astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

iritzia

Kapritxo bat

BERRIAko langile batzordea

Kapritxo bat

Irudi luke kapritxoa dela hau guztia, eta negarrez ari garela kapritxotarako diru iturria estutu digutelako. Ez dugu lantua jotzeko asmorik, eta ez dugu uste kapritxotan ari garenik. Argi esan nahi dugu, eta minez, gure eguneroko lanaren aitortzarik ez dugula sentitzen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak banatu dituen diru laguntzetan. Baina ez gatoz negar egitera, aurrera egiteko kemen betez gaudelako. Sinetsita gaudelako hau guztia, eguneroko mirari txiki hau, ez dela kapritxo bat.

Kapritxoa litzateke, ez bagenio zerbitzu bat eskainiko Euskal Herriari: bertako eta munduko berri ez bagenie euskal herritarrei euskaraz eskainiko. Kapritxoa, ez bagenu euskal kultura ikusgarri egiteko biderik jarriko. Kapritxoa, euskara biziberritzeko bidean funtsezko rolik ez bagenu.

Kapritxoa dela pentsatuko genuke, gure jardunak geuretzat bakarrik balio duela ikusiko bagenu. Estilo liburu bat geure kolkorako bakarrik egingo bagenu, zerbitzu bihurtu gabe; geure testuak ez bagenitu musu truk sarean jarriko, eta horrekin Interneteko euskarazko produkzioa nabarmen handituko; kapritxoa, geure eguneroko sorkuntza ez bagenu bateko eta besteko corpusetara bideratuko, horiek oinarri hartuta euskarazko hiztegi gero eta osatuagoak egiteko. Kapritxoa, euskaraz ikasteko erronka hasi dutenen bidaide ez bagina, inguru hurbilean aukerarik ez dutenei euskarazko mundurako atea irekiko ez bagenie.

Kapritxoa, hau dena geure kapritxoa dela sentituko genuke, ez bagenu milaka lagunen babesa alboan sumatuko. Laguntasuna agertzen digutenena, beren soldataren, pentsioaren edo pagaren zati bat gure alde jarrita; kioskora joan, eta erdarazko basoan euskarazko egunerokoa besapean hartzen dutenena; gure banatzaileari etxeko atea irekitzen diotenena, eta kafesnearen alboan gosaritan hartzen gaituztenena; laguntza eske gauden tokian begi keinuz Animo esaten digutenena. Geure kapritxoa litzateke, horiek denak alboan sentituko ez bagenitu.

Kapritxoa litzateke, hutsala, gure eguneroko jarduna geuregan urtuko balitz. Sarerik ez balu, txioen sarean gurea ez balitz euskarazko txori jarraituenetan bigarrena, harenak ez balira gehien partekatutako txioak. Kapritxoa, luma finenen kolaboraziorik ez bagenu. Eta kapritxoa, etxeko zokoan itxita bageunde, euskal kirolarien balentriak bertatik bertara kontatu gabe, buruzagi historikoen heriotzaren berri tokitik bertatik eman gabe, bake bidea hartu duten lekuetako zuzeneko testigantzarik jaso gabe.

Ez da kapritxoa. Gure egitekoa da. Ofizioa.

Eta sinetsiko genuke ez gaituztela kapritxotzat hartzen, ikusiko bagenu benetako aitortza daukagula erakundeen aldetik. Ez bagintuzte inoiz baino laguntza eskasagoetan utziko, euskaraz ari garenoi ehun iragarkitik hiru baino kopuru duinagoa emango baligute. Aintzat hartuak sentituko ginateke, herrialdeko batez besteko soldata baino %30 txikiagoa daukagun honetan, babesa are gehiago eskastu izan ez baligute.

Ez da kapritxoa. Bizi nahia da.

Penaz diogu, jakin badakigulako babes instituzional handiagoarekin oraingoa baino are egunkari hobea egiteko gai ginatekeela. Baina aurrera egiteko kemen betez gaude. Sinetsita gaudelako euskara biziberritzeko egiten ari garen ekarpena ez dela kapritxo bat.

BERRIAn argitaratua (2016/12/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA