hil ziren. Harrezkero, Sanchez Ferlosioren pentsamolde berbera izan dut beti: «Erailketa tortura baino kalte handiagotzat daukatenek aseguru agenteen pentsamolde bera dute». Eta horri hau eransten diot: ez dakite zertaz ari diren; nik, aukeran, nahiago dut hil, berriro halako beste bederatzi egun sufritu baino.

Zortea izan nuen, orduan ez baikinen joaten Auzitegi Nazionalera; epaile baten aurrera eraman ninduten, Juan Alberto Bellochen aurrera, zeinak, gero PSOErekin Justizia ministro izateko merituak bildu nahian-edo eta ni erabat txikituta ikusirik, txosten bat eskatu baitzion auzi medikuari, Gonzalez Pintori; eta hari, kasualitatez irakasle izana bainuen fakultate garaian, txabusinatik tira egin ahal izan nion, eta zer egin zidaten kontatu. Medikuen Elkargoa eta Abokatuen Elkargoa aurkeztu ziren kereilan, Bidarte senataria buru zutela, eta izugarrizko eskandalua izan zen; hainbestekoa, ezen kondena gutxieneko bat ezarri behar izan baitzuten, eta goiz-arratsalde-gauez txandaka aritu ziren hamabostetik gora polizia haietako bi kondenatu zituzten, Txema Montero abokatuaren trebetasun eta pertseberantziari esker.

Torturengatiko lehenengo kondena zen Errepublikaz geroztik, eta uste izan genuen zigorgabetasunaren giltzarrapoa apurtu genuela; are gehiago, Auzitegi Gorenak kondena berretsi eta gero. Baina sistemak baliabide asko ditu bere guztiahaltasuna gogorarazteko, eta, handik urte batzuetara jakin genuenez, komisarioburu mailara goititu zuten Murtzian Salvador Cano, eta taldetik egotzi Manuel Abonjo, Valentziako prostituzio eta txanpon makinen kontu batengatik; baina bietako inor ez zuten inhabilitatu 10 urterako, nahiz eta sententziak hori agindu. Zuzenbide estatuetan ez dakit, baina polizia estatuetan bere kasa dabil zigorgabetasunaren makineria, inork giltzari eman beharrik ere gabe.

Gaur egungo erakundeetako ezeinek ez dit eman inolako erreparaziorik. Enbarazu baino ez diegu egiten beren egitasmoetan. Amnesty Internationalen Kanadako batzorde batek bakarrik ikertu zuen nire kasua duela 35 bat urte, eta duela lau urte elkarrizketatu ninduen Manuela Carmena epaileak; baina oraindik ere ez dakit zertan geratu zen haien interes hura. Nire esker onik zintzoenak biei ala biei.

Ez dut honako hau idazten nire kasua berezia delako, Euskal Herrian sistematikoa izan baita tortura. Sistematikoa, Sistemak berak aplikatzen duelako hainbat helburu lortzeko eta disidentzia borrokatzeko; eta sistematikoa, erasandakoen kopuruarengatik. Duela zenbait urte, zenbatekoa zehaztu genuen TATen bidez, eta, 1978an Konstituzioa onartu zutenez geroztik, 35.000 pertsona atxilotuak zituzten, eta horietatik 5.500ek —bai, 5.500ek— torturak salatuak zituzten. Eta zenbakiak hain eskandaluzkoak izanik, galdera hauxe datorkio burura edonori: Nolatan ez da ezer gertatzen hemen? Nolatan eduki dute isil-gordean, eta, hainbeste milaka izanik, nolatan bihurtu gaituzte ikusezin? Zer jokotan dabiltza Jonan Fernandez eta Ezenarro? Oraingoz, ez dut esango zer uste dudan haien jardunaz.

Pierre Noraren iritziz, Memoria Historikoa da «giza taldeen ahalegin kontzientea bere iraganarekin ahaidetzeko, hura errespetu bereziz trataturik». Geure buruari galdetu behar diogu ea egiten ari al garen ahalegin hori: ezetz erantzuten badugu, arriskua dugu egia ofizialak pentsamolde bakarra ezar diezagun, eta, egintzak, datuak eta kopuruak ezin eztabaidatuzkoak direlako historia ezin aldatu badigute ere, memoria alda diezaguten, eta horrek badu bere garrantzia. Kontakizuna eta gertatuaren pertzepzioa alda diezaguten. Horretan ari dira ahaleginak eta bi egiten, eta, bizkor jokatzen ez badugu, azkenean, iparraldeko gerrako heroi bihurtuko dute Meliton Manzanas, demokraziaren aldeko borrokalari Amedo; izan ere, Roldan ustelak esan zuenez, «tortura beharrezkoa da biziak salbatzeko».

Memoria berregiteko, ez da nahikoa ikertzea. Aktibismo soziala behar da. Gai izan behar dugu batzeko, elkar ezagutzeko, erroldatzeko, ferekatzeko, zabaltzeko non, nola eta zenbat, hitzez adierazteko, eta minarengatik ezin duen horrek, gutxienez, izan dezala nork besarkatua. Gai izan behar dugu iraganaz hitz egiteko, baina, batik bat, erabakitzeko zer egin dezakegun zigorgabetasun hori amaitzeko, eta inork ez dezan berriro sufritu beharrik izan guri egin zigutena.

Geure buruari zor diogu batik bat, baina baita torturak hil zituztenei eta gure herriari ere; zeren eta, gure historia guk geuk idazten ez badugu, beste batzuek idatziko baitute gure ordez.

( Erredakzioan itzulia )

BERRIAn argitaratua (2015/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA