astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

gizartea

JOSE LUIS MENDOZA

«Kontra ditugun talde batzuk gureganatzea espero dut»

I. Orzaiz

«Kontra ditugun talde batzuk gureganatzea espero dut»

Zalaparta handia eragin du Nafarroako hezkuntza publikoko lan eskaintzan gobernuak egindako proposamenak. Polemikaren atzean hauteskundeetako lehia ikusi du Jose Luis Mendozak, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak (Carcar, Nafarroa, 1954). Nabarmendu du UPNk berak lan eskaintzan gaztelania hutsezko postu gutxiago jarri nahi zituela.

Uzkur ibili zara legebiltzarreko agerraldian. Ez duzu borroka dialektikoan sartu nahi izan?

Ez, neurria hartu behar diot politika egiteko formatu honi. Baina egonen da horretarako denbora ere. Bilkuren aurretik pasatzen diguten gidoian, talde parlamentarioen galderak azaltzen dira, eta horien erantzunak prestatu nituen nik. Gerora ikusi dut galdera egin, bai, baina, berez, nahi dutena botatzen dutela legebiltzarkideek hemizikloan. Hori ez nuen kontuan izan.

Lan eskaintza publiko baten zirriborroak halako polemika eragin izanak harritu zaitu?

Bai. Ez da normala osoko bilkura bateko lau puntu eskaintzea gai honi bakarrik. Finean, guk aurkeztutakoa proposamen tekniko hutsa da, eta oraindik sindikatuekin eztabaidatu behar dugula esan dugu behin baino gehiagotan, baina talde parlamentario batzuentzat, antza, horrek ez du axola. Oposizioko alderdiek, batez ere, hauteskundeak gertu daudela baliatuta, kanpainari ekiteko aukera ikusi dute. Har dezagun adibide gisa UPN. Duela bederatzi hilabete hezkuntzako lan deialdi propioa egin zuen aurreko gobernuak. Eta zer eskaini zuten? Ingelesezko C1 mailako 50 lanpostu, D eredurako 30 lanpostu, eta hogei soilik gaztelania hutsean. Guk orain proposatzen duguna baino askoz gutxiago zen hori irakasle elebakarrendako.

Baina orduan ez zen kalapitarik sortu...

Ez, orduan ez ziren hainbeste kexatu. Nik ulertzen dut herritar batzuk haserre egotea. Askok urteak daramatzate oposizioak prestatzen, deialdiaren zain... Nola ez dut, bada, horien amorrua ulertuko? Baina alderdi batzuek egoera baliatu nahi izatea alarma egoera faltsu bat sortzeko, hori ez da onargarria. Espero dezagun abenduaren 20ko hauteskundeak pasatuta, Gabonetan, krisi hau konpontzea. Eta ez bakarrik Olentzeroren eraginez, baizik eta negoziazioari eta elkarrizketari esker. Orain kontra ditugun talde batzuk gureganatzea espero dut. Ez naiz UPNz edo PPz ari, noski.

Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari buruz ari zara, beraz. Nola ikusi duzu haien jarrera?

Tira, ñabardurak daude batzuen eta besteen jarreren artean. Batzuek forma arazoak aipatzen dituzte, eta nik onartu egiten ditut kritika horiek. Begi bistakoa da egoeraren kudeaketa txarra izan dela, eta hori ez dago ukatzerik. Hori azaltzeko eman dezakedan argudio bakarra premia da. Bizkor ibiltzea ezinbestekoa zen, eta nik behartu egin nuen gobernua hein batean. Kontuan izan behar da beste departamentu batean deialdi bat bi hilabetez atzeratzen bada, hori besterik ez dela: bi hilabeteko kontua. Hezkuntza Departamentuaren kasuan, berriz, deialdia bi hilabetez atzeratuz gero, urte oso bat galduko genuke, ezin baitugu halako prozesu bat abiatu ikasturtearen erdian.

LAB sindikatuak eta euskalgintzako hainbat sektorek bestelako kritikak ere egin dizkizute. Esan dute planifikazio orokor bat falta dela euskarazko hezkuntza publikoaren alde.

Bai, baina uste dut komeni zaigula esparruak desberdintzea. 2016 eta 2017rako lan deialdiak ateratzea premiazko neurri bat zen. Horrek ez du esan nahi plangintza orokorrago bat egiteari uko egiten diogunik. UPNren kudeaketak desoreka izugarria eragin du hainbat esparrutan: C1 eskakizuneko ingelesezko lanpostuak eskaini zituen, Madrilek debekatzen duela jakin arren; hutsune nabarmenak eragin zituen postu batzuetan, eta soberakinak beste askotan... Ahal dugun neurrian eta dauzkagun baliabideekin, horiek konpontzen saiatzen ari gara. Ikasturte honetan, adibidez, PAI programarekin segitzea erabaki genuen, aurretik ezarria zetorkigulako: kontratazioak eta plangintzak eginak, ikasleak matrikulatuta... Hori egun batetik bestera aldatzeak eragin handia izanen zukeen kalitatean, eta horregatik erabaki genuen 2015-2016ko ikasturtea baliatzea PAIren ebaluazioa egiteko, baina eskolak eten gabe.

D eredua Nafarroa osora zabaltzeko konpromisoa hartu zenuten itun programatikoan. Urratsak egin dituzue hori bermatzeko?

Sartu berriak gara, baina dagoeneko, ikasturte honetan bertan, eremu ez-euskalduneko hiru ikastetxetan D eredua eskaini ahal izan dugu. Dena den, eskaintza are gehiago zabaltzeko eta orain arte G edo A ereduetako ikastetxeak zirenak D eredukoak bihurtzeko, zer behar dugu? Euskarazko irakasle gehiago. Eta horrek esan nahi du irakasle erdaldun elebakar askok ez dutela tokirik izanen ikastetxe horietan. Hori guztia kontuan izan behar da, irakasle horiek ere eskubideak dituztelako. Planifikazio handia eskatzen du egoerak, eta malgutasun puntu bat beharko dugu, kasu bakoitza aztertu eta irtenbiderik onena emateko; alde batetik, hezkuntza komunitatearen beharrak eta borondatea errespetatzeko, eta, bestetik, hizkuntza eskakizunak ez betetzeagatik posturik gabe gelditu diren irakasle horiei harrera egiteko.

BERRIAn argitaratua (2015/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA