astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

politika

Gordeta, eta ondo gordeta

Jokin Sagarzazu

Gordeta, eta ondo gordeta

Lotuta utzi omen zituen Francok bera hil ondoren egin beharrekoak. Eta gordeta agintean egon zen garaiko hainbat kontu. Egun indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea, esaterako, 1978ko Konstituzioa onartu baino aste gutxi batzuk lehenago idatzi zuten diktadurako agintariek, eta, funtsean, 1968ko lege bera da, aldaketa txiki batzuekin —testuan, Mugimenduaren Batzorde Nazional frankista aipatzen da oraindik, estatuko egitura instituzional gisa—.

Berrogeita hamar urte. Epe hori ezartzen du Espainiako Estatuak gai sekretu eta erreserbatu gisa klasifikatu dituen dokumentuak ikusi ahal izateko. EAJk legea aldatzeko proposamen bat egin du, eta tramitatu egingo dute Espainiako Gorteetan. Jeltzaleek proposatu bezala onartuko balitz, aukera egongo litzateke gutxienez 1981-1982 urteetatik atzeragoko dokumentuak desklasifikatzeko; eta euskal gatazkaren kasuan, argitzeko, esaterako, 1970. hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran Estatuak erabili zuen gerra zikinarekin loturiko hainbat auzi, eta baita beste gai garrantzitsu asko ere: ekonomikoak edota nazioarteko harremanekin loturikoak, besteak beste.

Jeltzaleek proposatu dute 25 urtera jaistea desklasifikatzeko epea—beste hamar urteko luzapena ezarri ahalko luke Ministroen Kontseiluak—. Txosten erreserbatuen kasuan, 10 urteko muga proposatu du. Egitasmo horren arabera, epe horiek atzera eragina izango lukete indarrean sartzerakoan; alegia, duela 25 urtetik gorako dokumentu guztiak libre geratu beharko lirateke automatikoki —1991-1992tik atzerakoak—, baldin eta Ministroen Kontseiluak beste hamar urteko epea ezarriko ez balie artxibo batzuei. Aurrera begira, berriz, Espainiako Gorteetako hautetsi guztiek eskatu ahal izango lukete informazioa gobernuak erreserbatu eta sekretu gisa klasifikatutako dokumentuei buruz.

Orain, proposamen horren gainean zuzenketak egiteko aukera izango dute taldeek. Kongresuko bozketan, PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren. PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta blokeatu egin dezake egitasmoa. Nolanahi den, legea aldatzeko borondatea agertu du gobernuak. Aurrez legea aldatzeko egin diren saio guztiek porrot egin dute; baita dokumentuak desklasifikatzeko saiatutako beste bideek ere: Memoria Historikoarekin Legearen bitartez eginikoak, esaterako.

Egungo legeak, epeez gain, zehazten du nork erabakitzen duen gai bat sekretu jotzea eta nork desklasifikatzea: horretarako esklusibitatea dute gobernuak eta armadako buruek, Estatu Nagusiaren Batzordearen bitartez. Ez beste inork. Ezta epaileek ere. Izan ere, lege horren arabera, gobernuak edota militarrek uko egi diezaiokete dokumentuak epaileen esku uzteari.

Hala gertatu zen GALen aferan, zehazkiago CESID —orduko zerbitzu sekretuen— Paperen auzian. Soilik PP gobernura iritsi zenean egin zituzten publiko eta jarri zituzten justiziaren esku agiri horietako batzuk, 1997an, GALen jarduna amaitu eta hamar urtera. Gobernuak erabaki zuen aldeek eskatutako zein dokumentu utzi eta zein ez justiziaren esku. Gutxi izan ziren, eta desklasifikazio partziala eta interesatua izan zen.

Montserrat Auzmendi legelariak sakon aztertu du sekretu ofizialen araudia. Bere ustez, «oso zehaztugabea» da egun indarrean dagoena, eta horrek bide ematen die gobernuei —«baita Eusko Jaurlaritzari ere»— artxiboak eta polizien eta zerbitzu sekretuen jarduna «nahi eran» erabiltzeko. «Gai bat, araututa ez badago, edo legea oso orokorra edo lausoa bada, askatasun handiagoa dute nahi dutena egiteko. Aldiz, legea zehatza, zorrotza, kontrolatzailea —nolabait esateagatik— denean, exekutiboek aukera gutxiago dute eremu ilunetan mugitzeko», azpimarratu du.

Espainiako legeditik zer aldatu behar den argi du Auzmendik: uste du, lehenik eta behin, armadari kendu behar zaiola gaiak klasifikatzeko eskubidea. Bestetik, nabarmendu du gai bat klasifikatzeko, «motibatuta, arrazoitua eta behar bezala dokumentatuta» egon behar duela neurriak, eta desklasifikatzeko epe jakin bat jarri behar dela. Horrekin batera, beharrezkotzat du kontrol jurisdikzionala eta parlamentarioa. Uste du, halaber, komenigarria dela artxibo horien erregistro bat sortzea. Espainiako legediak, beraz, ez du, beste estatu batzuetan ez bezala, gobernua eta armada derrigortzen dokumentuak desklasifikatzera, eta ez dago batzorde independente bat horretaz arduratzen dena.

Gainera, legeak ezarritako epea gaindituta ere, artxibo asko ezin dira eskuratu, historialariek salatu ohi duten moduan. 1936ko gerrako eta frankismo garaiko dokumentu ugarik jarraitzen dute sekretupean, 80 urte igaro arren. Jose Luis Rodriguez Zapateroren azken agintaldian, 1936-1968 urte arteko 10.000 dokumentu sekretu desklasifikatzeko saioa egin zuen gobernua; bidean galdu zen egitasmoa.

Ikerlariek salatzen dutenez, legea ez da traba bakarra. Espainiako Estatuak, bere funtzionarioen bitartez, oztopo ugari jartzen dizkiete dokumentu horiek ikusi nahi dituztenei, eta bereziki historia garaikidea ikertu nahi dutenei. «Oztopoz beteriko lasterketa bat izaten da», dio Josu Chuecak.

Epea beteta ere, sekretu

Historialariak gogora ekarri du Espainiako Konstituzioren 105. artikulua, zeinak esaten duen hiritar guztiek eskubidea dutela eskuratzeko artxibategietan dauden agiriak. Baina «ñabardura» batekin: salbu eta Estatuaren segurtasunari eta defentsari, delituen ikerketari eta pertsonen intimitateari dagozkienetan. «Salbuespen horiek nagusitzen dira eta mugatzen dituzte konstituzioan jasota dauden beste eskubide batzuk», dio Chuecak.

Espainiako Artxibo Historiko Nazionala eta Administrazioaren Artxibo Nagusia dira, agiri klasifikatuei dagokienez, dokumentazio gune nagusiak, baina ez bakarrak. «Leku askotan topa daitezke: Barne Ministerioaren fondoetan, Guardia Zibilarenean, lurralde artxibategietan...». Ez da erraza horiek ikustea.

Bi traba nagusi dituzte historialariek administrazio publikoaren artxiboak eskuratzeko: batetik, 50 urteetako epea, artxiboko klasifikatuen kasuan. Eta, bestetik, artxibozainen jarrera: kontuan hartuta artxibo horietako gehienak Estatuaren segurtasunarekin edota pertsonen intimitatearekin lotura dutela, artxibozainek ukatu egiten dute horiek ikustea. «Legeak berak dituen mugak eta legea interpretatzeko dagoen arbitrarietatea dira oztopo nagusienak», nabarmendu du Chuecak.

Eta historialari guztiekin berdin jokatzen al dute artxibozainek? «Ez. Ikusten ari gara ikerlari batzuek badutela sarbidea dokumentu horietara, baldin eta nondik datozen, zer ikertzen ari diren...». Chuecak ikusi ditu Espainian eginiko unibertsitate tesi batzuk Euskal Herriko gaiei buruz Guardia Zibilaren eta beste artxibo batzuetako agiriak erabili dituztenak eta Euskal Herriko ikerlariei ukatu egin dizkietenak. «Ni neu saiatu naiz ikerketa horietan agertzen diren dokumentu batzuk eskuratzen, eta ukatu egin dizkidate. Artxibo horiek duela 30 urtekoak dira, ez dira 50 urte pasatu, eta, hala eta guztiz ere, pertsona horiek aukera izan dute horrelako agiriak ikusteko».

Horrekin lotuta adibide bat jarri du Chuecak. Uste du Espainiako Gobernuak Gasteizen gutxi barru martxan jarriko duen Terrorismoaren Biktimen Memorialeko ikerlariek «erraztasun handiak» izango dituztela, aurretik ere izan dituztelako, eskuratzeko, adibidez, Espainiako Barne Ministerioko eta Guardia Zibilaren artxiboetako zenbait dokumentu. «Ikerlari batzuei ez zaie aplikatzen guztioi aplikatzen zaigun legea. Ikusten ari gara ez direla 50 urte pasa eta Estatuaren segurtasunari eta defentsari edo delituen ikerketari eta pertsonen intimitateari eragin diezaieketen artxiboak erabiltzen dituztela».

Ikerlariaren soslaia eta ikerketa eremua ez ezik, traba ere izan ohi da, Chuecaren arabera, artxibategiaren jabegoa. Adibidez, azaldu du nola Gipuzkoan egon diren kartzeletako agiri guztiak dauden eskuragai Gipuzkoako Artxibategi Historikoan, baina ez dela gauza bera gertatzen beste lurralde batzuetan; esaterako, Nafarroan. Iruñeko espetxea eraitsi zutenean, artxibo guztiak Nafarroako Artxibategi Nagusira eraman beharrean —aurreikusita zegoen moduan—, eraman zituzten Iruñeko kartzela berrira. Bigarren kasuan, dokumentuak ezin direla kontsultatu dio Chuecak; aurrenekoan, berriz, bai, baina legeek ezartzen dituzten mugekin.

Erre eta desagerrarazi

Eta zeintzuk dira arau horiek? Sekretu Ofizialen Legeaz gain, badaude beste batzuk ikerketak oztopatu eta mugatzen dituztenak. Adibidez, Datu Pertsonalen Babeserako Legea (1992. urtekoa). Horren bitartez artxibozain batek interpretatu dezake eskatutako informazioa ezin dela ikusi pertsona jakin baten datu biografikoak jasotzen dituelako; eta pertsona horren intimitaterako eskubidea eta ohorea urra daitezkeela argudiatuz, dokumentazio hori ukatu.

Kasu horretan, izen zerrenda batekin joan behar dute ikerlariek artxibategietara eta han dagoen funtzionarioak erabakitzen du familiarentzako datuak diren edo lan historiko orokorrago batentzako. Bigarren kasuan, «ia ezinezkoa» izaten da dokumentuak eskuratzea. «Artxibozainen esku uzten da legea aplikatzea modu zabal batean edo modu estu batean», dio Chuecak. Zabal jokatzen badute, gainera, zigor gogorrak jasotzeko arriskua izaten dute, Artxiboen Sistema arautzen duen errege dekretuak (2011) edota Gardentasun Legeak (2013) ezartzen duten moduan.

Badago beste lege bat: Ondare Historikoarena (1985). Horrek ere muga dezake —beti ere kasuan-kasu eginiko interpretazioaren arabera— ikerlarien lana. Oztopo nagusiena izaten da kontsultatu nahi diren artxiboetan azaltzea oraindik bizirik dauden pertsonen izenak edo datuak. Adibidez, 1981ean Espainiako Armadak eginiko estatu kolpearekin loturik Auzitegi Gorenak ebatzi zuen gertakari horiekin loturik dauden militarrak hil eta 25 urte geroago arte edota dokumentuak klasifikatu zirenetik 50 urte pasatu arte ezin dela informaziorik eskuratu horren inguruan.

Legediaz gain, Chuecak mahai gainera ekarri du beste fenomeno bat: artxiboen desagertzea edo espurgatzea. Hori diktaduraren ondorengo trantsizioan ohikoa izan zela azpimarratu du , eta ez du baztertzen azken urteetan ere egin izana. Ziur da hainbat tokitan dokumentu asko erre egin zirela edo «aitzakia» hori erabilita dokumentu asko behar zuten artxiboetatik kendu eta esku pribatuetan daudela egun. Adibide bat jarri du historialariak, Nafarroako Gobernu Zibilaren dokumentaziorekin lotuta. Artxiboa Nafarroako Artxibategi Nagusira eraman zuten, «teorian». Behin hara joan zen 1976ko hauteskundeei buruz zer zeukaten ikustera, eta esan zioten kalkulu orri bat baino ez zutela. «Hori ezinezkoa da», dio Chuecak. «Nik beste artxibategi batean ikusi dut horri buruzko dokumentazioa». Zer gertatu da? «Edo espurgatu dute dokumentazio hori edo beste nonbaiten jarraitzen du ondo gordeta».

BERRIAn argitaratua (2016/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA