astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

mundua

Konplexurik ez

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Konplexurik ez

Jose Maria Aznar honaino heldu da: ez du jarraituko PPren ohorezko presidente izaten, hamabi urteren ondoren, arrotza zaiolako alderdia. Gaurko PPren printzipioak lausoak iruditzen zaizkio: ez dauka ideologia definiturik. Non gelditu dira nazionalismoaren eta terrorismoaren kontrako borrokak? Non konstituzioaren defentsa? Eskuak burura eraman ditu Espainiaren banaezintasunari zirrikituak zabaltzeko arriskua ikusi dionean. Entzutea falta zitzaiona: Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iradoki berri du akats bat izan zela PSOEk eta PPk hitzarmenik egin ez izana Kataluniako erreformari buruz. Erreforma onartu izan balitz Espainia ez legokeela dagoen atakan defendatzen duen tesia indartzen du, Aznarren ustez, baieztapen horrek. FAES analisirako eta gizarte ikerketetarako fundazioaren bidez jarrera horrekiko ikuspegi kritikoa zabaldu du Aznarrek —berak zuzentzen du FAES—, eta esan PPren ideologiaren kalterako dela: «Alderdi apala da, konplexuz beterikoa, aurkariek egiten duten errelatoa barneratzeko prest dagoelako».

Asteon PPren ohorezko kargua utzi aurretik —militatzen jarraituko du, oraingoz—, FAESek, orain arte PPren ideien laborategiak, alderditik bereizteko erabakia hartu zuen joan den urrian, 25 urteren ondoren, politikoki aldentze bat dagoela argudiatuta. Karga ideologikoa handia den arren, beste arrazoirik ere badago: ez du zentzurik, ideologiarik partekatuko ez badute, alderdiak ezartzen dizkion oztopoak jasatea, enpresa pribatuen eskuetatik donazioak jasotzen dituenero. Alegia, ez du Kontuen Auzitegiaren kontrolik igaro beharko. Auzitegi horrek azken txostenean leporatu zion Iberdrola fundazioak emandako 100.000 euroko dirua ez zuela sartu zerrendan. Hemendik aurrera «askeago» izango da Aznar nahi dituenak esateko, eta, bide batez, enpresari eskuzabalen dirua jasotzeko, askatasun horretan oinarritzen den ideologia zabaltzeko.

Ez da izango kongresuan

Aznarren erabakia oparitxo bat da Rajoyrentzat: ez da joango datorren otsailean alderdiak duen kongresura —1979tik ez du bakar bat galdu. Alianza Popularraren hitzorduak izan ziren hasieran; PPrenak 1989tik aurrera—, eta, beraz, ez du mespretxuzko hitzik entzun beharko. Izan ere, Aznarrek Moncloa utzi eta egungo presidentea agertokira igo zenetik, edozein aitzakiak balio izan dio haren kontra egiteko. Hasieran, modu sotilean; azkenaldian, zalapartatsu, nahiz eta berak aukeratu zuen Rajoy ordezka zezan. Bere memorien liburuetako batean esan zuen zergatia: Rodrigo Ratok bi aldiz eman zion ezezkoa presidentegai izateko eskaintzari. 2003ko abuztuan filtratu zuen Aznarrek Rajoyk ordezkatuko zuela. Hasieratik erakutsi zuen harekiko mesfidantza, baina bera baino hobeto egingo duen inor ez dagoela pentsatzen duten horietakoa ere bada Aznar.

2008an, berriz, ezin izan zuen gehiago ezkutatu gatzik gabeko presidentegaiaren jarrera. Harro sartu zen kongresuan Aznar, PPko militanteen txalo zaparrada jasotzen zuen bitartean. Angel Acebes besarkatu zuen gogotsu —Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera euskal herritarren eskubideak babesteko operazioa izan zela esan zuen Barne Ministro hura—, eta Rajoyrengana hurbiltzean, eskua eman zion, hotz, eta aurrera jarraitu zuen. Esperanza Aguirre buru zuen guardia zaharrak mespretxatu zuen orduan Rajoy. 2013an, berriz, Aznarrek esan zuen ez zuela proiektu politiko argirik ikusten, eta gogoeta egiten ari zela lehen lerrora itzultzeko.

2015eko PPren konbentzioa izan zen beste une gogoangarri bat, hau galdetu baitzuen, sarkasmoz: «Non dago PP? Hauteskundeak irabazteko asmoa al du?». Eta aurten, berriz, PPk lider berriak behar dituela esan zuen, Vargas Llosa idazlearen omenez egindako ekitaldi publikoan. Argazkirako zain zeudela iritsi zen Aznar. Rajoyren aurretik agurtu gabe igaro, eta harengandik ahalik eta urrunen jarri zen.

Bazen garai bat, Rajoy ia-ia sutan jarri zuena. Baina, orain, Aznarren umekeriak balira bezala hartzen ditu irainak. Ez dio loa galarazten —ez dio ezerk kentzen loa—. Galdetu diote zer iruditu zaion Aznarren azken erabakia: «Bost axola», erantzun du.

Kritikak egiteaz gainera, ohitura du Aznarrek bere burua abonatzeko. Gobernuburu izan zen bi legealdietan (1996-2004) bereziki harro agertu da «desafio independentisten» kontrako lanagatik. Baina ez du lortu Rajoy kentzea, eta, gainera, guardia zaharra erabakigunetatik kanpo dago gaur egun. Zenbat aldiz jo dute hiltzat presidentea? Bozak irabazten ditu oraindik ere, ordea.

Orain, galdera da ea zein asmo dituen Aznarrek Espainiako politikan esku hartzen jarraitzeko, ez baita haren estiloa istilurik sortu gabe alde egitea. Ez du asmoen berri eman, baina FAESeko ondokoak jarri ditu hizketan, besteak beste, Cayetana Alvarez de Toledo. Trazo populistak dituen mugimendu baten beharra aldarrikatu du, zeinak batuko lituzkeen abortuaren kontrako taldeak, muturreko katolikoak, indarkeriaren biktimak eta enpresariak, besteak beste. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiaren urrezko garaiak jarri dituzte eredu. Laguna du Aznarrek, baina, gehiegizko egoa partekatzeaz harago, beste kontu bat da eredu hori martxan jartzeko pizgarririk eta eremurik baduen. Bien bitartean, konplexurik gabe hizketan jarraituko du. Horretan, zalantzarik ez.

BERRIAn argitaratua (2016/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA