astekaria 2016/12/30
arrowItzuli

iritzia

Sehaska kanta bat

Karlos Aizpurua

Sehaska kanta bat Karlos Aizpurua

Gabon gaua gaurkoa. Afalondoko Gabon kantuekin ari garenean, Seaskako egutegiak banatzen ariko da Olentzero hamaika herritan. Zenbait hedabidetako Louhossoa-n ere bai.

Ikastoletako haurren izenek osatzen dute Seaskako egutegia. Beste egutegiren batean zeuden gorriz Txetx, Mixel, Michel, Beatrice eta Etxe izenak.

Olentzerok banatzen dituen egutegiez gain, 50.000 ale saldu ohi ditugu Seaskako gurasook. Horri esker da txikiagoa Frantziak demokratikoki eragiten digun diru ezaren zuloa. Seaskak ez baitu frantsesa ardatz; beraz, pribatu behar. Eta pribatu izaki, ezin diru publikorik jaso. Eta beraz, egutegiak saldu behar; eta zozketak antolatu; eta Herri Urrats; eta bertso-afariak; eta milaka talo. Ikastaloak gureak, ikastolak bainoago.

Lau euroan saltzen dugu egutegi bakoitza. 2017koa karioago atera zaio Seaskari. Argazkilari bati eskatu ohi zaio bere potreten artean hamabiren hautua egin dezan, gero egutegian txerta daitezen. Aurtengo fotografoak hautatu dituen potretek piztu dute eztabaidarik. Guraso batzuk mugituta atera dira argazkian eta egutegirik ez saltzea deliberatu dute.

Non dira potoak? Zeintzuk dira fotoak? Honatx: Sokoako gotorlekuan tenpesta; Prestige-ren petrolioa hondartzan; presoen erretratuak manifestaldian; «independentistak» tee-shirt-a jantzitako gazteak manifestaldian; gizon gazte bat gizonezko polizia bati joka; gizonezko arrantzaleak; gizonezko pilotariak; gizonezko dantzaria; mutiko bat Ramalah-ko hesian; gizonezko ehiztariak; gizonezko gazteen desobedientzia zibileko ekintza; Joan Paulo II. gainbehera fisiko nabarmenean.

Zenbait argazki erradikalegiak dira batzuen iritziz, eta ezin ukatuko dugu hala sentitzen dutenik. Egunerokoa, ordea, ez da pottokak eta euskal pastiza bezain gozoa. Aukeran nahiago dut Olentzero zikin, ardozale eta mutilzaharra; benetako gezurra, ez Walt Disney-rena.

Hala ere, errealitatearen argazkia txuri-beltzetik haratagokoa da egun. Ezagutu nituen borroka armatuan hasiko ziren beldurrez haurrak ikastolatik atera zituzten bi guraso. Eta ezagutu nituen etxeko ateak badaezpada gakotu gabe uzten zituztenak. Gakotu gabe, badaezpada. Orainaldian, ordea, ikastolen aurka zirenen bilobak ikastolan dabiltza, eta iheslariak aterpetzen zituen herria arma suntsiketan dabil, bakearen artisautzan. Zerbait aldatu da.

Beste batzuei Joan Paulo II.aren argazkia egin zaie mingarri. Niri ere bai, baina ez da federik niolako, Jainkoari eskerrak! Potreta ikusi nuenean pertsonaren duintasuna urratuta sentitu nuen, areago argazki oina irakurri ondoren. Beharbada edukiko du azalpenik, nire presbizia artistikoak galarazten didanik.

Deserosoen beste kontu bikoitz batek sentiarazi nau: argazkietako emakumeen presentzia eskasak eta horren karietara kexurik sumatu ez izanak. Potreten arabera Mari Domingik sukaldean jarraitzen du, Olentzerorentzat gaztainak erretzen txipli txapla pun! Eta sukaldera ez doa argazkilaririk. Edo ez du filtro ubelik. Genero ikuspegiaren artisauak ere behar ditugu.

Gaur gauean, afalondoko Gabon kantuekin ari garenean, kanta diezaiogun sehaska kanta bat gure aber(r)iaren sehaska hutsari: Hator, hator neska etxera, gaztainak ximelak jatera, Gabon gauean...

BERRIAn argitaratua (2016/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA