astekaria 2017/01/06
arrowItzuli

gizartea

Ez dira oheburuan ahituko

Arantxa Iraola

Ez dira oheburuan ahituko

Egunotan, Larraitz Chamorrok hedabideetako lehen lerroetara eraman du hiltzeko laguntza eskatzen duten pazienteen aldarria. 40 urte ditu, Gipuzkoakoa da, eta gaixotasun larri bat du: AEA alboko esklerosi amiotrofikoa. DMD heriotza duinaren alde diharduen elkartearen babesarekin, senitartekoei atxikita, gaitzaren sintomak «jasanezin» zaizkiola azaldu du, eta sedazio aringarria nahi duela: bakean hiltzeko. Estibaliz Chamorro ahizparen hitz batzuk zabalduz eman du egoeraren larriaren berri DMD elkarteak. «Guztiz mendekoa da, eta bizi organoak kale egiten hasi zaizkio. Diafragma ez dabilkio, zailtasunak ditu arnasa hartzeko; nekez irensten du, eta horrela ezin da ondo elikatu», azaldu du. Eta medikuek, hala ere, sedazio aringarririk ez diotela eman nahi: «Esaten dute oraindik arnasa hartzeko eta irensteko ahalmena baduenez, ez dutela sedatuko. Irentsi ezinik geratzen denean: orduan sedatuko dutela».

Oihartzuna izan du albisteak, eta poztu egin da Mabel Marijuan EHU Euskal Herriko Medikuntza Fakultateko Bioetika irakaslea; izan ere, uste du emakume horrek salatu duen ukoaren parekoa usuegi aditzen dela Euskal Herriko erietxeetan —kasu honetan, Matia fundazioaren zentro batean dago—. «Baten batek beti esan diezazuke: 'Oraindik ez'». Uste du heriotza duinaren inguruan egin diren legeek oraino ez dutela taxuz errespetatzen gaixoen hitza.

Eutanasia eta suizidio lagundua legez kanpokoak nola diren, gaixoek, hainbatetan, sedazio aringarrian jartzen dute ahalik eta pairamendu urrienaz hiltzeko itxaropena, baina ate horri behar adinako zabaltasunik ez dio ikusten Marijuanek. «Frantzian, esaterako, azkena egin zuten lege aldaketan, egin zuten urrats hori; sedazio aringarria hautatzeko ahalmena hilurreneko pazienteen esku laga zuten. Han, medikuak ezin dio gaixoari esan 'Oraindik ez'». Hego Euskal Herrian, ordea, halako ahalik ez zaio onartzen pazienteari modu argian. «Are gehiago: zenbaitetan, pazientea bera kontziente egon arren, familiari egiten zaio jaramon. Benetako zentzugabekeriak izaten dira halakoak!», deitoratu du Marijuanek. Eta ondorioak larriak direla uste du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetako egoera ezagutzen du berak ondoen, eta kritikoa da ikusten duenarekin: «Oro har, jendea gaizki hiltzen da. Pazienteen ehuneko handi bati esaten zaio: 'Oraindik ez'».

Etorkizunerako urratsak sedazio aringarriaz —«eremu lausoegia da»— harago egin behar direla pentsatzen du EHUko irakasleak: eutanasia aipatu behar dela, suizidio lagundua. Eusko Legebiltzarrean bizitzaren amaierako arta arautzeko udan onartu zuten legea, esaterako, epelegitzat du. Bat dator Iñaki Olaizola; antropologoa da, eta pazienteen autonomia handituko duten erabakien alde ari da azken urteotan. Lege berriaren atariko hitzetan erien autonomia aitortzen bada ere, gero, «letra txikian», sendagileen hitza gailentzen dela uste du. Ondorio latzak ikusten dizkio horri: «Sedazioa ezartzen denean, askotan berandu da: medikuek nahi dutenean». Eta, oro har, pairamendu handiegia antzematen du paziente askoren azken hatserako bidean: «Euskal Herrian ondo bizi gara, eta gaizki hiltzen gara; heriotzaren kalitatea txarra da».

Zaintza aringarriak

Kezka eragiteko modukoa da Marijuanek eta Olaizolak hilurren dauden pertsona askoren heriotzako orduaz egiten duten erretratua. Iluna. Ezinegona eragiten du Alberto Melendez medikuaren solasak ere; zaintza aringarrietako profesionala da, sendabiderik ez duten pazienteei arta ematen diharduten horietakoa, eta hilurren dauden eriak izaten dira horietako asko. Chamorroren kasua baloratu aurretik informazioa beharko lukeela azaldu du: «Zein motatako zaintza aringarriak jaso ditu emakumezko horrek?».

Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sisteman badira hutsuneak arta horietan. Ukaezinak: «Zorte kontua da zaintza aringarri onak dituen toki batean egotea». Eta zerbitzu horiek «homogeneo» egin behar direla ohartarazi gabe, ez zaio egoki iruditzen eutanasiaz edo suizidio lagunduaz mintzatzea. «Debate soziala hor dago, eta, gizarte gisa, erantzun egin behar zaio horri; baina ikusi behar dugu, era berean, ea pazienteen arta guztiak bermatuta dauden; ea oinazea, larrimina eta gainerako sintomak tratatu diren». AEAren kasuan, bereziki, arta oso handia behar izaten dela zehaztu du.

Halako prozesuetan sedazio aringarria jartzeko erabakia, ahal dela, pazienteekin «erabat» partekatu behar dela uste du Melendezek: «Eta gaixoaren onespena bilatu behar da, gainera, osasun egoera bere larrienera iritsi aurretik». Sintomak arintzeko beste biderik ez bada sedazio aringarria eman behar dela ohartarazi du: «Emakume honek oinaze eta neke izugarriak baditu —eta horiek dira AEAren sintomak— horiek kentzera egin behar da, eta, ezin badira kendu, sedazioa aukera bat da», azaldu du. «Sedazioa erabili egin behar da, eta behar denean ez erabiltzea praxis txarra da». Baina argi du medikuaren indikazio bat dela; ahal den guztietan eriarekin partekatutakoa, baina medikuak ebatzitakoa. Eta Chamorrorenaren gisako kasuak urriak direla uste du.

Hala ere, Olaizolak argi du eutanasiaren eta suizidio lagunduaren aldeko aldarrian sakondu behar dela: «Pertsona bati, hil nahi badu, lagundu egin behar zaio. Zergatik zigortu borondatez hil nahi duen norbaiti hiltzen laguntzea?», itaundu du: «Zeinek esan diezazuke noiz hil behar duzun? Zein indarrekin? Nondik datorkio indar hori?». Bidean osasuneko profesionalen trebakuntza hobetzea giltzarri dela oroitarazi du Marijuanek: «Elektro bat irakurtzen edo dosi bat ebazten jakin behar den bezala, jakin behar da gaixoak informatzen. Eta legeak jakin behar dira; izugarria da lege askoren inguruan dagoen ezagutza falta».

BERRIAn argitaratua (2017/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA