astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

iritzia

(Hiru)hilerokoa

Onintza Enbeita

(Hiru)hilerokoa Onintza Enbeita

Zorionekoak gu: iritsi da gure farmazietara urtean lau aldiz bakarrik obulatzen lagunduko digun pilula. Telebistan ere esan dute: emakumeoi bizitza erraztuko digu hilerokoa hiru hilabetean behin izateak. Kazetariak hitz egin duen bitartean hainbat neska agertu dira kirol arropak jantzita, baina ez dute ezer esan asmakuntzari buruz. Ginekologo batek hitz egin du, eta gure osasunean ez duela eragingo ziurtatu du. Berriro ere frogatu dut mundua oso erratua dagoela: emakumeoi bizitza errazteko egin behar dena da hilerokoaren izatea onartzea.

Hamaika urte nituenetik gorritzen ditut kuleroak: ez naiz inoiz horregatik zikin sentitu. Ez ditut egundo jasan lainoek ze usain duten galdetu didaten iragarkiak. Gure odolak usain txarra duela iradokitzen dute, eta oker daude: ustez, gure kiratsa neutralizateko saltzen dizkiguzuen trapuak dira gure hanka bitartean usain txarra hartzen dutenak. Hilerokoari izenetik deitu dakiokeenik ere zalantzan jarri digute: Txanogorritxu, bisitariak... alua esateko hitz gutxi daude euskaraz, baina hilerokoa ez esateko asmatu ditugu batzuk. Esnea galtzen omen da halako egunetan ukitzen baduzu. Benetan, nahiago nuke botere hori banu: ez nuke, hain justu, esnea galtzeko bakarrik erabiliko.

Orain, gainera, enpresa farmazeutikoek mesede bat egin digute lasai kirola egin dezagun edo oporretara maleta txikiagoarekin joan gaitezen. Hilerokoa ia-ia ezabatu egin digute. Zer nahi duzue, poztea? Hamaika urte nituenetik joan naiz hondartzara, bertsotara, Diputatuen Kongresura, parrandara, ohera eta edonora kuleroetan odola nuela, eta zer? Benetan mesede bat egin nahi badiguzue, usain ezazue gure hilerokoa, hartu arnasa lasai, eta onar gaitzazue odol eta guzti. Nahiago nuke, gure odolarekiko sentitzen duzuen nazka hori, hiltzen gaituen sistemarekiko sentituko bazenute.

BERRIAn argitaratua (2016/12/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA