astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

kultura

Askotariko uzta utzita

Gorka Erostarbe

Askotariko uzta utzita

Iaz argitaratutakoen artetik, bereziki gustuko izan dituzten zenbait liburu hautatu eta komentatu dituzte BERRIAko kritikariek. Aukeratutakoetatik bakarra errepikatu da —Pello Lizarralderen Elur bustia—, eta iazko uztaren aniztasunaren erakusle ere izan daiteke hori. Hona haien iruzkinak:

ALEX GURRUTXAGA

Literatur kritikaria

Hiru ohar aukeraketaz:

Ez dut euskaraz argitaratu den guztia irakurri eta, beraz, aukeraketa hau mugatua da.

Arte obra bakarrik balioesten saiatu naiz, irizpide honi jarraituz: nire ustez liburu onenak direnak eta, bestela, literarioki interesgarrienak hautatzea.

Ez ditut itzulpenak kontuan hartu, bestela hirutik hiru obra atzerritarrak izateko aukera baitago, eta ez baitut uste hori interesgarria denik.

Aukeraketan sartu ez ditudanez —eta ez ditut sartu bestelako literatur balio batzuk lehenetsi ditudalako—, bi lan aipatu nahi nituzke: Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eta Patxi Larrionen Feriatzaileak, biak ala biak egileen opera prima-k, eta intrigazko trama ongi josien gainean eraikiak.

'Franco hil zuten egunak'

Egilea: Koldo Izagirre.

Argitaletxea: Susa.

Gertaera errealak izateaz gain, sinbolikoki esanguratsuak diren ekintzek harilkatzen dute Koldo Izagirreren azken liburua, nola edo hala Franco sinbolikoki hiltzen lagundu zuten egunek, jende ohikoen iraultza-keinu handi nahiz txikiek: Joseba Elosegiren jauzia, Saharako martxa berdea, azken fusilamenduen erantzuna, eta abar. Bederatzi narrazio mamitsuk osatzen dute liburua, eta, istorioak eta kontateknikak askotarikoak izanik ere, testuinguru soziopolitiko eta giro bertsuan mugitzen dira narrazio guztiak. Jario bizian egiten dute aurrera, baina gertakizun eta informazio kondentsazio handiak dauzkate. Ohi bezala, idazkera landu eta koloretsua Izagirreren estiloaren aparteko marka da.

'Elur bustia'

Egilea: Pello Lizarralde.

Argitaletxea: Erein.

Pello Lizarralderen azken narrazio luzean protagonista bakarraren pausoei jarraitzen die fokuak. Ezer gutxi dakigu protagonistaz, apenas hegoaldera joan nahi duela eta, krisi garaiak jota, diruz larri dabilela. Egilearen literaturan ohikoak diren osagai asko dauzka testuak —kontateknika zinematografikoa, deskribapenetako detailismoa, baloraziorik eza, elipsia, irudien indarra, eta abar—, guztiak ere trebeziaz baliatuak. Beharbada narrazioak ez dakar berrikuntza askorik egilearen obrara, baina, beste behin, narratzaile bikaina dela erakutsi du Lizarraldek Elur bustia-rekin.

'Erleak, satorrak, beleak'

Egilea: Gaizka Sarasola.

Argitaletxea: Edo.

Azkenaldiko antzerki argitalpenen artean aipamen berezia merezi du —Oier Guillanen Mr. SeƱora eta beste ileorde batzuk lanarekin batera— Gaizka Sarasolaren liburuak. Hiru antzerki labur dira —Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka—, absurdoaren lerrokoak denak, eta dosi sozial eta politiko altua daukatenak. Absurdoaren erremintak modu aberats eta zainduan baliatzen ditu egileak, hala hitzari nola antzerkiaren beste zeinuei —hala nola argiari— indar handia emanez.

HASIER REKONDO

Literatur kritikaria

Nik neuk aurten irakurritakoen artean, oihartzun gehien eragin didaten liburuek genero oso desberdinak jorratu dituzte, xede literario arras bestelakoekin. Auto-fikzio oso literario bat, globalizazioaren gaineko saiakera epatante bat eta paisaje post-industrial grisean kokatutako gizon arrunt baten gaineko gainbehera aukeratu ditut, zerrendak batere gustuko izan ez arren.

'Txistu eta biok'

Egilea: Juan Luis Zabala.

Argitaletxea: Algaira.

Kirol kazetari izan nahi duen kultur kazetari umatu baten gorabehera errealak eta fikziozkoak ondu ditu Zabalak. Norbaitek fikzioaren eta errealitatearen artean muga lar lausotua dagoela leporatu arren, fikzioaren zein egunerokoaren material interesgarri oro literatura bihurtu dezakeela erakutsi du Zabalak. Gure kulturaren eta kulturgileen ajeen gaineko ikuspegi ironikoa eta intimista. Halaber, nobela beltz kutrearen generoa tartekatzen du, betiere Txistu txakur iradokitzailearen laguntzaz.

'Globalizazioak eta Erdi Aro berria'

Egilea: Joseba Gabilondo.

Argitaletxea: Erein / Bilboko Udala.

Globalizazio ezberdinen gaineko hausnarketa heterodoxo honetan pentsamenduen ekaitza proposatzen digu AEBetan bizi den irakasle urretxuarrak. Ideia epatanteak ekoizteko gaitasun itzelarekin, Gabilondo gailendu egiten zaio politikoki aurreikus daitekeenari, pentsamendu-bidezidor berritzaileak proposatuz, askotan harekin ados egotea zaila gertatu arren. Esaterako, Erdi Arora itzuli garela sinetsarazi nahi digunean. Marxismotik eta post-marxismotik harago, askotariko gaiak jorratzen ditu sistematikoki Gabilondok: ekonomia, filosofia, historia, estetika, sukaldaritza, desioa, politika, erlijioa, demografia, sexua, terrorismoa, eta abar.

'Elur bustia'

Egilea: Pello Lizarralde.

Argitaletxea: Erein.

Apika ez du ezer berririk eskaintzen Lizarralderen literatura ibilbidean; alta bada, eleberri baino narrazio-luze deitu daitekeen honako hau sintaxi ederki ehunduaren alkimia ederra da. Sintaxia eraikitzeko maisutasunak Proust dakarkigu gogora zenbaitetan, haren perpaus zehatz zizelkatu eta zirimolatsuekin alderatu bailiteke zenbait pasartetan. Krisiak edo bizitzak kolpatu Ramiro gizaki erauziaren gaineko soslai gordina, artifiziorik gabea. Paraje industrial lakarretan eraikitako post-epopeia garratza, ezer esan gabe dena esaten duena.

HAUR ETA GAZTE

LITERATURA

IMANOL MERCERO

Literatur kritikaria

'Jon eta Mirka'

Idazlea: Gregorio Muro Harriet.

Ilustratzailea: Daniel Redondo.

Itzultzailea: Arkaitz Almortza.

Argitaletxea: Harriet ed.

Urte emankorra izan da euskal sortzaileen alorrean. Kontuak ongi egin baditut, 32 idazlek argitaratu dute Haur eta Gazte Literaturako (HGL) obraren bat, horietatik lau hasiberriak: Nerea Arrien, Nekane Fernandez, Isaak Martinez eta Paddy Rekalde.

Zein ekarpen nabarmendu behar nuen duda-mudatan ibili naiz. Patxi Zubizarreta eta enparauen Urrezko giltza maisulanaren berrargitalpena? A. Agirre eta M. Gurrutxagaren Martin psikoerretratua? L. Bilbao eta M. Mutuberriaren Piztipoemak eta Xomorropoemak estetikoki hain pitxiak?

Azkenerako, hogeita hamar urtez atzeratu zaigun Jon eta Mirka obraren bigarren (eta azken) atal kaleratu berriaren alde egin dut, bai lehen eta bai orain ekarpen kalitatezko, berezi eta bakuna izan delako: Goi mailako zientzia-fikzio komikia.

'Tango iritsita, hiru dira'

Idazlea: Justin Richardson & Peter Parnell.

Ilustratzailea: Henry Cole.

Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni.

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Itzulpenek osatzen dute HGLren merkatuaren kuota zati handiena. Kaxkarrenak eta onenak ekartzen dizkigute. Normala da munduko edozein garai eta hizkuntzatatik gurera ekartzen diren obren artean maisulanak iristea; lastoa eta alea bereiztea da kontua hemen ere.

Esaterako, Compostela 2016 saria irabazi duen Azken gutuna greziarra album xarmagarria iritsi zaigu, frantziar Haserre gorria terapeutikoa, eta, nola ez, literatura anglosaxoiaren ezinbesteko zenbait, hala nola Bost minutuko lasaialdia eta Grufaloa.

Nire iritziz, atzerriko onena Tango iritsita, hiru dira izan da, literatura eginda aldarrikapen soziala egiten asmatzen duelako, eta aldi berean, jakintza-liburu eraginkorra delako.

'Beroki gorria'

Idazlea: Patxi Zubizarreta.

Ilustratzailea: Yolanda Mosquera.

Argitaletxea: Ibaizabal.

Nabarmentzeko joera da HGLn hartzailearekin zalantzak sortzen dituen obrena: obra bikainak izan ohi dira, baina harrera osoagoa erdiesten dutenak helduekin, haurrekin baino.

Ausartzen naiz esatera naif artearen izpiritua bereganatua duten lanak direla, alegia, estetika infantil baten jabeak, baina ez horregatik diskurtso infantil baten proposamenak.

Esaterako Hankaz gora du amak mundua hipoteken gaiarekin xuxen lerratzen da helduongana. Badira sotilkiago ari direnak esparru honetan: esaterako, introspekzio proposamenak dituzten Bainera bete itsaso albuma, eta Zer demontre dago aulkien azpian poesia lana.

Peru Abarka sariketa honen guztiaren adibide paradoxikoa izan daiteke. Helduen literaturako sariketa izanik ere, album formatuan argitaratzen direnez, haur literatura balitz bezala jokatzen dugu. Eta, kiribila are gehiago bihurritzen, aurtengo irabazleak guztiz betetzen ditu nik hemen goian aipatutakoak: bikaina da, haurrak dira aitzakia, baina helduak jomuga.

BERRIAn argitaratua (2017/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA