iritzia
PISA
Onintza Enbeita
Zaila da inor mindu barik hau esatea, baina PISA zein antzeko beste proba batzuk irakasleei egitearen aldekoa naiz. Haur eskolan hasi, eta unibertsitateko ikasketak edo goi mailako moduluetakoak amaitu arte, ikasleak urtero ebaluatzen dira hiru edo lau aldiz. Horrek nahikoa izan behar luke ondo ala gaizki doazen jakiteko. Irakasleak, ordea, ez ditu inork ebaluatzen. Eskola batean arazoak dituen irakaslea beste eskola batean kolokatzen du administrazioak. Umeak baztertzen direnean gauzak konpondu nahi dituen irakaslea bakarrik gelditzen da arriskuaren aurrean. Ikasketak amaitu zituenetik liburu bat hartu ez duen jendea ari da gure nerabeei ikastearen garrantzia esplikatzen. Ume desberdinen gurasoek haien kontura aurkitu behar izaten dituzte terapiak eta umeari laguntzeko bideak.
Hezkuntza Sailak zehazten du zer den adin bakoitzean jakin behar dena, eta zeintzuk diren jakintza hori transmititu behar duenak bete beharreko baldintzak. Halandaze, logikoa ematen du zer eta nola irakasten den ebaluatzeak, kontzeptuak nork eta noiz barneratzen dituen epaitu baino lehen.