iritzia
1937ko urtarrilaren 4a
Xabier Arregi
Gerrako lehen unetan OƱatin atxilotutako arduradun politiko tradizionalistek ihes egin zuten. Baten bat harrapatu behar haien ordez, eta gure amaren etxeko baserrira jo zuten. Gure aitajauna, haren anaia eta koinatua eraman zituzten, Bergarako kalabozoetara lehenengo, eta gero Larrinagako kartzelara. Hirurak nabarmentasun politiko barikoak ziren, herritar arrunten eguneroko zereginei emanak. [...]
Gertaeren ondorioz, tentsioak egon ziren EAJ eta Jaurlaritzaren artean, Monzonek bere dimisioa eman zuen, baina Agirrek ez zuen onartu. [...] Gerra ondoren, Agirrek eta Monzonek aitortu zuten behin eta berriz munduan zehar euren ardura. Monzonek, hainbat historialari zorrotzek, lekukok, agirik, nabarmendu zuten batailoi sozialistak izan zirela nagusiki erasotzaileak. Gerora Alderdi Jeltzaleak, hainbat historialarik, kronista politikok, sozialisten babesle modura jokatu dute. Horretarako anarkistei leporatu izan zaie ardura osoa, nabarmen gezurra dena. Aitzakia modura esan da frankistak zirela han zeudenak, nondik ateratzen dute hori? Buruzagi kolpistak ei zeuden, zenbat? Testuingurua ere erabiltzen da basakeria hura zuritzeko. [...]
Ez zen ekintza isolatua izan Euskal Herrian. Presondegi bihurtutako itsasontzietan 112 preso hil zituzten, hor ere batailoi sozialistak aitzindari, zaintzaile jeltzaleen pasibotasunaz baliatuz. 1936ko uztailaren 28ko gauean Donostiako Pasealeku Berrian fusilatu zituzten Tolosako kartzelatik ateratako hamalau euskaldun tradizionalista, sozialistek eta komunistek adostutako erabakia betez. Presondegietan (Ondarreta, Guadalupe) fusilatzeak ohikoak ziren. Joaquin Beunza, nafarra, Hondarribian fusilatu zuten 1936ko irailaren 4an. Eusko Ikaskuntzaren bultzatzaile eta sortzaileetakoa izan zen 1918an, urteak egin zituen hegoaldeko lau lurraldeen batasuna bultzatzen, Lizarrako estatutua defendatu zuen Alcala Zamoraren aurrean, Prieto sozialistak zapuztu zuen estatutu huraxe. Eta horrela asko...
Baina ez dago euskaldun, euskaltzale, haiendako oroitzapenik, horietako batzuk gero, garai ilun haietan, euren esku zegoena egin zuten arren heriotza—sumario edo heriotza—zigor arriskuan zeudenak babesteko, edo kartzelan zeudenen zigorrak arintzeko. Oroimenaz hitz egiten duten horiek ematen du gauza batzuei buruz amnesia ezarri nahi dutela. Besteei exijitzen dietenean aitortza, autokritika, egia, barkamen eskea, ukatzen dietenean testuinguruaren argudioa, gupida gabe ezartzen dizkietenean frankismo garaikoak baino kartzela zigor luzeagoak eta ankerragoak, oinazea arindu beharrean areagotzen ahalegintzen direnean, hain zaila egiten zaie esatea: gu izan ginen; guk ez genituen babestu; hiltzea gaizki egon zen orduan ere? Hain zaila da aitortzea norberak eragindako biktimak? Besteei kontuak hartzea hain gustukoa dutenek, ez lukete gaizki egingo euren eskuei begiratu eta onartuta ez daudela hain garbiak. Ala biktimak bakarrik dira besteek eragindakoak, eta preskribatzen dute, edo hasten dira kontatzen, norberari komeni zaion unetik aurrera?