astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

mundua

Bake miserablea

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Bake miserablea

Bakarrik zegoen. Senarra soroan zuela iritsi zen kamioi bat, poliziaz, soldaduz eta segurtasun guardiaz beteta. Dozena bat gizon sartu zitzaizkion etxera. Umeentzat prestatu zuen afaria jan zuten, ezer baino lehen. Margarita Caalek denbora asko behar izan zuen arratsalde hartako gertaerez hitz egiteko, Lote Ochoko beste hamar emakumek bezala. Elkarren artean hitz egiteko ere ez zuten adorerik. Gizon haiek etxetik bota zituzten, herrixka osoko lurrak Hudbay Mineral Inc. Kanadako enpresarenak zirela esan ondoren. Bortxatu egin zuten Caal, gizon batek bestearen atzetik, eta, amaitu zutenean, etxetik aterarazi, eta su eman zioten zeukan apurrari. Hori ez zen gertatu gerra zibilak iraun bitartean (1960-1996). 2007ko gertaerak dira.

Bere alabak kafea ateratzen duen bitartean, New York Times-eko kazetariari mintzatu zaio Caal. Eskuei begiratu eta honelaxe dio: «Beldurra dut oraindik. Beldurrez bizi naiz». Auzitegietan dago Lote Ochoko emakumeen kasua, baina ez Guatemalan, Kanadan baizik, emakumeok bai baitakite, beste emakume eta herritar askorengandik, esperantza apurra Kanadatik etor lekiekeela, ez Guatemalatik, inpunitatea egunerokoa baita oraindik ere haien herrian, bakea duela hogei urte sinatuta ere. Aberatsen herri txiroa da Guatemala, gerra egiteari utzi ez dioten politikari, enpresari, jauntxo eta militarren paradisua.

Caalek dioena itzultzen ari da bere alaba, amak kektxieraz soilik hitz egiten baitu. Ez da fio epaiketak nondik joko ote duen, baina esan diote ona dela kazetaria han egotea, ondo datorrela kasua atzerrian ezagutaraztea. Baina beldur da min handia ez ote dioten egingo, kasua salatzeagatik eta ezagutarazteagatik. Izutzeko modukoa bada. Miguel Itzep Herri Indigenen Behatokiko presidenteak eman ditu datuak: 2000tik, ofizialki 4.485 eraso izan dira komunitateetan, enpresarien guardien eskutik. Proiektu hidroelektrikoek eta meatzeen ustiaketa basatiak herrialdeko paisaia aldatu dute azken bi hamarkadetan. Beren lurretatik aterarazi, eta miseria eta zitalkeria besterik ez diete eman. Lote Ochoko segurtasunaren arduraduna Mynor Padilla armadako koronel erretiratua da, eta auzibidean da beste kasu batengatik: hain justu, 1980ko hamarkadan, gerra zibila bete-betean zela, hainbat emakume indigena bortxatzeagatik eta esklabo hartzeagatik.

Sexu esklabotza

Esklabotza sexualagatik aurten eman dute lehen zigorra. Joan den otsailean, 120 eta 240 urte arteko zigorra jarri zien epaileak Esteelmer Reyes Giron koronel ohiari eta Heriberto Vadez Asij teniente ohiari, hamabi emakume esklabo hartu, bortxatu, eta haietako batzuk hil eta desagerrarazteagatik. Kektxiak ziren haiek ere.

Sepur Zarcon gertatutakoa historikotzat jo zuten giza eskubideen aldeko elkarteek. Miguel Itzep haiek laguntzen ibili zen prozesu osoan, eta, «bakea egonkortzen hasteko, ezinbestekoa» izan da, haren ustez. «Bakeak aurrera egingo badu, justizia behar da. Bestela, gertatzen ari dena gertatuko da. Atzo hiltzaile eta bortxatzaile zirenak dira gaurko bortxatzaileak eta hiltzaileak».

Gaurko egunez, 1996an, Guatemalak bakea sinatu zuen. Gizarteak ez zuen besterik desio, justiziak bere lana egin zezala, eta diskriminazioari amaiera jar ziezaiotela, baina bake akordioa ez da aukera bat izan; bereziki, komunitate indigenentzat. Inpunitatea ia da erabatekoa —2011n hasi ziren etortzen lehen kondenak, eta tantaz tanta—, eta, gainera, herritar otzan bilakatu ditu gerraren estrategian oinarritzen den sistemak.

Guatemala herrialde militarizatua da oraindik ere. Legeak aginte berezia ematen dio, berez, herritarren segurtasuna zaintzeko eta trafikatzaileen taldeak eta delitugileak geldiarazteko, baina ustelkerian errotutako gizarte baten zaindaria da: Guatemala oligarkiaren esku egon da beti, eta indigenak (%60) izan dira bereziki diskriminatuak.

250.000 biktima

Gerrako 36 urteetan, 200.000 pertsona hil eta 45.000 deagerrarazi zituzten. 1954an, Gerra Hotz bete-betean, Jacobo Arbenzen gobernuari estatu kolpea eman zioten militarrek, CIAk babestuta. Herritarrak gosez zeuden, eta zapalduta, eta matxinatu egin ziren: borroka armatua 1960ko azaroaren 13an hasi zen. 1962an sortu ziren FAR Indar Armatu Errebeldeak, MR13 Azaroaren 13ko Mugimendu Iraultzaileak, PGT Guatemalako Langileen Alderdiak eta Apirilaren 12 ikasleen mugimenduak egindako aliantzari esker. 1966an, armadak, AEBetako militarrek aholkatuta, lehen kanpaina egin zuen gerrillarrien kontra: 8.000 hildako eragin zituen, gehienak zibilak, baina gerrilla haziz joan zen. 1970eko hamarkadan, EGP Pobreen Armada Gerrillaria eta ORPA Herria Armetan Erakundea sortu ziren.

Gerrilla bakoitzak eremu jakin bat izan zuen. Mugimendu gerrillariak, unerik onenean (1978-1980), 6.000 eta 8.000 kide artean izan zituen, eta milioi erdi bat jarraitzaile. 1982. urtean, berriz, gerrilla taldeek bat egin zuten URNG Guatemalako Iraultza Nazionalaren Batasunean. Baina armadak atsedenik gabe ekin zion, eta ordurako jota zegoen mugimendua: ez zen gai landa eremuko herritarrak babesteko. Haiek bilakatu ziren militarren helburu. 1980ko hamarkadan izan zen gerraren gogorrena. Herriak eta herriak kiskali zituzten, eta milaka lagun desagerrarazi eta hil.

1982an, lehen saiakera egin zuen Efrain Jose Rios Montt jeneralaren gobernuak gatazkari irtenbidea emateko, baina gerrillak ez zuen onartu —Rios Montt, gerrako protagonistarik bortitzenena, azkenean zigorrik gabe hilko da—. 1987an Erdialdeko Amerikako presidenteak saiatu ziren, eta 1991n Guatemalako Gobernuak erabaki zuen negoziazio mahaian esertzea. Orduan hasi zen Nazio Batuen Erakundea bideak jartzen. Azkenean, bost urte negoziatzen aritu ondoren, 1996ko abenduaren 29an sinatu zuten. Bakea, ordea, ez da sinatzen den zerbait. Galde diezaiotela, bestela, Margarita Caali.

BERRIAn argitaratua (2016/12/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA