astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

kirola

MIKEL MERINO

«Txanponaren beste aldea ari naiz bizitzen orain»

Eñaut Agirrebengoa

«Txanponaren beste aldea ari naiz bizitzen orain»

Azkar, oso azkar iritsi zaio Mikel Merinori (Iruñea, 1996) futbolaren elitea ezagutzeko aukera. 20 urte eskasekin, Alemania aldera joan zen, joan den udan, Borussia Dortmunden eskaintza onartuta. Alabaina, hasierako abentura ez da ari izaten uste bezain gozoa, orain arte albo batera utzi baitu Thomas Tuchel teknikariak. Hala, neguko merkatuari begira, bere izena bolo-bolo dabil; batik bat Iruñe aldean. Merinoren itzulera lehentasuntzat dauka Osasunak. Erdilari gazteak, ordea, nahiago du gai horri buruz ez hitz egin: «Oraintxe Borussia Dortmunden soilik daukat burua».

Badaramatzazu hilabete batzuk Alemanian. Ondo egokitu zara hango bizitzara?

Bai, denborak aurrera egin ahala, geroz eta erosoago sentitzen ari naiz. Kluba eta taldekideak oso abegitsuak dira. Hasieratik hartu naute taldekotzat. Gainera, Dortmundeko bizimodura egokitzen lagundu didate. Erraza izan da integratzea.

Nolanahi, 20 urterekin, ez da erraza izango familiarengandik eta lagunengandik urrun egotea, ezta?

Ez, ez da erraza. Bizitza osoa zure hirian eta zure ingurukoekin igaro ondotik, kosta egiten da urrats hori egitea. Horretaz aparte, hizkuntza aldaketa ere kontuan hartu behar da, eta alemana ez da batere erraza ikasten. Dena den, pozik nago hartutako erabakiarekin. Ondo moldatu naiz egoera berrira.

Alemanarekin, hortaz, komeriak?

Futbolaren munduko hiztegia, bederen, nahiko ondo ikasi dut. Hori da, azken batean, nire lanerako behar dudana. Gero, kalean, badut hitz egiteko gaitasuna, baina oso zaila dela aitortu beharra daukat. Oraindik ez dut menderatzen nahiko nukeen bezala.

Taldekideekin zein hizkuntzatan solastatzen zara?

Hizkuntza pila bat hitz egiten da aldagelan. Espainieraz mintzatzen diren zazpi bat badira, eta haiekin, noski, espainieraz hitz egiten dut. Eta besteekin, bada, denetarik: adibidez, frantziarrekin frantsesez moldatzen naiz; alemaniarren kasuan, batzuekin ingelesez eta beste batzuekin alemanez solastatzen naiz. Lau hizkuntza horiek menderatzea tokatzen zait.

Kanpotik begiratuta, talde handia eta erakargarria da Borussia Dortmund, baina nolakoa da barrutik?

Kanpotik handia dirudi, eta barrutik are handiagoa da. Historia, estiloa eta zaleak kontuan hartuta, dimentsio ikaragarria du. Sekulakoa da klub honen parte izatea. Oso pozik nago.

Mundu osoko jokalariak ditu Borussia Dormundek: Reus, Goetze, Aubameyang... Nolakoa da izar horiekin batera lan egitea?

Oso gertuko jendea da. Mundu osoko izarrak izanagatik, pertsona umilak dira. Horrek asko errazten du jokalari berrien egokitzapena. Gainera, gozamena da eurekin entrenatzea, ondo egiten baitute ia guztia. Asko ikasten da euren alboan arituta.

Osasunarekin konparatuta, bi taldeen arteko aldea ez da edonolakoa izango, ezta?

Klub desberdinak dira. Ez bakarrik batak eta besteak duten mailagatik; izaeragatik ere bai. Borussia Dortmunden, Alemaniako kluba den heinean, dena oso neurtuta dago. Anabasarik ez da onartzen. Klub oso serioa da. Nire ustez, hori Alemaniako mentalitatearekin dago loturik.

Antzekotasun bat, dena den, badute: biek egiten dute apustu gazteen alde.

Bai. Osasunan beti eman zaio garrantzi handia harrobiari. Filosofia oso emankorra da. Eta Borussia Dortmunden ere pisu handia dute gazteek. Jokalari batzuk 18 urtez azpikoak dira. Gazteen alde apustu egitea beti da bermea etorkizunerako. Eta, era berean, uste dut ekintza ausarta dela.

2012-2013ko denboraldian Osasunaren gazte mailako taldera iritsi zinen, eta, bost denboraldi geroago, Europako talde indartsuenetako batean zaude. Oso azkar gertatu zaizu dena.

Azkarra eta bizitasun handikoa izan da prozesua. Orainak agintzen du futbolean, eta sarri ez zara ohartzen gertatzen ari zaizunaz. Digeritzeko denborarik ere ia ez da izaten. Baina kanpotik begiratuta, uste dut ikusgarria dela izan dudan bilakaera. Oso harro nago lortutakoaz. Oinarrian lana dago, eta gertukoengandik jasotako babesa.

Erraza da hazkunde hori kudeatzea?

Niretzat beti izan da erraza edozein motatako egoerak kudeatzea. Futbolari profesional bilakatzeak, ospea edukitzeak... ez didate gainezka egin. Hori nire gurasoengandik jasotako heziketari zor diot. Burua behar den lekuan daukat, eta espero dut hori inoiz ere ez aldatzea.

Espainiako Bigarren Mailatik Bundesligara egin duzu jauzi. Diferentzia handia sumatu duzu bat-batean?

Alemaniako ligan, atletak dira jokalariak. Azkarrak eta indartsuak dira, eta, horrez gain, teknika kontuan hartuta ere onak dira. Taldeak trinkoagoak dira, eta erritmoa biziagoa da. Aldea, beraz, badago. Nolanahi ere, uste dut ondo egokitu naizela. Lehiakor dakusat neure burua.

Hala ere, oso gutxi jokatu duzu orain arte. Gehiago jokatzea espero zenuen?

Leku berri batera iristen zarenean, beti daukazu dena ondo aterako den esperantza edo ilusio hori. Iritsi nintzenean nire aukerak izatea espero nuen, nahiz eta garbi neukan talde handi batera nentorrela eta lehia handia izango zela. Azkenean, pare bat partida osorik jokatzea lortu dut. Pozik nago horrekin, eta batez ere entrenamenduetan ikasten ari naizen guztiarekin.

Osasunan dena jokatuta iritsi zinen Borussia Dortmundera. Ez zen erraza izango egoera berrira egokitzea, ezta?

Hala da. Osasunan jokalari garrantzitsu sentitzen nintzen, eta orain txanponaren beste aldea ari naiz bizitzen. Baina egoera guztietara daukat moldatu beharra. Ez dago beste biderik aurrera egiteko.

Halaber, nabarmentzekoa da jokatu dituzun partida gutxi horietan erdiko atzelari gisa jokatu duzula, zure postu naturaletik kanpo. Hori bai ez zenuela esperoko, ezta?

Hala da. Niretzat guztiz berria den postu batean ari naiz jokatzen. Baina pozik nago, horrek jokalari osoagoa izatea ahalbidetzen baitit. Beti da ona postu askotan aritzeko ahalmena izatea. Erosoen euskarri gisa sentitzen naiz, beti hor jokatu izan dudalako, baina gero eta egokituago nago postu berrira.

Damutu zara inoiz harturiko erabakiaz?

Inondik inora ere ez. Munduko talde onenetako batean nago; ezin naiz kexatu.

Borussia Dortmunden oraindik protagonismoa izan dezakezula uste duzu, edo irtenbiderik onena beste talderen batera utzita joatea izango da?

Ez dakit zehazki, ez bainaiz ni erabaki hori hartu behar duena. Teknikariari dagokio hori deliberatzea. Aurki irekiko da neguko merkatua, eta ez dakit zer gerta daitekeen. Ni lasai nago, pozik baitago Dortmunden. Asko ari naiz hazten futbolari legez. Horixe da nahi dudana: garatzea eta hobetzea. Gerta dadila gertatu behar duena.

Osasunako zuzendaritzarentzat lehentasunezkoa da zure itzulera. Zer iruditzen zaizu?

Laudorio gisa hartzen dut. Horrek esan nahi du eurentzat jokalari garrantzitsua izan naizela eta egun duten egoera aldatzen lagun dezakedala. Beti sentiarazten zaitu ongi norbaitek fitxatu nahi izateak.

Begi onez ikusiko zenuke Osasunara itzultzea?

Oraindik ez dut halakorik planteatu. Edozer gauza gerta daiteke. Beraz, nahiago dut egunez egun joatea. Lehen gauza klubekin hitz egitea da, eta gero hartuko dugu erabakia. Ez dut denbora galdu nahi hipotesiekin. Oraintxe Dortmunden pentsatzen dut soilik.

Taldearekin hitz egin duzu gaiaz?

Justu oraintxe bukatu da ligako lehen itzulia, eta ez dut gauza horiez hitz egiteko denborarik izan oraindik. Kirol arloan egon naiz zentraturik orain arte. Behin merkatua irekita, asmoren bat badute, uste dut jakinaraziko didatela.

Bertan ez baduzu aukerarik edukiko, agian onena beste nonbaitera joatea izango da...

Oso ondo pentsatu behar da dena. Leku batean irabazten duzuna, agian beste leku batean ez duzu irabazten. Aukera guztiek dituzte beren alde onak eta txarrak. Erabakia hartzeko tenorea iristean, ikusiko da zer deliberatzen dudan.

BERRIAn argitaratua (2016/12/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA