astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

iritzia

Txoria txori

Miren Amuriza

Txoria txori Miren Amuriza

Larraitz Chamorroren eskaerak gogorazi berri digu badela gurean hiltzea desio duenik ere. Gaixotasun larri bat du, ELA, eta sedazio aringarria gura du ahalik ondoen hiltzeko; ordea, medikuek ukatu egin diote, eta horrexegatik jo dute senideek hedabideetara. Inpresio handia egin zidan Estibalizek, Larraitzen ahizpak, esanak (atzo Arantxa Iraolak argitaratutako erreportajean): gaixoak zailtasun handiak ei ditu elikatzeko, baina medikuek diotenez, irensteko eta arnasa hartzeko gai den artean ez dute sedatuko.

Nik ez dakit ezer medikuntzaz, heriotza duinaren inguruko legeez, baina ezagutzen dut hilzorian dagoenaren logelak hartzen duen usaina. Eta nago ez dela gauza bera bizirik egotea (elikatzea, arnasa hartzea, bihotza martxan edukitzea...) edo bizitzea (autonomia minimo bat izatea, erabakimena, bizinahia...). Bereizketa hori egiteak balioko luke, beharbada, zenbaiten kontzientzietan sedazioak, eutanasiak edo suizidio lagunduak sortzen dituen talkak baretzen. Hala ere, barne-talka horiek apalduko ez balitzaizkie, Txoria txori entzuteko aholkatuko nieke.

Bizitza da handiena, bai; ez konparazioan aukera txikiagorik dugulako, ezpada izateko aukera bakarra dugulako bera. Eta indarkeria deritzogu norbaiti, bere borondatearen kontra, bizitza kentzeari. Zer besterik esan liteke norbait, bere borondatearen kontra, bizirik egotera behartzeaz?

BERRIAn argitaratua (2017/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA