astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

kultura

Iraultza, kanpoan nola barnean

Julen Aperribai

Iraultza, kanpoan nola barnean

Kazetari lanari zor dio Amaia Lasak (Getaria, Gipuzkoa, 1948), hein handi batean, inguruko eta ez hain inguruko errealitatearen eta gai sozialen ezagutza. Hala jardun zuen Zeruko Argia-n, Egin-en Euskaldunon Egunkaria-n eta beste zenbait hedabidetan urte luzez. 1960ko hamarkadan hasi zen lan horretan, eta 70eko hamarkadan hartu zuen kontzientzia feminista, berdintasunaren aldeko Euskal Herritik kanpoko joerek aurretik ere bazuten askatasun grinarekin bat egitean. Emozionalki eragin zuen harengan mugimenduak, intelektualki bainoago: «Nolabait, mugimendu horrek neure barruko zerbait ukitu zuen, eta nire inguruan gertatzen ari ziren bazterketa batzuk ulertzen lagundu zidan». Eraldaketa soziala helburutzat jartzera eraman du, besteak beste, kontzientzia hartze horrek —«berdintasunean bizi nahi bada pertsona, sozietate berriak hezi, sortzea da geratzen zaigun aukera bakarra»—, baina urteetako borrokaren ondorio diren emaitzak baloratzen ere badaki. Bere kazetari ibilbidean idatzitako artikuluek islatzen dute Lasak mugimendu feministarekin eta bestelako gai sozialekin duen engaiamendua. Artikulu horietako batzuk bildu ditu Zortziko argitaletxeak kaleratu duen Barne iraultzen loraldia liburuan, idazle eta kazetariaren gogoetei lekua emanez.

«Gogoa nuen artikuluen aukeraketa bat egin eta argitaratzeko. Aspalditik nuen ideia hori buruan», azaldu du Lasak. Hemerotekan bilaketa lan mardula egin behar izan du horretarako, bere lanaren ahalik eta ikuspegi zabalena izateko. Amagoia Mujika BERRIAko kazetariak arindu dio eginbehar hori. Garaia eta testuingurua aldatzen da liburuko artikulu horietako batetik bestera. Gaurkotasunari eusten diote, hala ere, horietako askok; «zoritxarrez, gehienek», Lasaren arabera: «Emakumea eta lanarena, adibidez, aspaldi idatzi nuen, baina, gaur egun ere, emakumeek pairatzen dute gehien langabezia». Testuak zer egunetan argitaratu ziren ezabatu du, eta, hala, irakurlearen esku utzi du noiz atera ziren argitzea.

80 orrialdera ez da iristen lana, eta barruan dituen hausnarketa ale gehienak orrialde bakarrekoak dira. Formatuarena, hautu kontziente bat baino gehiago, «neurri kontua» izan da, bere garaian artikulu horiek publikatu zituzten egunkari eta astekarien baldintza. Hala izanik ere, irakurketa erraztu ez ezik, gai askori ertz askotatik heltzeko aukera ere izan du autoreak. Hortaz, aipatzen da esklabotza, Haitiko kasua adibidetzat hartuta, egiten da Afrikako haurren lan esplotazioaren aipamena, eta baita Angela Davisena ere, zeina erreferente den zapalkuntza desberdinak borroka berean lotzeagatik. Halaxe da Lasarentzat ere, eta kontziente da borroka batean zapaldua dena zapaltzaile izan daitekeela beste borroka batean, pribilegioak direla medio: «Zapalkuntza desberdinak nola gurutzatzen diren erakusten du. Erne egon behar dugu. Kontraesanak denok ditugu, baina kontraesanetan norberak bere buruarekin kritiko izaten saiatu behar du». Azken urteetan, bada, Euskal Herrian Davisen lanari aitortza egin zaiola uste du, izan hark emandako hitzaldiekin, izan hark argitaratutako liburuen euskarazko itzulpenekin.

Betaurreko moreak jantzita

«Norberak bere burua aztertu behar du». Iraultza kanpoan bezala norbere barnean egin behar dela uste du Lasak, eta, pertsonak subjektu politikoak diren heinean, haien arteko harremanek eraikiko dutela gizarte bat ala bestea. Hala etorriko da, haren iritziz, benetako eraldaketa soziala. Orain arte ikasitakoa zalantzan jarri eta galderak egitea beharrezko ikusten du hori lortzeko: «Ez da nahikoa emakumea izan eta boterea hartzea, egin baitezake emakumeak gizonak egiten duen bezala, hau da, sistema patriarkala mantenduz eta indartuz». Alta, aipatzen duen sistema patriarkalak utzitako ajea handia delakoan dago Lasa, eta, horri aurre egiteko, beharrezkotzat jo du gogoeta egitea; harremanetan, adibidez: «Independenteak izan nahi dugu, baina babesle baten bila aritzen gara beti. Gure kontraesan bat da hori, eta garrantzitsua da horren inguruko hausnarketa egitea».

Borroka berak fase desberdinak ditu, eta feminismoak ere hala izan ditu Lasarentzat; «garaian garaikoa», dio. Mugimendu feminista indartsu ikusten du Euskal Herrian, eta haren eraginpean «sentsibilizazio bat» sortzen ari delakoan dago. Ikuspuntu feminista bizitzako alor askotara eramateko modua eman du horrek, Lasaren ustez, baina baita lehen azaleratzen ez ziren gaiak mahai gainean jartzeko ere: «Orain gutxi irakurri dut liburu bat, Susak argitaratutakoa, borroka armatuan aritu ziren emakumeen inguruan [Borroka armatua eta kartzelak, Zuriñe Rodriguez eta Oihana Etxebarrieta]. Guk ez genituen jorratzen horrelako gaiak». Alde horretatik, gauzak aldatzen ari direla nabari du, eta argi du horrek bere aitorpena merezi duela: «Ez dugu esango ezer ez dela aldatu. Borroka bakoitzak bere emaitzak izaten ditu. Gauzak irabazi dira, baina galdu ere bai». Eta lehendik hona berdin daudenak ere badira, hark dioenez: «Feministok beti izan gara gaizki ikusiak, eta gaur egun ere bai: emakume zatarrak eta izaera garratzekoak omen gara».

BERRIAn argitaratua (2016/12/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA